Dickensek eskuratutako sagar lapurtuak bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa batean bildu ditu azken hilabeteetan eskuratutako Eduardo Zamakoisen, Adolfo Guiarden eta Felipe Manterolaren lanak, Patricio Etxeberria enpresariaren artxibokoak, Saul Steinbergenak eta Maria Franciska Dapenarenak.

Maria Franciska Dapena artistaren lanak, Bilboko Arte Ederren Museoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maria Franciska Dapena artistaren lanak, Bilboko Arte Ederren Museoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko otsailaren 24a
16:00
Entzun

Ezinbestean, sagarrondo baten azpian kokatu zuen Landako zaindaria koadroaren eszena Eduardo Zamakois margolari bilbotarrak. Haren lanek harrera ona izaten zuten XIX. mendearen erdialdeko Parisen, bai aretoetan, bai bildumazaleen artean, eta margolan horrek erakusten du zergatik. Testurak lantzeko artistak zuen zehaztasuna ez ezik, landa giroko pasadizo umoretsu bat irudi bakar batean biltzeko gaitasuna ere izan zuen artistak. Zaindari bat ikus daiteke koadroaren eskuinaldean, eta haren atzamar salatariak lapurretan aritzea egozten dio margolanaren ezkerraldean dagoen mutiko bati. Hark ezetz dio, ez duela ezer lapurtu, eta miatzeko nahi badu poltsikoetan, huts-hutsik baititu biak, ikusi, ikusi, ez dago ezer, eta, beraz, errugabea da, eta, noski, izan zitekeen benetan hala izatea, baldin eta txano pean ezkutatutako sagarren formek salatuko ez balute. 1867an margotu zuen artistak, eta Charles Dickens idazleari ere ez zitzaion oharkabean pasatu irudiaren umorea, 1868an bertan erosi baitzuen koadroa, New Yorken. Baina, komediarekin batera, tragedia tanta bat ere badu margolanak, erakusten baitu zein izan zitekeen Zamakoisen ibilbide artistikoaren neurria, 30 urte bete aurretik hil izan ez balitz.

Beste hainbat eskutatik pasatu ostean, Bilboko Arte Ederren Museoak iaz eskuratu zituen Zamakoisen sagarrak, eta azkenaldian bildutako beste hainbat lanekin batera jarri ditu ikusgai orain Funts berriak erakusketan. Besteak beste, Zamakoisen margolanak ez ezik, Alphonse eta Adolfo Guiard aita-semeen argazki eta margolanek ere osatzen dute bilduma, bai eta Felipe Manterola argazkilariaren lanek, Patricio Etxeberria enpresariaren argazki artxiboak, Saul Steinberg ilustratzailearen marrazki bilduma batek eta Maria Franciska Dapena margolari eta grabatzailearen artelan, plantxa eta idazki multzo oparo batek ere. Museoko bigarren solairuko lau aretotan, gune bana eskaini diote artista bakoitzari, eta sei «erakusketa txiki horiek», guztira, «erakusketa handi bat» osatzen dutela azaldu dute museoko arduradunek. Ekainaren 8ra arte egongo da zabalik.

(ID_17404071832395) Eduardo Zamacois artistak 1867an margotutako LANDAKO ZAINDARIA a
Eduardo Zamakois artistaren Landako zaindaria artelana. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Artista horien oinordekoek eta bildumagile pribatuek egindako dohaintzak dira eskuratutako funts horietako asko. Eta horren garrantzia nabarmendu du Gilermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buruak erakusketaren aurkezpenean. «Museo honek 20.000 pieza baino gehiago ditu bilduman, eta dohaintzan jasotakoak dira haietako %70 inguru». Eta herritarrek museoa propio sentitzen dutela erakusten du datu horrek, Zuaznabarren hitzetan.

Guiard sendiak ere bazuen lekua museoan aurretik ere. Adolfo Guiarden 11 margolan eta 17 marrazki zituen lehendik bildumak, eta orain dokumentuak, gutunak, 50 argazki eta 46 zirriborro gehiago lortu ditu. Museoak aurrez zituen Guiarden margolanekin eta eskuratutako lan berriekin osatu dute erakusketaren haien zatia. 2024an eskuratutako Adolfo Guiarden Zaldi-lasterketa margolana da haietako bat.

1885 eta 1886 inguruan margotu zuen artistak, eta zaldien eta haien mugimenduei buruzko ohar bilduma baten itxura du lanak. Artistak argi-itzal zainduekin zehatz erakusten du, lehen planoan, zaldi baten hankaren anatomiari buruz duen jakintza, baina nahikoa du marra beltz bihurri sorta bat atzeko zaldunen bizitasuna adierazteko.

Dapenaren langileak

Felipe Manterolaren argazki funts osoa eta Patricio Etxeberria enpresariaren irudiak ere eskuratu ditu museoak. Eta haien parte bat ikuai ahalko du bisitariak erakusketan. Museoko arduradunek azaldu dutenez, euskal landa ingurunearen ikuspegi «egiazkoa» ematen dute Manterolaren argazkiek. XX. mendearen hasierako irudiak dira, batez ere Arratiako haranean (Bizkaia) hartutakoak, eta inguru hartako baserrien eta biztanleen hainbat argazki bildu dituzte erakusketan. Edonola ere, badira beste eite bateko lanak ere, eta museoak 2024an eskuratutako fotomuntatze bat da horren erakusgarri. Bertan, putre batek, atzaparrekin helduta, hegan darama ume bat. Eta, irudi horien ondoan, XX. mendean industriak izandako indarra eta bilakaera erakusten dute Etxeberriaren argazkiek.

Felipe Manterola argazkilariaren lana. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Felipe Manterola argazkilariaren lana. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Dapenaren eta Steinbergen lanak bildu dituzte erakusketako azken aretoan. 1960ko hamarkadan Emen taldean ez ezik, Bizkaiko Estampa Popular taldean ere aritu izan zen Dapena, Jose Ibarrola eta Dionisio Blancorekin batera, baina Bilboko Arte Ederren Museoko arduradunek onartu dutenez, orain artean ez dute haren lan bakar bat ere izan bilduman, «harrigarriki». Funtsezkoa da haren ekarpena, ordea, frankismo sasoiko Bizkaiko artea ulertzeko. Langile mugimenduarekin lotuta daude haren lan gehienak, eta alderdi komunista laguntzeagatik bi urte ere eman zituen espetxean. 1960tik 1980ra arteko haren hainbat lan grafiko biltzen ditu erakusketak orain, bai eta lan horiek egiteko erabilitako hainbat plantxa eta zenbait eskutitz ere.

Saul Steinberg artistaren hainbat ilustrazio ere ikus daitezke Dapenaren lanen ondoan. Errumanian jaio, Italian ikasi, eta AEBetara ihes egin zuen Steinbergek Bigarren Mundu Gerraren atarian, eta han egin zuen bere ibilbide artistikoaren parterik handiena. Zinta komikoak egiteaz gainera, The New Yorker aldizkarian kolaboratzailea ere izan zen ia bost hamarkadaz. Euskal Herrian eta Espainian egindako bidaia batean artistak egindako marrazki batzuk jaso ditu orain museoak, Saul Steinberg Fundazioaren eskutik, eta haietako batzuk jarri ikusgai. Zezenketetan ikusitakoen oharrak dira haietako batzuk, karikaturen kutsu argia dutenak.

Erakusketa egonkor baten ordez, «erakusketa Etengabe bat» eskainiko du museo berrituak

 

Trantsizio garaian da Bilboko Arte Ederren Museoa. Hainbat atzerapenen ostean, 2026rako zabalik behar luke Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako 'Agravitas' proiektuak, eta, lanek martxan jarraitzen duten bitartean, eraikin zaharreko aretoak dira zabalik mantentzen diren bakarrak. Museoko arduradunak hasiak dira irekiera egunetik aurrera landuko duten museografia eta plan estrategikoa zehazten, ordea, eta hari buruzko zertzelada batzuk eman ditu Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Erakusketa egonkorrak museo berrian izango duten ikuspegia izango da berritasun nagusietako bat. «Ez da argazki egonkorrik izango: etengabe eboluzionatuz joango den erakusketa bat izango da».

Zugazaren hitzetan, hori da gaur egun nazioarteko museoek daramaten joera, eta hori izan da Bilboko Arte Ederren Museoaren joera ere azken urteetan. «Orain arte erakusketa egonkorra ulertzeko izan dugun modua eraldatu beharrean gaude, eta erakusketa etengabe bat sortu behar dugu. Museorik zaharrenek eta bildumarik egonkorrenak dituztenek ere hori egiten dute gaur egun; euren kontakizun esentziala eskaintzeaz gainera, hortxe dute bestelako artearen historia batzuk kontatzeko aukera ere».

Ezagun du problema hori Zugazak. Azaldu du Bilboko museoko publikoa behin-behineko erakusketei adi egon ohi zela handitze lanak hasi aurretik, baina zailagoa suertatzen zitzaiela publiko hori erakusketa egonkorrera erakartzea. Eta hori da erronka. «Bilduma handia dugun museook etengabe gure funtsari buruzko irakurketa berriak egiteko zortea daukagu». Eta, zuzendariaren hitzetan, Bilboko museoa «laborategi ona» da horrelako gauzak probatzeko.

Handitze fisikoaz gainera, Arteder plataforma digitala martxan jartzeko asmoa azaldu du zuzendariak. Museoaren funtsak bilduko ditu webgune horrek, eta lan horien zabalpena egiteko ere baliatuko dute tresna hori. Zugaza: «Museorako beste sarbide bat izango da. Bertatik bertarako bisitarekin erabat bateragarria izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.