Martxoaren hondarrean erakusketa zabaldu zutenetik, hainbatetan joan da hura bisitatzera Mertxe Sueskun (Iruñea, 1946). Dioenez, bereziki gozagarria zaio bere obrak museoan paraturik ikustea. Sorkuntza prozesuan ez bezala, dagoeneko ez die halako zorroztasunez begiratzen piezei, eta asmoa ez da epaitzea, plazera sentitzea baizik. Gainera, bestela ere, Sueskunek garbi ohartarazi ohi du zein duen premisa: ez erakusketa batean eta ez beste inon, sekula ez lioke tokirik gordeko maite ez duen obra bati. «Gustatzen ez bazait, baztertu egiten dut. Ez dut askotan egin, baina inoiz bai: hautsi eta bota». Erreparorik gabe mintzo da eskultura bati eginen liokeenaz, eta antzera esplikatu ohi du noiz arteko bidea aurreikusten dion bere buruari eskulturan. «Dibertitzeari uztean, orduan utziko dut eskultura». Gaur-gaurkoz, ez du horretarako batere presarik; eskulturarekin «jostatzen» ari da oraindik, eta haren bitartez gauza asko kontatzen.
Artistak azken 40 urteetan eginiko lanaren erakusgarri da Mertxe Sueskun. Jostatuz, kontatu egiten dut erakusketa. Nafarroako Museoan zabaldu dute berriki, eta irailaren 14ra bitarte izanen da ikusgai. Hainbat bisita gidatu antolatu dituzte hilabeteotarako: hurrengoa apirilaren 27an eginen dute —euskarazkoa da—.
Txaro Fontalba eskultorea izan da komisarioa, eta bera arduratu da obrak aukeratzeaz, nahiz eta ondo-ondoan izan duen Sueskun. «Orduetako konbertsazioak izan ditugu etxean. Egiten zizkidan proposamenak, eta nik, zerbaitek grazia handirik egiten ez bazidan, esan egiten nion, lasai asko», aitortu du artistak. Guztira, 50 piezatik gora jarri dituzte bistara.
Eskulturak lau taldetan sailkatu dituzte aretoan, baina ez dituzte kronologiari jarraikiz ordenatu eta bereizi, ezpada ezaugarri formal eta estetikoen arabera. Eta, hain zuzen ere, horrek dagoeneko agerian uzten du Sueskunen jardunean zutabe den alderdietako bat: materiala. Artistak aitortu duenez, materialek «seduzitzen» dute bera «gehien», eta, bereziki, «prefabrikatutako objektuek».
Manufakturatutako objektuekiko lilura Poema materialak izeneko eskultura multzoan bistaratzen da nabarmenen erakusketan. «Honek Gerrarik ez du izena, ikusten zer den?», esplikatu du Sueskunek aretoan barrena ari delarik, marko zuri-beltz batean bildua dagoen eskultura txiki bat seinalatu duenean. Hondo beltz baten gainean, nini batentzako moduko zapata txiki bat paratu du artistak. «Eta begira beste hau», jarraitu du kontatzen segidan, ilusioz. Horma berean baina bi eskultura eskuinerago, Esperándote izeneko lana dago paratuta —Zure zain gisara euskaratu liteke—: bizarra egiteko brotxa bat da, zurezko kaxa urdin baten barrenean, zutik. Gainera, beste obra baterako egurrezko orraziak baliatu ditu Sueskunek; beste baterako, kotoizko disko batzuk, bata bestearen gainean jarrita; beste baterako, ilea tindatzen zuen garaian «ile apaintzaileari ikusitako kotoizko xafla itsaskor bat».
«[Prefabrikatutako objektuak] neure egiten ditut, zeukaten testuingurutik atera, eta saiatzen naiz haiek batera edo bestera artikulatzen. Jolas bat da, funtsean»
Urteak dira eguneroko objektu «xumeei» erreparatzen diela batik bat. «Behin, Marcel Duchampen esaldi bat irakurri nuen, zioena eguneroko objektuen edertasuna ikusten jakin behar dela. Oro har, ez naiz oso identifikatua sentitzen Duchampekin, baina ideia horrekin, bai», aitortu du Sueskunek. Eta, hala, hau izan ohi du jokamoldea, dioenez: gustuko objektu bat ikusiz gero, erosi egiten du —nahiz eta «zehatz-mehatz» ez jakin zer eginen duen harekin—, «aparkatuta» uzten du aldi batez, eta, azkenerako, iristen da eguna non argi duen zertan nahi duen saiatu material horrekin. «Neure egiten ditut, zeukaten testuingurutik atera, eta saiatzen naiz haiek batera edo bestera artikulatzen. Jolas bat da, funtsean».
Geometria «hotzetik» ihesi
Bestalde, geometriaren aldeko hautua da eskultorearen obran nabarmentzen den beste ezaugarrietako bat; Fontalba komisarioak erakusketaren gaineko katalogoan azpimarratu duenez, esaterako, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako lanetan bereziki azaleratzen da zirkuluaren eta karratuaren erabilera, eta, hain zuzen, Nafarroako Museoan ikusgai dira hori erakusten duten hainbat pieza.
Edonola ere, geometriari dagokionez, Sueskuni buruz sarri esan da harena ez dela abstrakzioari estuki loturiko estilo bat, figuraziotik hurbilago den bat baizik. Hori aldarrikatu du artistak berak ere: «Niri iruditzen zait lan guztiek azaltzen dituztela bizitzako gauza konkretuak». Pozik azaldu da horregatik, eta honengatik ere bai: sinetsia dago lortu duela «hotza ez den» geometria bat plazaratzea. «Material beroak erabiliz lortu dut: egurra, kotoia, oihala... horrela bai, geometria izan daiteke epela». Eta testurei eta ehunei ere berebiziko arreta ematen die artistak. Iradoki duenez, ez du harritzen jendea museoetara joan eta eskulturak ukitzeko tentazioa edukitzeak. «Nik ere eginen nuke, aukerarik balego».

Urte hauetan guztietan, «intuizioaz» fidatu da gehien Sueskun. «Arte Ederretan aritzen zen batek esan zidan intuizioa ez zela kontu serioa. Nik erantzun nion berdin zitzaidala serioa zen edo ez, nik hori maite nuela», ekarri du gogora, harro, eta, aitorpenarekin batera, gaztetako ibilbide akademikoa ere oroitu du, pozik. 1970eko hamarkadan Delineazio ikasketak egin zituen Elgoibarren eta EIbarren (Gipuzkoa); 1980ko hamarkadaren hasieran harria eta egurra zizelkatzen ikasi zuen Debako Eskulangintzako Ikastetxean (Gipuzkoa), eta 1986tik aurrera Donostiako Artelekun egin zituen zenbait ikastaro. Aitortu duenez, batik bat emakume izateagatik, inoiz sentitu da «nolabaiteko aitzindari» bide horietan.
«Irakasle batek sarri esaten zidan ni ez nintzela artearen ur nahasietatik edaten zuen pertsona bat. Eta, orain, nik ere nahiko garbi ikusten dut neure kabuz aritzea gustatzen zaidala gehien»
Azken hamarkadetan Euskal Herrian izan diren korronte eta bolada artistikoen lekuko izan da Sueskun, ezinbestean. Ordea, bera «berean» aritu dela nabarmendu du, aski hermetiko. «Irakasle batek sarri esaten zidan ni ez nintzela artearen ur nahasietatik edaten zuen pertsona bat. Eta, orain, nik ere nahiko garbi ikusten dut neure kabuz aritzea gustatzen zaidala gehien», ekarri du gogora. Onartu duenez, behin baino gehiagotan egokitu zaio tailerra beste artista batzuekin konpartitzea —Elgoibarko hiltegi zaharrean berari eta beste zenbait artistari tokia egin zietenekoa ekarri du gogora; «bertan aritu ginen bi zeramikagile, eskultore bat eta laurok»—, eta, ikasteko balio izan badio ere, gusturago aritzen da bere kasa.
Tinko segitzen du lanean, «beti bezala». Izatekotan, aldaketa bakarra piezen neurrian dago, zehaztu duenez. Berez maite ditu eskultura txikiak, baina, dioenez, orain, nahiko balu ere, zaila izanen litzaioke pieza handiak egitea. «78 urterekin...», hasi da kontatzen, eta anekdota bat kontatu du bat-batean. «Artikuluren batean jarri izan dute 80 urte ditudala, eta, aizu, ez da horrela». Haserretzen duena ez da inork pentsatzea zaharragoa dela; beste zerbaitengatik da kexu: «Oraindik bizi ez ditudan urteak ari zaizkit egintzat ematen; bizi beharko ditut aurrena!».
Etorriko direnak
Bizitzeko eta egiteko dituen gauzei buruz grinez mintzo da Sueskun. «Obra bat dut buruan, kotoizko borobiltxo batzuekin eginen dudana, baina, gaur egun jendeak esaten duen bezala, hori stand-by egoeran utzi dut tarte baterako. Beste batzuk ere jarri nahi nituzke martxan...», aitortu ditu aurrera begirako planak Sueskunek. Inspirazio iturriak aise aurkitzen ditu hemen eta han.
Azken inspirazio kolpea aldi baterako zaharrentzako egoitza batean izan delarik topatu du. «Justu etxera bueltatu behar nuen eguna zen. Eguzkia atera zen bat-batean, eta, terrazan, halako baranda moduko bat zegoen, metakrilatozkoa; edo beirazkoa, ez dakit. Kontua da eguzkia atera zela, eta islan, kolore deskonposizio izugarria bistaratu zela, ortzadar baten gisakoa, baina eder-ederra; emozionatu egin ninduen. Argazkia atera nion, eta ideia horretatik abiatuta eginen ditudan bi obra imajinatu ditut jada». Eta egin du ohartarazpena: etorkizuneko erakusketaren batean kabiaraziko ditu lan horiek.