Diazek eta Ayllonek lortu dituzte Donostia Hiriko Kutxa sariak

Maialen Diazek 'Herri hura' obragatik lortu du saria, antzerki alorrean. 'Zoriontsuak izatea erabaki genuen' ipuin bildumagatik saritu dute Mikel Ayllon, kontakizun liburuen alorrean

Maialen Diaz Urrizak irabazi du antzerki alorreko sari nagusia. Madrilen bizi da egun. Artxiboko argazkia. IÑIGO URIZ / FOKU.
aitor biain
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bi urtez behin banatzen dituzte Donostia Hiriko Kutxa literatur sariak; ipuinaren eta antzerkiaren alorreko lanak nabarmentzen dituzte. 55. aldian, Maialen Diaz Urrizaren eta Mikel Ayllon Corralen lanek lortu dituzte euskarazko obretako bi sari nagusiak. Herri hura antzezlanagatik saritu dute Diaz, eta Zoriontsuak izatea erabaki genuen ipuin bildumagatik eskuratu du kontakizun liburuen alorrekoa Ayllonek.

Hamasei lan aurkeztu dira sariketara antzerki alorrean, eta, horien guztien artean, Diazena aukeratu du Mireia Gabilondok, Eneko Olasagastik eta Dorleta Urretabizkaiak osatutako epaimahaiak. Herri hura deserriari buruzko lan bat da,baina «modu poetikoan» jorratutakoa, Diazen esanetan. «Bi pertsonari buruzko istorioa da, jatorriz herri berekoak direnak eta arrazoi ezberdinengatik herritik alde egitera behartuta daudenak. Bata arrazoi ekonomikoengatik joango da; eta, bestea, genero eta politika arrazoiengatik. Biek daukate sorterrira itzultzeko gogoa, baina bizitzak beste alde batera eramango ditu», azaldu dio BERRIAri. Bi pertsonaiek topo egingo dute istorioan, baina modu imajinario batean: «Istorioak kontatzen du bi pertsona horiek elkartuko balira zer gertatuko litzatekeen».

Donostia 2016ko Antzerkigile Berriak programari esker hasi zen Diaz antzezlana idazten, duela bi urte. Orduan ondutako «lehen zirriborroari buelta bat» ematea erabaki zuen, ordea. «Hurbilekoa zaidan istorio baten berrikusketa bat egin nahi izan dut, iraganeko zenbait gertakari gaur egungo begietatik ikusi eta ulertu nahian», azaldu du.

Hain zuzen, iragana gaur egungo begietatik kontatzeko ahalegina eta pertsonaien osaketa nabarmendu ditu epaimahaiak Diazen lanean. Eta baita euskararen eta euskalkien erabilera «aberatsa» ere. «Antzezlanak emozioak eta sentimenduak eragiteko gaitasuna dauka», adierazi zuen Dorleta Urretabizkaiak. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu Diazek.

Zoriontasunaren bilaketak

Kontakizunen kategorian, berriz, 11 lan aurkeztu dira aurten sariketara, 2018an baino bi gehiago, eta, horien guztien artean, Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea erabaki genuen hautatu du Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Jon Kortazarrek osatutako epaimahaiak. «Zoriontasuna bilatzeko hainbat aukera zapuzturen kronika» osatu du Ayllonek liburuan, eta ipuin horietan «nahiaren eta errealitatearen arteko bilakaera koherentziaz eta trebetasunez» egin izana nabarmendu dio epaimahaiak.

Kontakizun liburua sei ipuinek osatzen dute, eta, elkarren artean harremanik ez badute ere, zoriontasunaren hariak lotzen ditu denak. «Pertsonaia guztiek erabakiko dute nola edo hala zoriontsu izan nahi dutela. Baina konturatuko dira zoriontasun horrek ez duela zerikusirik su-festa moduan saltzen diguten horrekin», azaldu dio Ayllonek kazeta honi. Izan ere, ipuinotan jorratzen den zoriontasuna oso bestelakoa da, idazlearen hitzetan: «Ez da sarritan koloretsu eta eguzkitsu margotzen duten horietakoa. Eta pertsonaien hautuek erakutsiko digute hori. Zoriontsu izateko bide horretan erabaki zailak hartu beharko baitituzte askotan, gustagarriak ez diren horietakoak, eta ikusiko dugu nola erabaki horiekberaiek nahi ez duten lekura eramango dituzten».

Kokaleku ezberdina dute ipuinetako istorioek, idazleak jakinarazi duenez. Eta pertsonaiak «pixka bat bazterrekoak» dira, «bizitza oso errazak ere ez dituztenak, eta bidean zailtasun ugarirekin aurkituko direnak». Bada, geografiaren eta kontakizunaren arteko uztarketa nabarmendu du epaimahaiak, hain zuzen ere, eta egileak hori guztia teknika narratibo ezberdinekin «naturaltasunez» josi izana. «Ipuinak lanbroz bustita bezala datoz; sarritan laino horien geografian murgilarazten du irakurlea, amaiera irekiak eta iradokitzaileak bilatuz. Neurrian esaten du eta neurrian gordetzen du», adierazi zuen Gorrotxategik.

Ayllonek 2015ean kaleratu zuen bere lehen eleberria: Ez tiro egin anbulantziei (Elkar). Baina, haren aldean, oso bestelako bide batetik abiatu da egilea ipuin bilduma idazteko. «Ez dira erabateko zoriontasunaren isla, baina badago zoriontsu izateko nahi bat ipuin denetan. Nahiz eta beti ez jakin nola egin aurre egoerari, edo zein bide hartu, badago argitasunera joateko nahi bat; eleberrian, aldiz, ez». Maitasuna, heriotza, drogak, sexu-generoen gorabeherak, etorkinen bizimodua... askotariko gaiak jorratzen ditu idazleak liburuan. Ayllonek 10.000 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu.

Koronabirusaren krisiak eragina izan du aurten sariketan, eta, lehen aldiz, digitalki ere parte hartzeko aukera eman dute. Horren ondorioz, nabarmen hazi da parte hartzaileen kopurua, gaztelaniazko lanen kategorian batez ere. Hain zuzen, bi alorretan, gaztelaniazko 356 lan aurkeztu dira guztira. Ruben Fernandez eta Markel Hernandez saritu dituzte, Quince llamadas perdidas ipuin liburuagatik eta Vivir de alquiler antzezlanagatik, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.