ERRESISTENTZIA KUTXA (XX)

Dialektika (edo bi poema)

Bertsolaritzako plazan ohiko aurpegia izan da Josu Goikoetxearena denbora luzez (Gernika, Bizkaia, 1974). Ez kantuan aritzeagatik, baina, ezpada bertsolarientzat gaiak jarriz egindako lanagatik. Bi urte dira kasik jardun hura uzteko erabakia hartu zuela, eta garai bertsuan eman zuen argitara bere lehen poema liburua: Zer luzea negu hau (Elkar, 2018). Hemezortzi urteko epean idatzitako olerkiak bildu zituen, askotariko gaiei leku eginez, besteak beste, giza harreman «beti zailei»: guraso izatearen ardurak, etorkizunarekiko kezka, helduaroaren onarpena, lanarekikoak, idaztea bera, gizonen eta emakumeen arteko harremanak, maskulinitatea, Poliziaren biolentzia... Hainbat gazte literaturazalek 1993an abiatutako Lubaki Bandako kide ere izan zen Goikoetxea.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
JOSU GOIKOETXEA
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bada poema bat denbora luzean ondoan izan dudana. Laburra da, ez da hanpatua, gauza sinpleak esaten ditu. Duela hogei urte baino gehiago irakurri nuen lagun batzuen Gasteizko pisuan. Gaztelaniaz zegoen, Alianza Editorialen ediziotik erauzi eta pisu tunante hartako horma batean pegatuta zeukaten. Bertolt Brecht idazle alemanak idatzi zuen 1956an Vergnügungen izeneko poema. «Plazerak» itzulita hobeto legoke agian, baina nik etxekoago dudan «Poztasunak» bezala ekarri nuen Unai Iturriagaren Isladak libururako, eta halaxe dakart gaur ere. Hau da:

Poztasunak
Lehen begirada leihotik esnatzean,
berriz aurkitutako liburu zaharra,
gogoz beteriko aurpegiak,
elurra, urtaroen aldaketa,
egunkaria,
txakurra,
dialektika,
dutxa hartzea, igeri egitea,
aspaldiko musika,
zapata erosoak,
ulertzea,
oraingo musika,
idaztea, landatzea,
bidaiatzea,
abestea,
atsegina izatea.

Zerrenda bat da Brechten poema, antipoema bat, eta hala ere asko esaten du. Poema horretatik abiatuta, beste bat luzeagoa (ezin zitekeen bestela) ekarri dut.

Nire poztasunak (Brechten baimenaz)
Ibiltzea, beti ibiltzea, eta begiratzea, agian ikustea
Eraikinak aztertzea lekuz kanpoko harridura batekin
Kaleko arnasa, jendetza, bizirik egotearen bozkarioa
Alaba txikia lo berrian ikustea
Haurtzaroko horma zaharrean,komentukoan, murruntza oraindik badela jakitea
Maitearen barrea gaiztakeria baten ostean
Liburu batean arkatzez prezioa idatzita ikustea, pezetatan
Izeiaren kimu sortu berri ia-ia gomazkoa hatz puntekin ukitzea
Bizitza hedatzen ikustea nonahi eta noiznahi
Ama zaharraren eskuko zimurrak irakurtzea
Haren begien onespena sentitzea besoa eskainitakoan
Goiz garbiak eta txakur zintzoak, biblia papera
Denborak arteztutako argazki zaharren konposizioak
Ama hizkuntzaren erritmoa zainetako odola bezala sentitzea
Karteran diru nahikoa edukitzea
Erreka txikiak baso ospelean dakarren soinua
Alaba nagusien hitz jario ezohikoa bazkalondoan
Goizeko lo alferra, komikiak, bizitza ona
Herria duintzen dutenen egoskortasun adeitsua
Bertsolariaren inteligentzia
Lagun zaharraren besarkada herrira itzultzean
Arropa dotorea, Erriberako merkatua larunbatetan
Ilea moztea negu hotzean, hotzikarak
Musika entzutea, gauzen amaiera, gauzen hasiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.