Arazoetarako konponbide partekatuek diagnostiko partekatuak behar badituzte, euskal kulturaren arazoek badute, bederen, nondik abiatua. Eta ez da gutxi. Diagnostiko eta sentsazioetan, oro har, bat datoz euskal kulturaren inguruan dabiltzan gehienak: akaso, inoiz baino gehiago sortzen da euskaraz; akaso, inoiz baino pluralago, eta, akaso, inoizko kalitate handienarekin. Eta, halere, zaila da egiten den hori ikusaraztea, eta egiten dena ondokoari transmititzea. Horregatik, sentsazioak partekatzeaz gain, garrantzitsua da irtenbideak zirriborratzen hastea. Xede horri ekarpena egin nahian, mahai ingurua antolatu zuen atzo Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariak, Amurrion (Araban). Euskal kulturgintzaren transmisioa hizpide, solasean aritu ziren Idurre Alonso, Oier Araolaza, Oihane Perea, Lorea Agirre eta Andoni Tolosa Morau. Norbere sentsazio eta eremutik, baina konponbide orokorrak jomugan.
Idurre Alonso Huheziko irakaslearen ustez, harreman egonkorrak sortzeak beharko luke euskal kulturaren lehentasunetako bat, «egonkortasunik ezak ez baitu laguntzen kulturaz jabetzen». Dioenez, kultur emanaldiak antolatzen dira, eta kultur kontsumoa badago, baina zaila suertatzen da hortik harago jotzea. Egoera iraultzeko, kulturaren «partekatzea» eta «demokratizazioa» ditu hark gakotzat, kultura ulertzeko tresnak jendearen eskura egon daitezen. Izan ere, dioenez, «nola da posible artean hainbeste diru gastatzea eta hain baliabide gutxi jartzea gero jendeak artea uler dezan?».
Kontua ez da bakarrik kultura nola transmititzen den; transmititzen dena zer den ere bada garrantzitsua. Jakina da kultur diziplinen artean badela hierarkizaziorik, eta badela kanonik. Eta, hori ikusita, bereziki kritiko agertu zen atzo Oier Araolaza dantzari eta antropologoa. Bere larruan bizi izan du dantzaren gutxiespena: «Ez da euskal kultura kontsideratzen, eta, kontsideratzekotan, bigarren mailakotzat hartzen da». Eta adibide sorta batez azaldu zuen bere pertzepzioa: «Ezagutzen al duzue Literaturako Nobel saria irabazi duen euskal idazlerik? Oscarra jaso duen euskal aktorerik? Eta Oscarra irabazi duen euskal dantzaririk? Badira: ez bat, baizik bi. Lucia Lakarra eta Alicia Amatriain. Baina ez ditugu ezagutzen». Egoerak badu azalpen bat, haren ustez: euskal kulturaren ardatzean, berbazko adierazpideak jarri ohi dira, berbaz bestekoa alboratuta. Eta horra haren zalantza:«Zergatik hautatu behar dugu?»
Oihane Perea bertsolariak, bestalde, ongi ezagutzen du bertsolaritzaren transmisiorako egindako jarduna. Ongi ezagutzen du urteen poderioz sortutako hezurdura, eta, hargatik, Alonsorekin bat dator garrantzitsua dela egitura iraunkorrak sortzea, baina ongi daki horiei eustea zein zaila den ere: «Belaunaldiak etorri eta badoaz, eta egiturak etengabe elikatu behar izaten dira». Hezkuntzari ematen dio hark garrantzia, transmisio bide gisa, baina «anabasa» ikusten du eskolatik plazarako bidea: «Eskolako lan hori borobiltzea falta da».
Kultura, egungoari lotua
La Basu gehiago eta Ez dok Amairu gutxiago. Izenburu «probokatzaile» hori eman zion Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak bere atzoko hitzaldiari, bere iritzia laburbiltze aldera. Ez Dok Amairuk ez du azalpenik behar; La Basuk, agian, bai: euskaraz egiten duen Barakaldoko rap kantari bat da. Eta bata bai eta bestea ez esplikatu behar izateak badu loturarik Agirrek esan nahi duenarekin. Azkenean, euskal kultura «aldakorra» eta «eraikuntza soziala» bada, unean unekoari erantzungo diona izan beharko du, neurri berean: «Askotan tematzen gara 15 urteko gazte batek Xabier Lete kantatu dezan, eta beharbada ez du ezagutu behar». Tradizioa sortzeaz ari da, finean, Agirre, eta tradizio hori transmititzeaz, «transmititzen ez den kultura ez baita existitzen». Anariren hitzak bere eginez, «sortzeko, eta euskaraz sortzeko grina» transmititu beharko litzatekeela uste du. «Hortik aurrera, 16 urteko batek Laboa ezagutzeak edo ez, horrek ez nau hainbeste kezkatzen».
Unean unekoari erantzuteaz mintzo da Andoni Tolosa Morau musikaria ere. Haren hitzetan, «esanguratsua» izateak beharko luke musikarien kezka, «dagokion momentuari eta jendarteari» erantzutea. Eta, dioenez, egun ez da halakorik egiten: «Zenbat kanta entzun dituzue euskaraz etxe kaleratzeei buruz?».
Hori, sortzeaz; zabalpenarena beste kontu bat baita, Morauren ustez. Musika entzuteko modua irauli dute teknologia berriek: «Edozein tokitan entzuten dugu, baina gutxitan aukeratzen dugu zer entzun». Zabala da ozeanoa, baina «ustezko aukeran, hipermerkatuan bezala, azkenean beti aukeratzen dugu gauza bera». Underground espazioak dira Morauren esperantza, «kultura osasuntsua» sortzeko. Norberaren irakaskuntzari eta esperimentazioari ematen dio garrantzia. Azken batean, «euskal musikaren transmisioan, zeinek izan du garrantzi handiagoa: Bonbereneak edo Guggenheimek?». Erantzuna, norberak berea.
Diagnosia eta balizko errezetak
Kulturaren transmisioaz aritu dira Jalgi topaketetan; analisia partekaturik, irtenbideak dira erronka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu