Arte eszenikoak

dFeria utopiarantz

dFeria Donostiako arte eszenikoen jaialdia martxoaren 11tik 14ra iraganen da. 11 dantza ikuskizun, 13 antzerki obra eta zirku emanaldi bat eskainiko ditu.

(ID_13532748) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-01-25, Donostia. dFeriaren aurkezpena
dFeria jaialdiaren antolatzaile eta laguntzaileak, gaur goizean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko urtarrilaren 25a
18:30
Entzun

dFeria Donostiako arte eszenikoen jaialdiak finkatu ditu datak: martxoaren 11tik 14ra iraganen da, utopia izango du gai nagusia, eta Italian jarriko du arreta, herrialde gonbidatua izango denez. Zenbakitan esanda, 2024ko dFerian 25 konpainiak hartuko dute parte, eta 25 lan eskainiko dituzte guztira: 11 dantza ikuskizun, hamahiru antzerki obra eta zirku emanaldi bat. Funtzioak, berriz, 34 izango dira. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan nahiz webgunean. Deskontu bereziak agindu dituzte otsailaren 11 baino lehen erosten diren sarreretan.

Ofizialki martxoaren 11n hasiko bada ere, bezperan izango du inaugurazio ekitaldia, hain zuzen ere, herrialde gonbidatuari ohore eginez, eta, zehatzago, Italiako Aterballetto zentro koreografiko nazionalaren eskutik. Hamasei dantzari bakarlariz osaturiko talde honek hiru koreografia eskainiko ditu: Yeled, Shoot Me eta Rapsody in blue.

Eyal Dadon koreografoak sortua da Yeled (ume, hebreeraz), eta haurtzaroko tolesgabetasuna galtzeari buruzko hausnarketa du oinarri. Bigarrenak balleta eta kontzertua uztartzen ditu, Spiritualized rock talde britainiarraren musika eta Jim Morrisonen grabazioak nahiz askatasunari buruzko poemak eskaintzearekin batera. Aterballetto konpainiak ez du koreografo finkorik izaten, komeni zaiona kolaborazio bidez lotzen du aldiko, eta hirugarren obrarako, Iratxe Ansa eta Igor Bacovichengana jo zuten. Bi koreografoek Aterballettoko hamasei partaideak jarriko dituzte dantzan, Gershwinen Rhapsody in blue musikaren konpasean, Viktoria Eugenia antzokian.

«dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da». NORKA CHIAPUSSOdFeriako zuzendaria

Bestelako lanik ere helduko da Italiatik. Fabiana Lacozzillik, esate baterako, hezur-haragizko aktoreak eta txotxongiloak nahastu eta narrazio tradizionalaren mugak gainditu dituen lan dokumental bat ondu du, La Classe izenburupean. Karidadeko Ahizpak institutuan bizi izandako esperientziak dakartza, eta oroitzapenen artetik bat gailenduko da: Lacozzilliri, eskolan, antzerkiko eszena bat zuzentzeko aukera eman ziotenekoa.

BlucinQue konpainiak, berriz, Gelsomina Dreams eskainiko du. Zirku garaikide moduan definitua, Federico Fellini zinema zuzendariaren iruditeriari egiten dio gorazarre, eta zuzeneko musika eta dantzaren eta antzerkiaren lengoaiak fusionatzen ditu, Caterina Mochi Sismondiren zuzendaritzapean.

Estreinaldiak

Artean inon estrenatu gabeko bi antzezlan programatu ditu dFeriak, biak ala biak martxoaren 14an. Bata Vernos izango da, Imanol Lartzabal aretoan. Jaume Perez eta Juli Disla valentziarrek sortua da, eta adiskidantzaren gainean egiten dute gogoeta. Bigarren estreinaldia, berriz, Vaiven producciones konpainiaren El patio de las moreras izango da, eta Viktoria Eugenian estreinatuko dute. Gaurko egunetik iragana ulertzeko saio moduko bat da.

Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak azaldu duenez, ahalegin berezia egin da aurten «espazio bakoitzak bere koherentzia gorde dezan», obren formatuek eta konpainiei komeni zazkien datak «koherentzia horrekin bat etortzea zaila izaten den arren». Alde horretatik, Principal antzokian egile antzerkia eskainiko dute nagusiki; Gazteszenan, dantza garaikidea, eta Intxaurrondon, Euskal Herrian sortutako antzerkia.

Chiapussok, berriz, Txalaparta nabarmendu du, Kukai dantza konpainiak eta Jesus Rubio Gamok landutako ikuskizuna. Rubio Gamo Donostiara Bolero obrarekin etorri zela gogoratu du dFeriako zuzendariak, eta haren lana goraipatu eta gero, «fusio interesgarritzat» jo du bien arteko elkarlana.

Euskal Herriko sorkuntzari begira, Gazteszenako bi ekitaldiri jarri die azpimarra. Batetik, Akira Yoshida eta Lali Ayguade nafarren Together to Get There dantza ikuskizuna aipatu du; eta, bestetik, Olaia Valle eta Rocio Tejada bizkaitarren Bitartean gertatzen dena. «dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da», esan du Chiapussok.

Egitarau osoa www.dferia.eus webgunean dago kontsultagai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.