Erabateko askatasunarekin filmatu nahi zuen Borja Kobeagak (Donostia, 1977). «Erabaki hori hartzen baduzu, egin behar duzun sakrifizioetako bat ekonomikoa izaten da». Aste oso gutxitan osatu zuten pelikula; hori ez zaio, ordea, harrotzeko moduko motibo bat iruditzen. Pena apur bat badauka, esaterako, eszena batzuk ezin izan dituelako nahi beste garatu. Fe de etarras-en gidoia idatzita dauka, baina ez du pantailara eramateko presarik. «Gainera, ez da egokia gaiari buruzko azpigenero bat sortzea edo gehiegizko ekoizpena sustatzea».
Nola dokumentatu zara? Bada liburu bat, ETA. Las claves de la paz, Jesus Egigurenek eta Luis Rodriguez Aizpeolea El País egunkariko kazetariak idatzitakoa. Horri heldu al diozu batez ere? Elkarrizketatu al zara negoziazio haietan parte hartu zutenekin?
Bai, horri ere heldu diot. Bestalde, ez nuen inorekin hitz egin nahi, argi neukalako fikzioak pisu handia eduki behar zuela pelikulan; eta hitz eginez gero, banekien faktore pertsonalak asko eragingo zuela. Ikusi eta irakurri egin nahi nuen. Aipatutako liburua izan da iturrietako bat; Bisitaria saioan Jesus Egigurenekin elkarrizketatu zirenekoa ere oso argigarria izan zen; Salvados ... Gaiari buruzkoak irakurri eta ikusi nahi nituen, ondoren fabulatzeko, fikzionatzeko. Negoziazioari berari erreparatu beharrean, detaile txikiei erreparatzen die pelikulak, batez ere.
Detaile periferikoak?
Hori da. Interesatzen zitzaidan anti-etika hori. Pelikulak etikotik gutxi eduki beharra zeukan, zantzu hotsandikoak ezabatu behar zituen. Oso interesgarria iruditzen zitzaidan hain gauza hotsandikoa denaren eta detaile periferiko horien arteko kontrastea. Detaile horiek dira, esaterako, ba ez zekiela [Egigurenek] sakelako telefonoa ondo erabiltzen; kebabak besterik ez zuela jaten, ezin zuela kreditu txartelik erabili.... Horiek benetakoak dira.
Jesus Egigurenekin ere ez duzue hitz egin?
Ez. Komunikabideetan irakurri nuen esaten zuela ea zer gindoazen egitera... Edo horrelako zerbait. Esanez bezala: «Kontuz, ea zer gertatzen den...». Baina gauza fikzionatua da. [Ramon] Bareak ez du imitatzen, ez dago bera bezala karakterizatuta, baina argi dago denon gogoan dagoela [Egiguren]; ezin saihestuzkoa da. Baina nik erabateko askatasunarekin lan egin nahi izan dut.
Eta filma ikusten badu, nola erreakzionatuko du?
Ramon Bareak, alde batetik, ukitu oso egiazkoa, humanoa, ematen dio pertsonaiari, eta ezagun ditu erabakitasuna eta kemena. Beste aldetik, gertatu zitzaizkion gauza batzuk ere kontatzen dira; adibidez, hotelaren harreran ETAko kide batekin nahastu zutenekoa. Hori benetan gertatu zen. Espero dut minduta ez sentitzea, baina filmaren helburua ez da inorekin ondo geratzea.
Filma prestatzen eman duzun denboran, negoziazio haietatik zerk harritu zaitu gehien?
Herritar baten ikuspegitik, negoziazioak oso hotsandikoak, matematikoak direla, eta horietan ideiak oso argi dituen jendeak parte hartzen duela pentsatzen duzu. Baina gero konturatzen zara kasualitate pilaketak berea eragiten dutela horretan guztian. Horiek ez daude ideien gainetik, baina asko eragiten dute horietan.
Filmean ikusten direnetatik benetakoak zeintzuk diren aitor al daiteke?
Benetakoak... Tira, aipatu dugun liburuaren egileak ez dauka zertan ekintzei fidel izan... Gustatuko litzaidake negoziazioak deskribatzen dituen Josu Terneraren [Urrutikoetxea] liburu bat irakurtzea... Baina tira, mekanismo oso ohikoa da ondokoa. Filmean agertzen den itzultzailea ez zen egun batean negoziazioetara joan. Arrazoia ez zen bere mutil-lagunak ez ziola uzten. Nik soilik dakit egun batean ezin izan zutela negoziatu, nazioarteko begiralearen itzultzailea ez zelako agertu. Hortaz, hortik aurrera, asmatu egiten dut nik. Adibide bat da.
Zergatik erabaki zenuen istorioari komediatik heltzea?
Irakurtzean komedia sortzen zelako. Irakurri nuen, adibidez, Egigurenek sakelakoa galdu zuela Genevan (Suitza), edo beste kebab bat jatera joan zela, eta... Beste modurik ez zitzaidan bururatzen...
Zein zalantza izan zenituen?
Lotsa sentitu nuen fikzionatzerakoan, baina egiteko modurik zintzoena iruditu zitzaidan. Alde guztiekin elkarrizketatu ondoren dokumental bat osatu izan banu, ezin izango nuen zerbait erreala egin, zure ikuspegia beti hor dagoelako. Beraz, behin erabaki nuenean fantasia baliatu nezakeela gertatu zena fikzionatuz, arrisku handiena ere horrek berak eragiten zuela konturatu nintzen.
Zeure burua ausartzat daukazu gai serio bati apur bat barre eginez aurre egin diozulako?
Tira, barre... Negoziazioen egoerari barre egin diogu gehiago. Baina gizakiak garen heinean, ezin saihestuzkoa da hori gertatzea.
Lagunen batek esan al dizu: «Borja, zertan ari zara...?»
Bai. Kazetari batek esan dit. Apur bat harrituta zegoen arintasunez hartu dudalako gai hau. Halere, ez dut uste arintasunez hartu dudanik. Baina hainbesteko fedea daukat ustez hanpatsuak eta epikoak diren gauzak benetan hala ez direla, ezen ia-ia nire erlijioa baita. Gure bertute eta akats guztiekin, oso etxekoak, gertuko tratukoak garela!
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Zabaltegi. Borja Kobeaga. Zinemagilea
«Detaile periferikoen anti-etika islatu nahi nuen»
ETAk eta Madrilek 2005 eta 2006an izandako elkarrizketei heldu die 'Negociador' lanean. Komedia jantzia eman dio, «gertatutakoak irakurtzean genero hori sortzen zelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu