Nagore Arzallus eta Paul Beitia. Ekida egitasmoko kideak

«Despolitizatu egiten da kultura»

Kulturaren eta artearen arloak ikuspegi sozialistatik lantzeko egitasmoa da Ekida. 'Manifestua' ikuskizunaren lau emanaldi eskainiko dituzte maiatzean eta ekainean. Lehen editoriala argitaratu dute webgunean.

JON URBE / @FOKU.
Gorka Arrese.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Eraiki, egin, sortu, fabrikatu adierazteko erabiltzen zen ekidatu aditza XVIII. eta XIX. mendeetan. Ekida izena, berriz, eraikuntza edo sorkuntza esateko, eta baita ere eraikina.

Nagore Arzallus (Errezil, Gipuzkoa, 1993) eta Paul Beitia (Getaria, Gipuzkoa, 1997) kulturaren eta artearen arloak lantzeko Ekida egitasmoa abiatu duten lagunetako bi dira.

Kultura eta artea dira zuen kezkak, ez da hala?

ARZALLUS: Gure kezkak baino gehiago, gure lanerako esparruak dira. Esparru horietaz zer ulertzen den eta horiek zer asmorekin lantzen diren, ordea, oso desberdina izan daiteke ikuspegiaren arabera. Guk ikuspegi sozialistatik landu nahi ditugu. Etengabe despolitizatzen eta desklasatzen dira kultura eta artea, airean eraikita baleude bezala. Guk klaseari estu lotutako kulturaren ulerkera bat erabiltzen dugu. Uste dugu kulturak eta arteak izaera politikoa dutela eta klase borrokak gurutzatzen dituela.

Arteari buruzko azalpen politikoak landuko dituzue?

BEITIA: Gero eta nabarmenagoa da klasearen arabera bizimodu eta mundu ikuskera berezituak ditugula, eta hori arte espresioetan ere ikusten da. Musika, literatura, telesailak... ezin dira jendearen bizimoduetatik eta gizartearen logikatik aparte ulertu; praktika sozialak dira, eta eduki politikoa dute. Kapitalismoak ez du alde ekonomikoan bakarrik eragiten: bizitzaren alderdi guztiak baldintzatzen ditu, kultura barne. Langileok kulturalki ere azpiratuak gaude. Iruditzen zaigu horri aurre egin diezaiokeen politika bakarra sozialismoarena dela, baita kulturaren arloan ere. Langile mugimendu iraultzaileak beti izan ditu kulturari lotutako eginbeharrak. Horregatik sustatu nahi dugu kultura politiko sozialista, eta artearen potentzial iraultzailea berraktibatu.

Manifestu bat aurkeztekotanzaudete.

BEITIA: Hala da. Eman lezake agiri bat dela, baina jendaurreko ikuskizun bat da, Manifestua izendatu duguna. Apropos deitu diogu horrela, ikuskizunak gure asmoez eta arte iraultzaileaz aritu nahi baitu. Martxo erdialdean estreinatu genuen, Herri Unibertsitate Nazionalean, eta orain beste lau emanaldi iragarri ditugu, maiatz bukaeratik uztail hasierara bitarte: Elorrion, Gasteizen, Azkoitian eta Berriozarren.

Zein diziplinatan ariko zarete?

ARZALLUS: Literatura, musika eta eszenografia, oraingoz. Ekidak kultur proiektuak martxan jarriko ditu, borondate politiko sozialista elikatzeko. Manifestua izango da aurrenekoa. Gure funtzionamenduaren adibidetzathar daiteke ikuskizuna. Hiru musikarik, bi narratzailek eta hiru abeslarik parte hartzen dute, baina baita teknikari talde batek, antolakuntzako jendeak eta militanteen sareak ere. Ekida ez da oholtza gainera igoko den artista taldea bakarrik: arte ekoizpen sozialistak eskatzen dituen baliabideak sortu eta antolatzeko egitasmoa da. Proiektuak sustatzea, alderdi formala garatzea, esanahiaren egokitasun politikoa aztertzea, artisten elkarlana bultzatzea, entseguak eta emanaldiak antolatzea... Dena kontuan izatea eskatzen du arteak, eta hori guztia antolatzea da gure asmoa.

Baduzue beste proiekturen bat?

BEITIA: Proiektu eta lan lerro gehiago martxan jartzea da asmoa, diziplina eta formatu gehiagotan. Ekidak langileon politika sozialista sustatu nahi du kulturaren esparrutik, eta horregatik hitz egiten dugu arte sozialista antolatzeaz. Izatez, arte guztia dago antolatuta. Gaur egungo gizarte kapitalistan, arte ekoizpena ezin da ekoizpen modu kapitalistatik aparte ulertu, haren logikaren arabera antolatuta dago.

Zein funtzio beteko du arte sozialistak?

BEITIA: Gaur egun, arteak bi funtzio betetzen ditu hegemonikoki: gainbalioa ekoiztea eta gizarte kapitalistako kultura dominantea betikotzea. Horrek ageriko ondorioak ditu: artearen homogeneizazioa, ekoizpenerako eta kontsumorako sarbide desorekatua, kultur langileen prekarizazioa... Justu kontrako funtzioak beteko lituzkeen artea da arte sozialista, interes politiko kolektiboek gidatuko dutena eta langileon emantzipazioa elikatuko duena. Antolatuta soilik lor daiteke hori, langileon antolakuntza independente eta iraultzailearen bidez.

Argitalpen bat abiatu duzue. Tresna bat da?

ARZALLUS: Bai, ekida.eus webgunea. Ekidaren sorrerarekin batera egin genuen, baina duela pare bat aste hasi gara argitaratzen. Hilero askotariko edukiz osatutako sorta bat ateratzea da asmoa, ataletan banatuta. Editorial bat argitaratuko dugu Ekidaren tesi eta kontzeptu politikoak azaltzeko. Elkarrizketak eta erreportajeak egingo ditugu erredakzioaren atalean.

Sorkuntza testuak ere bai?

BEITIA: Poesia, narratiba eta bertsolaritzarekin hasi gara. Ez genioke, ordea, argitaletxeen ohiko logikari jarraitu nahi. Ez ditugu lanak argitaratzen artisten interes indibidualak asetzeko, ditugun asmoetan ekarpen bat egin dezaketelako baizik. Hasieratik aritu gara kulturaren esparrua ikuspegi sozialistatik lantzeko baliabideak sortzeaz eta antolatzeaz, eta webgunea baliabide horietako bat dela pentsatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.