Deslilura baten istorioa

Fernando Larrukerti buruzko liburua kaleratu du Euskadiko Filmategiak, hura hil eta urte erdira. Carlos Roldan eta Juanmi Gutierrez dira egileak

Julio Amostegi, Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert, Ama Lur lanaren filmaketan, 1968an. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Berak nahiko zukeen baino filmografia laburragoa osatu zuen Fernando Larrukertek (1934-2016). Adiskide eta gertukoei esaten omen zien zinemaren hautua egin beharrean musikaren bidean aurrera egin izan balu —Irungo Alaiki eta Kamara abesbatzak sortu eta zuzendu zituen— ez zuela arazo ekonomikorik igaroko. Honela oroitzen du Juanmi Gutierrez zinemagile eta Larrukerten adiskideak: «Bere ustez, ez zitzaion ondo atera zinemaren ibilbidea; gure ustez, bai, eragin handia izan baitu ondoren euskal zinemagileengan». Atzo aurkeztu zuen Euskadiko Filmategiak Desde la frontera: el cine de Fernando Larruquert liburua, Donostiako Tabakaleran. Carlos Roldan Larreta Filosofia eta Letretan doktorea —La producción cinematográfica en el País Vasco tesia egin zuen— eta Gutierrez bera izan dira egileak. Joxean Fernandez Filmategiko zuzendaria izan dute une oro alboan.

Liburuaren aurkezpenean Larrukert bera egotea espero zuten denek ere: «Ez da posible izan, eta penatuta gaude. Berak ere bazekien liburua egitekotan ezin zela gehiago itxaron», zehaztu zuen Fernandezek. Izan ere, ez zuten egileek lan erraza izan Larrukert konbentzitzen; bere zinema ibilbidean oinarrituriko liburu bat egiteak ez zuen liluratzen, baina azkenean lortu zuten. «Ezagutu nuenean, 1990eko hamarkadan, askotan hitz egiten genuen zinemaz, gustuko zuen. Azken bolada luzean, ordea, ez zuen zinema konturik aipatu ere egiten», gogoratu du Roldan Larretak. Deslilura handi bat jasan zuen zinemarekiko Larrukertek denborak aurrera egin ahala. «Hainbat proiektu ezin izan zituen garatu, eta horrek etsia ekarri zion; ez zuen finantzaketarik lortu».

Esate baterako, Euskal Herri-Musika (1978) filma egitea lortu zuen, baina berez serie oso baten lehen filma izateko sortu zen: «Lehengo hau euskal musika tradizionalaren ingurukoa zen. Euskal kulturarekin loturiko film gehiago egin nahi zituen; musika modernoari buruzkoa, artisautzari buruzkoa, arte sorkuntzari buruzkoa...».

Elkarrizketa luzea, oinarria

Liburua osatzeko elkarrizketa luze bat egin zioten egileek Larrukerti: «Elkarrizketa sakona da, berak eta bere familiak Irunen duten Lamia argazki dendan zuen bulegotxoan egina, eta zinema egiteko arrazoi sakonez hitz egiten du, baita gero zinema erabat baztertzeko arrazoiez ere». Larrukertek berak idatzitako testuen bilduma da liburuaren bigarren zatiak jasotzen duena, «Larrukert intimoago bat» azaltzen duena: «Ikusten da zein grinarekin bizi zuen dena; beregana joan eta agurtu aurretik, besarkatu egingo zintuen. Bere keinuak oso fisikoak ziren. Bestetik, zinemaren eta bizitzaren aurrean jarrera heterodoxoa zuen, eta bere herria asko maite zuen. Euskal kulturaren munduko jende askorekin izan zuen adiskidetasun harremana, Jorge Oteizarekin, batez ere, baina baita Bitoriano Gandiagarekin,Nestor Basterretxearekin, Jose Migel Barandiaranekin edota Montxo Armendarizekin ere».

Armendarizek berak idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Liburua argitaratzearekin batera, haren bi film emango dituzte gaur Tabakaleran bertan, 19:00etan: Alquézar, retablo de pasion (1966, Nestor Basterretxearekin egina) eta Euskal Herri-Musika (1978).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.