Desjosita ere ederra baita...

«Bizitzaren jipoia» bere larruan onartuta sortu ditu lan berrirako kantuak Txuma Murugarrenek. Zazpigarren diskoa izango duenari errematea ematen ari zaio, Mutrikuko Ame estudioan. Bederatzi-hamar kantu izango ditu, eta Gaztelupeko Hotsak-ekin argitaratuko du, irailean.

Txuma Murugarren, Gaizka Isunza eta Axular Arizmendi, Mutrikuko Ame estudioan, Murugarrenen lan berria izango denaren grabaketa saioan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Mutriku
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Estudioko kabinaren barrenean dagoena Gaizka Isunza da, Audience taldeko kantaria. «...arbolen hostoak errepidera erortzen zireeeeeen bitartean...», ari da behin eta berriro kantatzen. Dirua falta zaigu kantua etxean entzunda etorri da estudiora, Txuma Murugarrenek, abestiaren egileak, aurrez bidali baitzion grabatua. Egileak bazkalosteko txupitoa errematatzen duenak baino azkarrago hartu dio tonua abestiari; ez hori bakarrik, bere ohiko gustu onez jantzi baitu. Baina Isunza bera ez da erabat gustura: «Berriro grabatuko dugu zati hori; hobeto afinatu nahi nuke». Eta Murugarrenen arrapostua: «Egin berriro nahi baduzu, baina primeran dago. Nire ahotsarekin desjosia geratzen bada, ez du inporta; ukitu polita ematen dio». Inperfekzioaren bilaketa betierekoa. Oraingoan, are gehiago. Murugarren: «Nik nahi dut zerbait egiazko lortu, ez dut kantu itxuroso bat nahi. Ez ditut kantu politak nahi, baizik eta sendoak, sustraia dutenak, zerbait esateko daukatenak, bereziak... ez kantu hit horiek, estrofa-errepika formula darabiltenak...». Hasieratik planteatu zuen lan berriak izan behar zuela «lakarra». «Eta horrela egin dugu». Hainbeste gustatu zaio Isunzak egindako ekarpena, ezen beste kantu batzuetan ere ahotsa sartzeko eskatu baitio. Steel gitarra ere hark sartu du kantu berean.

Aldapaz aldapa iristen da bat Mutrikuko (Gipuzkoa) Atxitxin kaleko Ame musika estudiora. Han dira Murugarren bera, Isunza eta Axular Arizmendi estudioko ugazaba eta soinu teknikaria. Murugarrenen disko berriaren grabaketari errematea jartzea dute erronka. Horretan ari dira goizaz geroztik, eta horretan igaroko dute arrats luzea ere; solasaldi lagunkoi eta garagardoz lagundutako atseden tarte ezinbestekoekin batera. Aldapaz beterikoa da musikariaren bidea ere, are gehiago garaiotan. Edo ez, «beti izan baita aldapatsua sortzailearen ibilia». Baina baita irakaspenerako abiapuntua ere. «Bizitzak jipoitzen zaitu, uste baino gehiago, biluzi eta umildu, zure benetako tamainara egokitu...». Irakaspen horiek bildu nahi izan ditu Murugarrenek amaitzear den lan berrian. «Bizitzara eta musikara bideratutako gogoeta da, baina bizitzara begiratzen dut batik bat. Kantatzen eta kontatzen dudana nire bizi esperientzia da. Eta bizi esperientzia horrek dituen mugez eta gabeziez ez zara kontziente, denborak zure txokora eramaten zaituen arte. Onartu egin behar da, baina onartzea gaitza izaten da». Berari asko kosta zaion galdetuta: «Ni oso pesimista izan naiz neure buruari begira. Ez dut sekula sinetsi nigan; oso gutxi sinetsi dut. Esaten didate: 'ez da posible ez sinestea zugan eta gauzak egitea musikan'. Baina, akaso, horregatik egiten ditut kantuak, ez dudalako sinesten, eta ea hauetakoren batean sinesten dudan. Betidanik susmatu izan dut ez naizela laostia, beraz...».

Beraz, jipoiak jipoi, berriro lanean jarri da. Sei urte igaro diraB aldeko kantuak (Gaztelupeko Hotsak, 2010) plazaratu zuenetik, eta hiru Angel Unzurekin batera 14 abesti eta 13 istorio txiki (Gaztelupeko Hotsak, 2013) atera zuenetik. Zerbait kontatu eta kantatzeko ordua heldu zaio, « ez baitut bizirik irauteko egiten hau». Eta zer du egun kantatu eta kontatzeko Murugarrenek: «Bizitzaren eskarmentuaz gain, irudi oso potente batzuk ditut buruan bueltaka. Adibidez, auzokidearen etxean oihuak eta kolpeak entzutea. Horrek izugarrizko etsipena, larritasuna ematen dit. Egiaztatu egiten duzu susmatzen zenuena. Guztiok garela... oso gizarte bortitz eta itsusi batean bizi garela. Jendearen arteko harremana gehienetan oso hipokrita izaten dela. Bakoitzak bere kontuak gorde egiten ditu. Gure hesiak jartzen ditugu. Emango dut zure laguna naizen itxura, eta betiko naukazula, baina ez da egia... Hutsune handi bat dago hor».

Hutsune hori betetzeko, musika bezalako botikarik ez dauka. Horregatik, grabaketa saioak lagunartean egiten saiatzen da. Bakarkako zazpigarrena ia amaitua du: azken ahotsak eta ñabardurak sartzen eta fintzen ari da. Isunzaren laguntza izan du aurreko lan batzuetan ere. Ez da kasualitatea. «Disko bat egiten ari naizenean, lagunekin egotea gustatzen zait. Gaizka aspalditik ezagutzen dut, eta nahi izaten dut berarekin egon. Aitzakia ona da arratsalde eder bat pasatu eta ahalik eta gauzarik txukunena egiteko. Gaizkak ez du kale egiten gainera». Eta beste horrenbeste egiteko dauka oraindik Asier Ituarte tronboi jotzailearekin eta Angel Unzu gitarristarekin ere. «Angeli egin diot aurreko diskoan Audience taldeari egin nion proposamen bera: 'Kantu bat daukat. Egizu bertsio bat, eta gero kantatuko dut nik'. Gitarra hutsezko kantua izango da. Ikusiko dugu diskoan sartzen den edo ez».

Guztiek batera grabatua

Gainerakoan, ohiko taldea alboan: Mikel Ramirez (gitarra), Ekaitz Hernandez (baxua), Natxo Beltran (bateria) eta Rafa Aceves (teklatuak). Inoiz baino alborago oraingoan. Musikari guztiek kantuak hasi eta buka grabatu baitituzte elkarrekin, zuzenean jotzen baleude bezala. Aspaldiko gogoa zuen guztiek elkarrekin jotzekoa, baina orain «ausartu» da. «Ez naiz batere estudioko animalia. Ez zait asko gustatzen estudioa. Egin behar den gauza bat dela pentsatzen dut, diskoa grabatu nahi baduzu behintzat. Eta, horregatik, hain zuzen ere, arin egitearren, denok batera grabatzea nahi izan dut». Axular Arizmendi soinu teknikariak irribarre eta keinu bihurriz begiratu dio aldamenetik. «Axular beldurtu egin zen asmoa aipatu nionean. Estudioa txikia baita, eta ez zuen ikusten nola sar gintezkeen estudioan. Baina egin dugu, eta beste leku batera eraman gaitu gainera». Zein den leku berri hori? Bada, orain artean grabatu duen «diskorik onena», egilearen hitzetan. «Jakina, beti esaten dugu hori, baina... Oso disko narratiboa da; hor du pisua eta berezitasuna. Eta taldeak indarra, dramatismoa gehitu dio. Denok batera egin dugu, eta indar berezi bat sortu da. Momentu oro egon gara kantuaren bila guztiok. «Ez gara egon 'ea nire instrumentua nola entzuten den'. Hor dago beste diskoekiko desberdintasunik handiena, denok aritu garela kantuaren bila». Soinu sendoa dute kantuek; ehundura sakona eman diote pop kantugileari.

Bizipenetatik abiatutako kantuak dira Murugarrenenak; ondo bidean, irailean argia ikusiko dute, eta, aurrekoak bezala, Gaztelupeko Hotsak-ekin plazaratuko du lana. Bizipenek eraman dute Sopuerta (Bizkaia) utzi eta Mutrikun bizitzera ere. «Korrika alde egin genuen handik. Eskola publikoa nahi genuen haurrentzat, baina ez genuen lortu. Herriak berak kontra egin zuen, eta oso gaizki pasatu genuen. Zergatik Mutriku? Leku ederra delako, euskalduna, eta bazelako etxe txiki bat». Desjositako bizipen gordin horren ondorioz, Arizmendi eta haren estudioa ezagutzera. «Herrian bertan daukat, probatu dut, eta oso gustura aritu gara lanean».

Bederatzi edo hamar kantu izango ditu lanak, «orain arteko lanek baino gutxiago». Ez du behin betiko izenik oraindik. Azken errematea eman zain, bizitzan bezala kantu desjosietan badelako istorio erakargarririk, abesten geratu dira estudioan Murugarren eta bereak: «Ura igaro da kaleko zirrikituetatik barrena/ eta idortu zaigu lurra/ promesa guztiak zimeldu/ eta agian joateko ordua da honezkero/ orain arte konturatu ez banaiz ere....».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.