Ostiralekoa. Erakusketa

Desizoztear dauden artelanak

Dario Urzaik azken 25 urteetan egindako piezen sorta bat jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak ezaugarritzen du obra

Dario Urzai artistaren Frakzio batean [Itzulgarria] erakusketa jarri dute ikusgai Donostiako Kubo Kutxa aretoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Beti diot ezezagun handi bat naizela hemen». Dario Urzai artistaren (Bilbo, 1958) hitzak dira, eta, aitortu duenez, azken 22 urteetan ez du erakusketa indibidualik eduki Euskal Herrian. Luze egin zaio bidea, baina arantza kentzeko aukera izango du orain: Frakzio batean [Itzulgarria] izenburupean, artistak azken 25 urteetan egindako obren sorta bat erakutsiko du Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Gaur zabaldu dute erakusketa, eta 2024ko martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Margolanek, argazkiek, marrazkiek, inprimatzeek eta bideoek osatzen dute erakusketa. Urzairen arabera, baina, aretoan dagoena «icebergaren punta» baino ez da. Obren arteko gurutzatzeetan eta horien arteko harremanetan jarri du fokua, eta azaldu du erakusketa ez dagoela kronologikoki antolatuta: «Inoiz ez zait interesatu era kronologikoa, baizik gauzak denboran nola harremantzen diren. Egin dudan guztia jarraipen bat da. Objektuak gutxi inporta zaizkit, baina asko horien artean sortzen diren erlazioak. Gauzak artikulatu nahi nituen, harreman batzuk egin». Hala, obren arteko elkarrizketa bat proposatzen du. «Forma askoko erakusketa bat da».

Besteak beste, pinturaren eta argazkigintzaren arteko loturak ezaugarritzen du Urzairen obra. Onandiaren esanetan, horien arteko «harreman konplexuak» lantzen dira erakusketan, eta «modu erabat naturalean, sinbiosi forman» heltzen die egileak. Urzaik, halaber, azpimarratu du «pinturan egoteko modu bat» dela argazkigintza.

Lurraldearen irudikapen kartografikoan eta geologiaren urtzean ere ardazten da erakusketa. «Camera strokeak —artistak, kamera eskuan, ausazko ekintza performatibo eta espresibo gisa hartutako irudiak—, negatiboak, lurraldearen airetiko irudiak eta materiaren urtzea dira erakusketako alderdi nagusiak», azaldu du komisarioak.

Hain zuzen, Urzairen praktika artistikoak bi ezaugarri nagusi ditu: sofistikazio teknikoa eta «prozedura tradizionalen mugak gainditzen dituen» askotariko erregistroa. «Ezezagunaren bila» aritzen da artista, eta, Onandiaren arabera, «begiradaren eta pertzepzioaren inguruko espekulazio etengabearen emaitza» da haren lana.

50 obra baino gehiago

Urzaik 1997tik 2023ra bitartean egindako 50 obra baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta sei ataletan banatuta daude horiek: Sedimentu urtuak; Fotografikoa abiapuntu; Airetiko irudiak; Erretinako topografiak; Denbora hedatu bat; eta Camerastrokeak. «Aro digital batean erabat murgilduta gauden honetan, Urzairen lanean negatibo fotografikoa izango da abiapuntua, prozedura, eta baita obraren emaitza ere. Ez da ezinbestean errealitatearen negatibo literala, sorkuntza puntu bat ere badago», adierazi du Onandiak.

Geologiaren edo sedimentuen nolabaiteko urtzeari dagokionez, Urzaik harrizko moldeen bidez egindako buztin izoztuko gorputzak hartzen ditu, eta horiek euskarri batean utzi, egoera likidora iritsi arte. Artistak ehunka argazkiren bidez erregistratzen du desizozte hori, eta hainbat obraren oinarri dira gorputz horiek.

Airetiko irudiak ere prozedura inportante bat dira Urzairen obran eta Kubo Kutxa aretoko erakusketan. Horien artean, Errioxan (Espainia) egindako argazki batzuk nabarmentzen dira: «Lurrak, mendiak, basoak, bidexkak eta belardiak izaera piktorikoko eremu bihurtuko dira. Irudi horiek erakusketa osoa biltzen dute».

Camera stroke da nabarmentzen den beste prozedura bat. 1991n Urzaik hainbat argazki egin zituen Burgosko (Espainia) katedralaren barruan, airean ausazko mugimendu adierazkorrak eginez. Artistak gerora garatu dituen obra askoren oinarri izan dira irudiok. Burgosko katedralean egindako argazkitik sortutako El ausente obra da erakusketako zaharrena, eta han egin du, hain zuzen, azken pieza ere, ekintza performatiboa errepikatuta. «Erakusketa muntatzen ari ginenean, azken argazkia egitera Burgosera joateko beharra izan nuen». Orain gutxi egin dituen beste lan batzuk ere badaude ikusgai.

Urzaik esan duenez, haren obra ugari «izoztuta» egon dira urteetan, eta ikusleak horiek desizoztea nahiko luke. Erakusketan dauden obretatik bi soilik egon dira ikusgai Euskal Herrian. «Beste guztiak ez dira inoiz ikusi».

Horrez gainera, artistaren lana testuinguruan jartzeko, Mikel Onandia komisarioak hitzaldi bat emango du hilaren 23an, gazteleraz: Denbora hedatu bat. Dario Urzairen (ez) pintura; eta urtarrilaren 25ean solasaldi bat ere izango da Txomin Badiolaren eta Dario Urzairen artean. Margolaria, argazkilaria eta artista plastikoa da Urzai, eta berrogei urteko ibilbide oparoa du. Hainbat erakusketa egin ditu nazioartean, eta haren lana museo ugaritan dago jasota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.