Nora Aurrekoetxea. Artista

«Desirak ez dauka estatus sozialik»

Psikologia, sexologia eta artea uztartzen ditu Aurrekoetxeak. Eskultura, testua zein performancea darabiltza horretarako, eta horregatik eman diote sorkuntzaren Gure Artea saria.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Sekulako lore usainarekin bueltatzen nintzen etxera». Osasun krisia piztu aurretik, loradenda batean egiten zuen lanarekin uztartzen zuen bere artista jarduna Nora Aurrekoetxeak (Bilbo, 1989), eta eskuak sudurrera eramanez gogoratu du laneguna bukatu osteko plazer txiki hura. Hiruki moduko bat osatzen dute psikologiak, sexologiak eta arteak haren praktikan, baina, hain justu, loreei buruz hasitakoan eman du solasaldiko arteari buruzko deskribapenik gardenenetako bat: «Loreak dira artearen modukoak: hutsik daude, baina badator pertsona bat, eta betetzen du esanahiz funtzio konkretu baterako». Bilbon Okela Sormen Laborategia martxan jarri zuen hasierako artista taldeko kide da Aurrekoetxea, Londresen izan zen ikasten gero, eta Herbehereetan bizi da egun. Sorkuntzari dagokion Gure Artea saria jasotzen izan da egunotan Euskal Herrian, eta lan bat ere aurkeztu du Bilboko Guggenheim museoak ireki berri duen Basque Artist Program erakusketan.

ETAren su etenaren ostean euskal gatazkaren iruditeriarekin zer gertatzen zen aztertu zenuen 2016an Laura Ruiz artistarekin batera Bilbo Arten egindako erakusketan. Erabat bestelako gaiekin zabiltza egun. Agortu egin zen bide hori? Beste kezka batzuk sortu zitzaizkizun?

Gogoa neukan Euskal Herritik beste norabait joateko eta ikastera bueltatzeko. 2013an bukatu nuen Arte Ederren karrera, eta bost urte eman nituen Lauragaz lanean eta Bilbon Okela Sormen Laborategia sortzen, eta Londresera ikastera joateko beka bat eman zidaten orduan. Laura barik ni nor nintzen deskubritu behar izan nuen, eta ez zeukan zentzurik euskal gatazkaren inguruan lan egiten jarraitzeak Londrestik. Ez zen gaia agortu, baina itxiera bat izan zen. Egia esan, oso amaiera polita izan zuen gure elkarlanak.

Hor topatu zenituen bide berriak?

Eskultura master bat egiten egon nintzen han, eta, lehen kurtsoan, testu bat idazteko eskatu ziguten. Saiakera bat zen, baina oso librea izan zitekeen. Idazketa bera ulertzen zuten sormen ariketa modura. Nire ni-aren bila sexologiara bueltatu nintzen.

Hain zuzen, arte ederrekin batera hori baita zure beste ikasketa ildoa.

Londresera joan aurretik sexu hezkuntzan egiten nuen lan, eta samurtasun tailerrak ematen nituen. Londres da hiri bat daukana energia oso potentea, eta ni oso sentibera naiz. Hiriak etengabe mugitzen ninduen, eta denbora guztian aldatzen zitzaidan egoera emozionala. Autoetnografia erabiltzen zuten autore batzuk deskubritu nituen, norbere bizitza ikerketarako material modura baliatzen dutenak, eta esperientziatik lan egin nahi nuela erabaki nuen, nire esperientziarekin eta besteenarekin ere bai. Testuak lantzen hasi nintzen, eta performanceak ere bai. Erabaki nuen samurtasun tailerrak ematea eskultura masterrean, eta hori izan zen gerora landu ditudan lanentzako disparadore nagusia.

Euskal Herria utzi aurretik zenuen lan metodoa ere asko aldatu zaizu?

Unibertsitatea bukatu berritan Laurak [Ruizek] eta biok asko egiten genuen lan proiektutik. Zuloen lana izan zen lehenengo [ETAk lehergailuak eta armak gordetzeko baliatutako gordelekuen hedabideetako irudikapenak ziren haren ardatza]; ideia izaten zen abiapuntua, eta ez hainbeste materia edo forma. Unibertsitatea utzi genuenean utzi genuen atzean proiektuka lan egiteko modu hori, eta horrek aukera eman zigun materialtasuna lantzeko, eta gaitik askatzeko, nahiz eta gai konkretua zeukan atzean.

Materiala bere gordintasunean erakusteko zaletasuna igar daiteke zure lanetan. Guggenheim museoan erakutsi dituzun pladur xaflak izan daitezke adibide bat. Esanahi bakar bati ihes egitea errazten dizulako?

Ez dakit esaten zergatik. Ez da hemendik datorren erantzun bat [buruari egiten dio keinu], gehiago da zer sentitzen dudan egiten dudan bitartean. Zoriz irteten diren gauzak ere badira, galtzen duzulako kontrola, eta beti dagoelako hainbateko espazio bat buruan daukazun irudi horretatik gero materiak uzten dizunera. Materialak hitz egingo balizu bezala da, eta hori estaliko banu, izango litzateke materia ez entzutea bezala. Eta gustatzen zait elkarrizketa hori.

Ikusleak gero objektu hori bakarrik ikusiko du, normalean ez duzulako esplizituki erakusten atzean daukan lan intelektual hori guztia. Erraza zaizu atzean dagoen hori guztia galdu egingo dela onartzea?

Hori da gustatzen zaidana. Bestela izango zen errepresentazio bat, eta ez zait interesatzen. Baditut interes teoriko batzuk ere, eta ezin naiz zentratu bakarrik interes formaletan, nahiz eta horiek ere hor egon. Ez dakit oso ongi paraleloan doazen biak edo elkar gurutzatzen diren. Egia da gero obran materialki igual ez dela ikusten, eta ni poztu egiten nau hori horrela izateak. Gustatuko litzaidake hitz egiten ikastea nire lanari buruz jausi barik ohikoa den deskripzio horretan. Irakurtzen badituzu beren lanei buruz artistek egindako deskripzioak, denak daude berdin idatzita, berba ezberdinegaz. «Interesatzen zait hau edo beste gaia, eta kezka hori formalizatzen da horrela eta horrela». Berdinak dira denak.

Ezerosoak zaizkizu konbentzio horiek.

Londresko beka jasotzeko gomendio gutun bat behar nuen, eta Asier Mendizabalengana joan nintzen. Urtero 800 eskari jasoko zituztela esan zidan, haietako 600 txarrak izango zirela esan zidan, eta beste 200 horien artean, 100 izango zirela normalak eta beste 100, berriz, arraroak. Eta nik arraro horien artean egon nahi nuela esan zidan. Nola da posible artista bakoitzak ezberdin jardun arren, gero denek berdin idaztea? Badirudi arteak ez duela ikasi oraindino bere buruaz aritzeko modua. Argigarria izan zen Mendizabali hori entzutea.

Desira. Guggenheimeko erakusketako aurkezpenean aipatu zenuen hitza, eta elkarrizketa lotzeko hartu-emanean ere atera da behin baino gehiagotan. Hori da zure lanaren motorra?

Bai, guztiz. Irakurtzen dudana gehienbat hortik doa, eta interes intelektual handia diot: sexologian hori da lantzen duguna batez ere. Zelan izaten ditugun harremanak, zer dinamika sortzen diren... Ez da «gustuko zaitut» edo «ez zaitut gustuko», kalean esan ohi dugun bezala; askoz ere konplexuagoa da, eta da superpolita. Eta uste dut ez diogula daukan garrantzirik aitortzen, eta ez daukala estatus sozialik desirak.

Hain zuzen ere, ornamentuari eta egiturari buruzko gogoetak aipatu zenituen Guggenheimen ikusgai dagoen Koilaratxoa (Spooning) obraren muinean. Desirarekin lotuta dago hori ere?

Bai. Ikaragarria da. XX. mendearen hasieran, erreboluzio industrialagaz, sortu zen debatea, ordura arte eskuz egiten zirelako ornamentu guztiak, eta denbora eskaintzen zitzaiolako, eta ordutik aurrera makina batek ahal zuelako egin hori guztia askoz ere arinago eta merkeago. Ornamentua, apaingarri modura ulertuta, kapritxoarekin lotu ohi da, eta badirudi kapritxoa txarra dela. Negatiboa da. Niri oso garrantzitsua iruditzen zait desirari estatus hori ematea, eta esatea baina desirarik gabe nora noa? Zein da nire motorra? Baina ez bakarrik nire lanean, baizik eta bizitzan. Gogo barik egitea...

Koronabirusaren osasun krisia heldu aurretik, loradenda batean lan egiten zenuela ere aipatu zenuen Guggenheimeko aurkezpen labur hartan.

Loreak. Hor zabiltza hazten elementu batzuk egun gutxiren buruan hil egingo direnak. Ez daukate funtziorik. Edo, bueno, hori da uste duguna, ze izan, erabat behikularrak dira!

Barkamena eskatzeko, maite zaitut esateko, gogoratzen zaitugu...

Ez da apaingarria bakarrik. Emozioei buruz ere asko irakurtzen dut. Eta jendea lore dendara zetorren loreak erostera, baina zen terapia toki bat. «Txakurra hil zait», eta halakoak. Loreak ziren artearen modukoak: hutsik daude, baina badator pertsona bat, eta betetzen du esanahiz funtzio konkretu baterako.

Gure Artea saria jaso eta hurrengo egunean bertan aipatu zenuen beste lanbide horretan ere bazenbiltzala. Ez da gehiegitan ezagutarazten den zerbait.

Uste dut dagoela klase irudi perbertitu bat artisten inguruan. Estereotipo asko daude artistei buruz. Alde batetik, badago artista prekarioaren irudi hori, baina gero ingurukoek maiz nitaz bueltatzen didaten irudia dago glamour moduko batean bilduta. Eta ez. Ez da ea nork sufritzen duen gehien, baina arteak badu ikusgarri egiten ez den beste alde bat, eta arteari buruz publiko egiten den dena da bling-bling.

«Frustratu egiten nau balidazioa beti kanpo indarretatik datorrela ikusteak». Horixe aipatu zenion Lorena Muñoz-Alonso kritikari eta komisarioari 2020an Londresen egindako erakusketa baten katalogoko testuan.

Bai, sariarekin gertatzen ari dena ere hori da.

Ezerosotasun puntu bat dakar horrek?

Eskerrak ematen ditut, noski, baina dinamikak egiten zaizkit arraroak, eta bat-bateko atentzioa egiten zait bortitza. Arcon gertatu zitzaidanean ere hori izan zen. Lehen aldia nuen azoka hartan, inork ez ninduen ezagutzen, eta saria eman zidaten [2020an]. Nor da Nora? Eta abizenagaz ere... Badakit beharrezkoa dela, baina hitz egiten duzu artisten artean, eta gehienek ez dituzte gustuko halakoak, eta, igual, saiatu behar genuke estrategiak topatzen zelan zaindu dezakegun elkar, edo eremu horiek alda daitezen eskatzen. Uste dut zaintza gehiago eman behar zaiola horri. Ulertzen dut aitortza oinarrizko behar emozional bat dela, baina artean dena gertatzen da horren bitartez, eta dena da nahiko efimeroa. Ahalegintzen naiz horri garrantzirik ez ematen, eta, horregatik jende batek, nire familiak adibidez, esaten dit egoteko pozik.

Guggenheim museoan egoteagatik, adibidez.

Guggenheim museoak dauka botere sinboliko ukaezina, baina euskal artistentzat egin duen lana, 25 urteotan, nik uste dut ez dela izan nahikoa. Eta aukerak dituenean benetan ikusgarritasun bat emateko, kasu honetan bezala, ba ez dut uste benetan aprobetxatzen dutenik. Gu ez gaituzte aukeratu egiten dugun lanagatik, baizik eta New Yorkera joan ginelako [Guggenheim museoak martxan duen Basque Artist programari esker]. Gure lanak ez dira elkarrekin hizketan ari, eta niri elkarrizketa hori interesatzen zait gehiago. Pozik nago aukeragatik, eta hau ez da Guggenheimen kontrako ezer, baizik eta proposamen bat birpentsatzeko zer botere sinboliko ematen diegun espazio batzuei.

Testuingurua aipatu zenuen Gure Artea saria jaso zenuenean, eta artisten arteko sarea sortzeko beharrak eraman zintuzten zu eta beste hainbat sortzaile 2014an Okela Sormen Laborategia irekitzera, Bilbon.

Nik neuk jarraitzen dut behar bera sentitzen. Oinarrizkoa da testuingurua. Nire praktikan ezinbestekoa izan da, eta hala dada gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.