Epilogorik gabe jarri dio izena Elena Sanchezek (Barakaldo, Bizkaia, 1967) argitaratu berri duen poesia bildumari. Dena den, liburuaren azken atala Epilogoa izendatu du. Hortaz, liburuak badu epilogorik?
Liburuaren amaiera «tranpa txiki» bat dela aitortu du idazleak: «Fernando Pessoak esan ohi zuen moduan, poeta iruzurgilea da, eta baditu lizentzia txikiak horretarako». Poema bilduma «epilogorik gabe jaio» zen, «zabalik» uztea baitzen Sanchezen hasierako asmoa. Baina gero, egileak epilogo bat «oparitu» nahi izan zion egindako lanari, «desesperantzari esperantza izpi bat» emateko. Dena den, irakurleari bota dio erronka: «Epilogoa idazteko dago, irakurleak berak idatzi behar du».
Nolanahi ere, azken hitzak idazteko, aurretik zer dagoen ikusi behar da. Beraz, zer topatuko du irakurleak poema bilduman? Inazio Mujika Iraola Ereingo editoreak azaldu du epilogoaren aurretik bi ataletan banatuta daudela liburuko poemak: «Lehena nahiko ezkorra da, prekaritatea, deserrotzea, ziurgabetasuna eta antzerakoak lantzen dituelako; bigarrena, aldiz, baikorragoa, ahalduntzeko eta erresistentziarako mezuak zabaltzen baititu».
Testuingurua bulkada
Sanchezek azaldu duenez, hasieran ez zuen liburuaren egituran pentsatu. Baina ez da kasualitatea liburua bi zati horietan banatu izana. Liburuaren lehenengo poema 2022ko martxoan sortu zuen idazleak: «Une horretan, pandemia batetik ateratzen ari ginen. Hori gutxi ez, eta Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka gordindu egin zen. Ondotik etorri ziren Gazako genozidioa, Libano, Yemen, eta abar». Eta horri guztiari klima larrialdia, migrazio krisia eta gizarte «sasi-anestesiatua» batu zitzaizkion, Sanchezen hitzetan.
«Bulkada» horretatik sortu zituen idazleak lehen poemak. «Desilusio batetik jaio dira, mundua gutxi batzuen eskuetan dagoela eta gehiengoarentzat etorkizunik ez dagoela ikustetik». Etorkizun hitza lausotu dela iritzi dio, eta horrela izendatu du lehen atala: No future (Etorkizunik ez).
«Desilusio batetik jaio dira poemak, mundua gutxi batzuen eskuetan dagoela eta gehiengoarentzat etorkizunik ez dagoela ikustetik»ELENA SANCHEZIdazlea
Editoreak azpimarratu du idazlearen emozio pertsonalak ageri direla liburuan, baina baita errealitate sozialak eta politikoak ere; «azken finean, politikoa baita ikusten dugun guztia». «Garai hauekiko nahigabea islatzen dute poemek, iraganeko utopiak galdu eta amets kolektiboek porrot egin duten garaiekikoa», gehitu du Mujikak.
Bigarrena, lehenaren erantzuna
Sanchezek ez zion liburuari amaierarik eman nahi. «Baina uste dut etorkizunik ez ikusteak beldurra eragin zidala eta beldur horri aurre egin nahi izan niola, itxaropenik gabe bizitzea ez bizitzea bezala baita». Orduan, Audre Lorde poetaren esaldi bat etorri zitzaion gogora: «Beldurra ezagutzeak aske egiten gaitu». Eta ideia horri tiraka sortu zen Beldurraren tiraniaren aurka, liburuaren bigarren atala.
Zati horretan poemek «beste kolore bat» dutela aitortu du idazleak, baita «beste tonu bat» ere: «Begirada erresilientea dago hemen: minari aurre egiten diot. Nolabait esateko, norbere ametsak urrun ikustean zerk mugiarazten gaituen pentsatzen ibili naiz, zerk mantentzen gaituen bizirik».
«Begirada erresilientea dago: minari aurre egiten diot»ELENA SANCHEZIdazlea
Sanchezen arabera, amets txikiek, borrokek eta haren babeslekuek osatzen dute bigarren zatia, baita musikak, literaturak eta maitasunak ere. «Erresistentzia eredu xumeak ekarri nahi izan ditut lehen lerrora, borrokatu eta iraun duten emakume idazleak, esaterako». Hari beretik, editoreak nabarmendu du hainbat kultur erreferentzia aurki daitezkeela liburuan barrena, hala nola Elliott Murphy, Audre Lorde, The Clash, Pink Floyd, Anari...
Idazkera estiloa eta saria
Mujikak esan duenez, estilo poetiko «erakargarri» bat erakusten du Sanchezek liburuan, «hizkuntza indartsua, irudi biziak eta metaforak baliatuz». Haren poesiak «ikusmen eta emozio esperientzia bat» eskaintzen duela uste du, eta irakurlea atmosfera ezberdinetara eramaten duela. «Liburu honek, erresistentziari ez ezik, emakumeen ahotsei ere omenaldi bat egiten die, isiltasunaren garai honetan».
Sanchezek liburuan batu duen poema sorta irabazle suertatu zen XVI. Blas de Otero-Angela Figuera nazioarteko poesia lehiaketan. Epaimahaikoek «liburuaren batasun formala eta espresiboa» nabarmendu zuten, besteak beste.