Historiak ahotsik gabe utzi ditu euskaraz idaztera ausartu zirenak.Euskaltzaletasuna zango gainean zeramatenak 36ko gerraren testuinguruanezkutuan eduki zituzten, izen huts bilakatu diren arte. Horien artean dago Gurutz Sarasola Lotsati (Itsasondo, 1915 - Donostia, 1936). Idazlea jaio zela ehun urte bete dira aurten. Haren lana gogora ekartzeko, Ibon Sarasola euskaltzain osoa, Inazio Mujika Iraola editorea eta Alvaro Rabelli ikertzailea elkartu ziren asteazken arratsaldez Miramar jauregian, Juan Luis Zabala idazle eta BERRIAko kazetariaren gidaritzapean.
Sarasolak Koldo Mitxelenaren bidez izan zuen Lotsatiren berri. Bizitza eta maitasuna olerkia eman zion begirada bat bota ziezaion, eta Sarasola harriturik gelditu zen, 1934ko Eusko olerkiak-ekin konparatuta desberdina iruditu zitzaiolako. Poetak 25 olerki argitaratu zituen 1935 eta 1936 bitartean, baina gerra ostean ez zuten oihartzunik izan. Hori horrela, Sarasolak artikulu bat argitaratu zuen, eta orduan hasi zen «jendea mugitzen». Haren poemak biltzen dituen Ilunpetik argira (Alberdania) liburua da horren emaitza. Rabellik apailatu zuen, 2010ean.
Sarasolak uste du literatur kritika ez dela zientziaren alorra. «Literaturari buruzko literatura da». Baina, haren arabera, egindako kritikei arreta jartzen bazaie, liburuak harrera «ona» izan duela esan behar da. Teknika falta bazitzaion ere, edukia da hark Lotsatiren poemetan baloratzen duena.
21 urte besterik ez zuela, trenbidera botata hil zuen bere burua Lotsatik.«Idazten hasitako gaztea zen. Hastapenetan ahots bila zebilena», azaldu zuen Rabellik. Denetariko gaiak lantzen zituen. Batetik, mezu ideologikoak dituzten poemak utzi ditu. Euskararen, baserri munduaren eta abertzaletasunaren ingurukoak dira. Horiek poetaren alde ortodoxoena islatzen dute, Rabelliren arabera. «Euskal ohiturak onak eta kanpokoak txarrak» diren ideia dute oinarrian. Baina desamodioaren gaia gailentzen da. Rabellik uste du hori zela poetaren «benetako ahotsa». Haren aburuz, adierazgarritasunean da ona: «Sentitzen duena eta idazten duena bat datoz».
«Ez da sinbolista; existentzialista da», Rabelliren iritziz. Metaforak baino, mezu argiak zituen nahiago. Mujika Iraolak Eta papera behar duzu poema jarri zuen adibide gisa: «Gaur egungo musika talde batek kantatuko luke. Modernotasun puntu harrigarria du». Halere, «hiztegia oraindik egin gabe» zuela uste du Sarasolak.
Azken unera arte jarraitu zuen idazten Lotsatik. Hileropoema bat argitaratu zuen; horietako gehienak, El Dia egunkarian. Kaleratu zuen azkena, Nere maite ederra, hil baino egun batzuk lehenagokoa da.
Zergatik euskaraz?
Hizlariek ez dute argi zerk bultzatu zuen Lotsati euskaraz idaztera. Mujika Iraolak gogora ekarri zuen idazle asko, garai hartan, «euskara berreskuratzeko» bilakatu zirela euskal idazle. Sarasolak, ordea, zalantza bat du poetaren alfabetatzearen inguruan: «Euskaraz ondo jakiteak ez dizu aukera ematen euskaraz idazten hasteko». Ezin jakin daiteke non ikasi zuen Lotsatik idazten, ezta zergatik idazten zuen euskaraz ere. «Zergatik hasi zen euskaraz idazten? Garai hartan, abertzaleek ere erdaraz idazten zuten», azaldu zuen Sarasolak.
Laburra bezain misteriotsua daLotsatiren bizitza. Rabelliren arabera, haren olerkiak irakurrita, pentsa daiteke amodio eskaerari emandako «ezetzak» bultzatu zuela bere burua hiltzera. Hori dio kondairak. Baina Rabellik zalantza du desamodio horren atzean ezkutatzen denaren inguruan:«Idazten dion zu horren atzean dagoen musa hori haragizkoa ote zen? Nik ezetz esango nuke». Bere barne gabezia komunikatzeko zuen modu bat dela uste du. Haren arabera, barne gatazkakbultzatu zuen idaztera, baina ez horrek bakarrik. «Lotsatik bazuen asmoa idazlea izateko».
Mujika Iraolari urrunegi joatea iruditzen zaio esatea desamodioak bere burua hiltzera bultzatu zuela. Ziurrenik, «depresioa» tartean izango zela uste du. Familiako kide batek bat egin zuen ideia horrekin: «Paseatzera mendira joaten omen zen osaba batekin. Hori ez duzu egiten 19 urterekin». Rabelliren iritziz, argi dago gerra izan dela idazlea ezkutuan eduki duena, baina uste du suizidioa izan dela hura ikusarazi duena. Sarasolaren arabera, «morboa» du.
Kontua da zer egin gerrak sorturiko desertu horretan ikusezin egin zituzten idazle horiekin. Mujika Iraolak argi du historiografian kontuan hartu behar direla Lotsati eta beste hainbat. «Oso garai garrantzitsua da, ernamuinak sortzen ari zirelako. Iragana aldatu egiten da datu berriak agertu ahala». Unibertsitatea eta Internet presente dauden aro honetan, uste du ez dela hain konplexua 36ko gerraren testuinguruan argitaratutako testuak aztertzea.
Lauaxeta, Orixe eta Lizardi dira garai hartako idazlerik ezagunenak, baina horien atzetik belaunaldi berria zetorrela nabarmendu zuen Rabellik. Haren ustez, Lotsatiren ekarpenak, kualitatiboki hain esanguratsua izan ez bazen ere, pizkunde sasoi hori aberastu zuen.
Lotsati goitizenaren jatorria zein den ez dakite. Mujika Iraolak azaldu zuen baduela lagun bat mutua deitzen diotena, baina ez dela isilik egotea haren ezaugarri nagusiena. 21 urte, 25 poema. Horixe da eman zuena. «Aurrerapausoak eman izan balitu...». Ez zuen amaitu hasitako esaldia Sarasolak.
Desertuko oasiak, ezkutuan
36ko gerraren aurretik eta geroago, euskaraz idaztera ausartu zirenak isilarazi nahi izan zituzten. Sasoi hartan, ahots bila aritu zen Gurutz Sarasola 'Lotsati' olerkigilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu