Deserosotasuna akuilu

Literatura bertsoekin eta musikarekin uztartuko dute 'Kafkaren aulkia' irakurraldi bertsotuek

Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Idazlearen lana ardatz nagusi dutela, literatura bertsoekin eta musikarekin uztartuko dute Kafkaren aulkia irakurraldi bertsotuek, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek Pello Ramirez musikariarekin batera sortu eta Lanku zerbitzuak ekoitzitakoek. Saio bakoitzean idazle batek hartuko du parte, ordu erdiko irakurraldia eginez —edozein izan daiteke generoa: narrazioa, nobela bateko pasarte hautatuak, poemak…—, baina tarteka etenaldiak eginez, Uxue Alberdik eta Andoni Egañak irakurketa horretan oinarritutako bat-bateko bertsoak kanta ditzaten, testua —edo testuak— aldez aurretik ezagutu gabe. Pello Ramirezek, aldiz, aurretik jakingo du idazleak zer irakurriko duen, eta irakurketa horretan oinarrituta sortuko du emanaldian testuari laguntzekobiolontxeloarekin nahiz esku soinuarekin joko duen musika. Amaieran, Alberdik eta Egañak okasiorako jarritako bertsoak kantatuko dituzte, emanaldia egiten den herria, parte hartu duen idazlea eta eguneko bestelako xehetasun batzuk aintzat hartuz.

Kafkaren aulkia saileko aurreneko saioa Miren Agur Meaberekin egingo dute Alberdik, Egañak eta Ramirezek, urriaren 17an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Beste hiru saio dituzte hitzartuta dagoeneko: Eider Rodriguezekin Ondarroan (Bizkaia), Arantxa Urretabizkaiarekin Altzan (Donostia) eta Harkaitz Canorekin Deustuan (Bilbo). Saio gehiago egitea espero dute, eta saio horietan parte hartzeko prest dauden beste zortzi idazleren baiezkoa jasoa dute dagoeneko: Anjel Lertxundi, Eider Rodriguez, Oier Guillan, Unai Elorriaga, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Kafkak behar zuen aulkia

Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuko (Susa, 2005) Aulkien Historiako une estelarrak narrazioko atal batean, Franz Kafkak azaltzen dio Jaroslav izeneko arotzari ondo idatziko badu nahitaezkoa zaiola atzealdean koxka bat duen aulkia, deseroso sentitzeko, eroso sentituz gero ezin duelako ondo idatzi. Kafkak idazteko darabilen aulkiari eskatzen dionaren antzeko deserosotasun bat bilatu eta deserosotasun hori «akuilu» bihurtzea nahi dute Alberdik, Egañak eta Ramirezek, Alberdik azaldu duenez. «Deserosotasuna, ezohiko lurretan barneratuko garelako, edo ez behintzat ohituen gauden eremuetan. Bai idazlea, bai bertsolariak eta bai Pello Ramirez musikaria».

Arantxa Urretabizkaiak berehala eman zion baiezkoa Kafkaren aulkia saileko saio bat egiteko proposamenari. «Hurrengo berraragitzerako dozena erdi bat gauza ditut aurreikusiak, eta horietako bat bertsolari izatea da», azaldu zuen atzo, txantxetan, Kafkaren aulkia-ren aurkezpenean. Ez du bere burua aditutzat, baina txikitatik maite ditu bertsoak. Urretabizkaiak argi du, ordea, berarentzat ez dela inondik ere lan erosoa izango. «Beti esan izan dut nik idazten dudala irakurleak, irakurtzen duenean, ni ez nauelako aurrean; bestela ezin izango nukeela idatzi. Azken urteetan zabaltzen ari da idazleak jendaurrean irakurtzeko joera, eta pixkanaka-pixkanaka egin naiz. Literaturari dagokionez —kazetaritzako testuekin ez bezala—, oraindik ere lotsa ematen dit nire testuak jendaurrean irakurtzeak. Hori izango da niretzat Kafkaren aulkia-ren deserosotasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.