«Emea izatea egitate natural bat ote da? Ala antzezpen kultural bat da? Naturaltasuna ere ez ote da eraikia?». Alegia, ez ote diren gizon eta emakume, ar eta eme, eraikuntza kulturalak, horixe da Judith Butler pentsalari eta filosofoak (Cleveland, AEB, 1956) Genero nahasmendua. Feminismoa eta identitatearen subertsioa liburuan aletzen duena. Areago, kategoria finko horiek deseraikita, berriak sortzeko proposamena ere egiten du filosofo feministak. Egitearen egitez, eta orainean kokatuta, horrela sortzen dira arrakalak, pentsalariaren ustez. Proposamen horiek guztiak euskarara ekarri ditu Ana Isabel Morales itzultzaileak, Elkar eta Jakinek elkarlanean osatutako Eskafandra bildumak argitaratutako laugarren liburuan.
«Filosofian eta feminismoan liburu giltzarria da ondoko hau», hala aurkeztu du Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak Butlerren liburua. Ez da gutxiagorako; izan ere, Genero nahasmendua-k eragin handia izan zuen lehen aldiz 1990ean argitaratu zenean. Mugimendu feministaren hirugarren olatua delakoan eztabaida piztu zuen, baina, hortik harago ere, Agirrek azpimarratu du Butler Mendebaldeko pentsamenduaren filosofo garaikide nagusietakoa dela. Ez du gaurkotasunik galdu liburuak, eta, egun, queer teoriaren adierazle nagusietako bat da Butler.
Hainbat dira autorearen ekarpenak, Agirreren ustez: «Butlerrek ohartarazten du feminismoak emakume kategoria erabiltzen duela subjektu fundazional gisa. Baina ez ote du horrek egitura patriarkala eta heterozuzena are gehiago mugatzen, zabaldu beharrean?». Emakume kategoriaren berrikuspena eta deseraikuntza proposatzen du, hortaz. Bestalde, Butlerrek bazuen kezka etiko bat ere: epistemologia berri bat jarri zuen mahai gainean, bazter sexualetan dauden horiek bizitza bizigarriagoa izan dezaten. Eta, horretarako, xehe-xehe aztertzen ditu pentsamendu ilustratuaren proposamenak.
Hala ere, filosofo feminista ezagun egin bada, genero performatibitatearen teoriaren sorkuntzagatik egin da ezagun. Moralesek azaldu ditu teoria horren nondik norakoak: «Generoa egin egiten dela ondorioztatzen du Butlerrek. Ekintza errepikatu horien segida da genero eraikuntza. Beraz, muga horiekin ito beharrean, ekintzarako eta agentziarako aukera gisa erabil dezakegu egitate hori bera». Ondorioz, iragan eta etorkizun utopikoei erreparatu beharrean, unean-unean esku har daiteke antzezpen errepikatuaren bitartez, eta genero sistema bitarra deseraiki. Honela laburbildu du Moralesek: «Ez dago esentzialismorik, subjekturik edo naturarik. Kultura baino ez dago. Kultura baino ez gara».
Gogoeta horiengatik guztiengatik, «liburu erradikala» iruditzen zaio Genero nahasmendua, eta nabarmendu du genero performatibitateaz gain ugari direla Butlerrek lantzen dituen gaiak; izan ere, hiru ataletan banatuta dago liburua. Lehenean, emakume eta patriarkatu kategoria unibertsalen aurkako kritika osatzen du Butlerrek, eta, era berean, proposatzen du sexua ere kategoria moduan eraikia dela; generoak eta sexuak elkar elikatzen baitute egitate bera indartzeko. Kategoria horiek hautsi eta genero nahasmendua egitea proposatzen du Butlerrek, subertsio ekintza gisa. Horra performatibitatea.
Bigarren eta hirugarren ataletan, pentsamendu ilustratuko filosofo estrukturalisten eta psikoanalisten ideiak jaso eta horien inguruko gogoeta egiten du idazleak, xehe-xehe aletuz. Sigmund Freud, Jacques Lacan, Michel Foucault, Jacques Derrida, Luce Irigaray, Gayle Rubin, Monique Wittig... ugari dira Butlerrek eztabaidarako erabiltzen dituen autoreak. Amaitzeko, proposamen propioa egiten du: drag-aren figura erabiltzea gehiegikeriaren bidez erakusteko posible dela gorputz berriak sortzea.
Itzulpenaren gorabeherak
Garazi Arrulak liburuaren hitzaurrea itzuli zuen 2012an, baina lehen aldiz ekarri da euskarara Butlerren liburu bat. Erronkaz jakitun zeuden Eskafandrako kideak, eta Agirrek aitortu du hasieran zalantzak izan zituztela, baina azkenean aurrera egin zutela: «Pentsalariaren kontzeptuak ulertzen dituen belaunaldia hemen da, eta euskalduna da, gainera. Horregatik behar dugu Genero nahasmendua euskaraz».
Moralesek ere nabarmendu du testua itzultzearen zailtasuna: «Butlerrek garrantzi handia ematen dio hizkuntzari. Areago, jatorrizko subjekturik ez badago, nola osatu esaldiak?». Euskarak abantailak eman dizkio, hala ere, eta, autorea ezagutzen zuenez, gustura egin du itzulpena. Argi izan du hasieratik, ordea, zer lehenetsi behar zen euskarazko lehen argitalpenean: «Irakurterraztasuna izan da lehentasuna liburu mardul honetan».
Deseraiki, berriak sorrarazteko
Judith Butlerren 'Genero nahasmendua' liburua itzuli du Ana Isabel Moralesek, Eskafandrarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu