Gezurra dirudi, baina Leonard Cohenek berak (Montreal, Kanada, 1934) behin baino gehiagotan adierazi izan du kantu onak nondik datozen jakingo balu sarriagotan joko lukeela hara. Nork esan behar hori, eta, hain justu, azkeneko mende erdian sortutako kantuetako dezente ereserki bilakatu dituen mito bizidunak. Eneko Mobydick kantugilearentzat, «goxokiak» dira herri musikaren trobadore dotoreenak ondutako abestiak. Eta behin eta berriz dastatuta ere, inoiz ez dira desegiten, eternoak dira. Horietako batzuen bertsioak interpretatuko dituzte Mobydickek berak, Audiencek eta Doctor Deseok, gaur, Bilboko Kafe Antzokian, Izar & Star zikloaren bosgarren denboraldiko azken saioan (22:00).
Oholtzara igoko direnak akordio batera heldu dira goxokiak elkar banatzeko orduan, eta Mobydickek Various Positions albumeko (1984) Coming Back to You eta Night Comes On, eta The Partisan (1969) aukeratu ditu. «Abesti zaharreneko ahapaldi batzuk euskaraz kantatuko ditut, eta besteak ingelesez». Agertokian Yurena Nuño txelo jotzailea izango du alboan.
Audiencek So Long Marianne, Hey, That's No Way to Say Goodbye (1967), Dance Me to the End of Love (1984) eta First We Take Manhattan (1988) hautatu ditu. «Jatorrizko bertsioan, abestietako batzuek gitarra eta ahotsa besterik ez daukate. Taldekide guztiak arituko garenez, moldaketa asko egin dizkiegu», azaldu du Hannot Mintegia abeslari, gitarrista eta tronpeta jotzaileak.
Cohenen errepertorio aberatseko kantu adierazgarrienaren eta zaharrenaren, Suzanne-ren (1967) aldeko apustua egin du Francis Diez Doctor Deseoren abeslariak. Gaztelaniaz interpretatuko du hori, eta baita Take This Waltz (1988) ere. «Hitzak, berez, Federico Garcia Lorcarenak dira, eta Enrique Morentek, esaterako, interpretatu zuen gaztelaniaz bere garaian». Ordu erdiko tartea edukiko du talde bakoitzak, eta, beraz, Doctor Deseokoek haien hiru kantu propio ere joko dituzte. «Gure cohendarrenak, nolabait esatearren».
Hirurak dira oso cohenzaleak, eta, beraz, opari gisa hartu dute Jerry Corral Izar & Star-en antolatzaileetako batek egindako proposamena. «Beti da gozamena halako klasikoak jotzea», aitortu du Mintegiak. Taberna batean lan egiten zuen garaian, gogoratzen du askotan jartzen zituztela haren kantuak. «Bere musika oso-oso barruan sentitzen dut». Diezek oroitu du nola lapurtu zituen bi liburu El Corte Ingles-en: bat Cohenen hitzak zituena, eta bestea Bob Dylanena, hura ere hitzei buruzkoa. «Saiatzen zara, baina ezinezkoa da haien maisutasunera hurbiltzea». Iruditzen zaio, «eta umiltasunez diot, hori bai», musikalki gehiago jo izan duela Dylanengana, baina hitzetan Cohen hurbilago sentitzen duela —hirurek nabarmendu dute hitz-egile apartekoa dela—. Haren abesti gehienen «iluntasun puntua» nabarmendu du Mobydickek.
Bi Cohen
Cohenen ekoizpen musikala bitan banatu daiteke. Lehenengo diskoetan soilak ziren haren kantuak, gitarra eta ahotsa beste makulurik ez zutenak. 70eko hamarkadaren erdialdean hasi zen kantuak gehiago janzten, eta geroztik kapa gehiago dauzkate abestiek. Mobydickek gustukoagoa du lehen Cohen «gordin» hura —baita Mintegiak ere, «fundamentalista bat» ez den arren—, «baina paradoxikoki», gaur joko dituen kantuetako bi 80ko hamarkadakoak dira. «Erronka bezala hartu nuen horiek moldatzea eta nire egiten saiatzea». Audiencekoak ere horretan ahalegindu dira. «Abesti batzuk tonuz aldatu ditugu, ezinezkoa delako bere tonu lodi horretan abestea». Mintegiarentzat, zaila izaten da besteen abestiak norberarenak moduan sentitzea, baina, «errepikatuaren errepikatuz», lortu dutelakoan dago.
Diezek ez bezala, Audiencekoak eta Mobydickek ez dituzte haren azken diskoak entzun —iaz atera zuen azkena: Popular Problems—. Halere, horiei erreparatubeharrean, 2008an Barakaldoko BECen eman zuen kontzertuari erreparatu dio Doctor Deseokoak —kontzertuak ematen hasi zen urte hartan, bere managerrak diru guztia lapurtu ziolako—: «Espektatibarik gabe joan nintzen, eta izugarria, are mistikoa, izan zen. Negar malkotan bukatu nuen, lehen lerroan. 74 urte zituen. Halako kontzertua ematea ere!». Orduan entzun zituen goxokietako batzuk, desegin ez direnak, interpretatuko ditu. Doctor Deseokoek, Mobydickek eta Audiencek, gainera, Hallelujah mitikoari helduko diote, elkarrekin.
Emanaldiak beste atal bat edukiko du. Izan ere, Juan Luis Zabala idazle eta BERRIAko kazetariak Sisters of Mercy, Queen Victoria eta Suzanne abestien hitzak errezitatuko ditu euskaraz, Fermin Etxegoien kazetaria, gitarrarekin, alboan duela.
Desegiten ez diren goxokiak
Eneko Mobydick-ek, Audiencek eta Doctor Deseok Leonard Cohenen kantu ezagunenen bertsioak egingo dituzte gaur, Bilboko Kafe Antzokian, Izar & Star zikloaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu