Desberdintasuna dantzan

EliralE dantza taldeak 'H' izeneko ikusgarria estreinatuko du 18an, Saran, eta gaur entsegua eginen du Errenterian

ELiralE taldeko Jose Cazaubon, Pantxika Telleria eta Arantxa Lannes, H ikusgarriaz atzo prentsari eman aitzin dastan. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Azkaine
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
H hizkia izan daiteke hutsunearena edo humanitatearena. Edo beste gisa batez erranik, proiektua daraman Pantxika Telleria koreografo eta EliralE konpainiako arduradunaren hitzetan: «Gure hutsuneek betetzen gaituztelako, H-k gure humanitateaz hitz egiten digu». H dantza ikusgarria urtarrilaren 18an estreinatuko dute ofizialki, Saran, 20:30ean, Lurberri gelan, joan den iraileko Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdian aitzin estreina egin ondotik. Eta gaur, berriz, jendaurreko entsegura gonbidatu dute; Errenteria Hiria Kulturguneko dantza gelan izanen da, 19:00etan. Kukai dantza taldearekin eta Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatu hitzordua da. Ikusteko, hobe [email protected] helbidera mezua bidaltzea, lekuak mugatuak baitira.

H sorkuntzarako bi liburu izan dituzte inspirazio iturri. Batetik, Amaia Hennebutte-Millarden Himalayajavakaputazidiburrina ipuin liburua, eta, bestetik, Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak liburuko Beste bizitza narrazioa. Biek norberaren eta besteen arteko harremanak jorratzen dituzte nonbait. Kanpoko eraginak. Batzuetan onerako, bestetan txarrerako. Konpainiaren desafioa idatzi horiek, istorio horiek mugimendu bilakaraztea zen. Eta hala egin dute konpainiako lau dantzariek, edo, Telleriak dioenez, lau «interpreteek».

Telleriak batak eta besteak egin ekarpenak azpimarratu zituen atzo, hain zuzen, prentsari egin aurkezpenean. Joxelu Berasategik hitza ekarri dio ikusgarriari. Jose Cazaubonek kantuarena, eta Arantxa Lannesek, «freskotasun» bat pertsonaiari. Hortaz, Telleriak talde lana goraipatu zuen, dantza talde bat baino gehiago «gizaki talde» bat dela zehaztu, eta hori horrela gelditzea espero duela geroan ere. Dantzariez gain, beste anitzek ere parte hartzen baitute proiektuan.

Halere, koreografoak aitortu zuen, ikusgarriaren gauzatzea ez dela «erditze» erraza izan aldi honetan. Egonaldiz egonaldi, nondik jo ez zekitela ibili ziren urtarrila arte. Eta ondotik, besteak beste, LagunArteko Christophe Hiriarteren musikaren bidez, pistak argituz joan ziren. Telleriak azaldu zuen, halaber, hasieratik konpainiarekin dabilen Javi Ullak ere, bere aldetik, argien jokoarekin arras sentitu duela obraren izpiritua, eta argien garrantzia azimarratu zuen, eta nola argiek dena edertu edo, alderantziz, dena zapuztu dezaketen.

Horretaz guztiaz gain, haurrekin anitz eta aspalditik lan egiten du konpainiak, eta santza hori ere baliatu dute aldi honetan, ikusgarriaren eraginkortasuna berresteko. Haurrek ez dutelako gezurrik erraten, Jose Cazaubonek baieztatu zuenez. Ez badute gustuko, segidan ageri da. Berdin, zerbait tragiko bilakarazi nahi baina haurrak irriz karkailaka hasten badira, horrek bidea zuzentzekoa ematen diela ere gaineratu zuen Telleriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.