Desagertuz doan erakusketa

Azken egunetan, bi pieza bakarrik geratuko dira Santos Bregañaren 'Disparaître' erakusketan

Brontzezko oreina da erakusketaren amaierara arte egongo diren bi piezetako bat. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eraberritu aurretik Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko ganbaran egin beharreko azkena izan behar zuen Santos Bregañaren (Iruñea, 1965) Disparaître erakusketak. Ez da hala izango azkenean, baina oraindik ere badu zentzua izenburuak. Azken 23 urteetan egindako ehun lan baino gehiagorekin hasi da, baina lehen asteetan bakarrik egongo da horiek guztiak ikusteko aukera, piezak erretiratuz joango baita ekaineko ostegunetan. Bost «desagerpen» izango dira guztira, eta azkeneko egunetan joaten denak —ekainaren 29ra arte dago zabalik— lehen egondako lanen markak eta bi pieza bakarrik aurkituko ditu: sabaitik zintzilik dauden eta bizkarrezur baten forma hartzen duten koaderno batzuk, eta Numena izeneko brontzezko orein bat.

Bregañaren esanetan, horiek dira erakusketako pieza deigarrienak. Atelier Laiaren sortzailea da hura, eta estudioak azken 23 urteetan egindako lana biltzen dute sabaiko koadernoek. «Gustatzen zait pentsatzea diseinatzailea, nolabait, etorkizunaren arkeologoa dela». Inspiratuta dagoen artistaren ikuspegi erromantikoa alde batera utzita, arkatzarekin eta koadernoarekin irudikatu du diseinatzailea, zerbaiten bila. «Lan obsesibo batda. Lana eta arlo pertsonala bereiztea oso zaila da. Hor dauden marrazkietako asko lagunekin edo bikotekidearekin afaltzen ari nintzela egindakoak dira».

Bizkarrezur baten forma zergatik eman dien ere azaldu du. «Erakusketa hau erradiografia moduko bat ere bada. Gustatzen zait diseinua esplikatzeko modu hori. Arkeologo bat bezala, biologo bat bezala, eskeleto bat aurkitzen duen norbait da diseinatzailea: pentsatzen duen norbait baino gehiago, gauzak aurkitzen dituen norbait da». Izan ere, pentsatzeagatik kobratzen al duen ere galdetu izan diote Bregañari. «Diseinatzaileok egiten dugun bakarra hori da, pentsatzea; ez dugu ezer produzitzen». Alabaina, gaineratu du Euskal Herriak neurri handi batean diseinatzaileei esker izan duela, eta duela, gaur egun, halako ahalmen industriala.

Diseinuaren aldarrikapena egin du Bregañak, diziplina hori gutxietsi egiten dela iritzita. «Niretzat, erakusketa hau egiteko aukera aitorpen bat ere izan da, ez bakarrik maila pertsonalean,profesionalean ere bai, diziplina hau kulturaren eta artearen etxean sartu baita, eta hori ez baita ohikoa». Harkaitz Canok, berriz, «literaturaren eta grafikoaren» artean dagoen dokumentu bat osatu du koaderno horietako zatiak josiz .

Azkenengo egunera arte geratuko den beste pieza, brontzezko oreina, altzari bat da, Eibarren egindakoa. Erabilgarria izateko baino gehiago, funtzio irudikatzailea izateko dago diseinatuta. «Altzariak ulertzeko Ikearen guztiz bestelako modu bat da». Hain zuzen, diseinuaren eta erabilgarritasunaren arteko harremana ere izan du hizpide Bregañak. «Nik uste dut diseinuak erabilgarria izan behar duela, baldintza gisa. Gertatzen dena da dena daukazunean erabilgarritasuna bestelakoa izaten hasten dela, beharrak bestelakoak izaten hasten direla, eta eremu psikologikoan sartzen direla». Portzelanazko baxeren adibidea eman du, esanez erabilgarriak, ekoizteko modukoak, garbigarriak eta abar izan behar dutela, baina, horretaz gain, zerbait oroitzeko, amets eginarazteko eta abar ere balio izatea dela diseinuaren egitekoa.

Hiru ardatz nagusi

Hiru ardatzen bueltan dago antolatuta Disparaître erakusketa: sexua, heriotza eta gastronomia. «Modu misteriotsuan, askotan elkarren antza duten hiru gai dira». Gastronomiari lotuta, esate baterako, portzelanazko hainbat objektu daude. «Azaldu nahi izan dut gure produktuetako asko oso arrakastatsuak izan zirela, Gipuzkoako diseinua munduko jatetxerik onenetan kokatu genuelako. Biotopo horrek uzten zien bizitzen gure objektuei; gustatzen zait ikuspegi biologiko hori». Sexuari lotutakoetan, zenbait hitzen jatorria azaldu du Bregañak, eta jostailu sexual batzuk ere ikus daitezke. Heriotzari dagokionez, heriotzaren gaur egungo kudeaketari buruzko gogoeta bat egin du diseinatzaileak. «Hilerriak herrietatik urrunduz joan ahala, heriotzaren ideia ere urruntzen joan da gure pertzepziotik. Egun jakin batzuetan bakarrik bisitatzen dira hilerriak, eta objektu sakratuak abandonatuta daude». Senideak sagarrondo baten azpian lurperatu izan dituen familia baten kasua ere kontatu du. «Gero, sagardoa egiten zuten, eta sagardoa edatea aitona edatea bezala zen».

Erakusgai dauden piezetako asko beste hiri batzuetan ere erakutsitakoak dira, batik bat erakusketa kolektiboetan eta gastronomiari lotutakoetan. Donostiako Prim kalean du estudioa Bregañak, Koldo Mitxelena kulturunetik oso gertu. «Ilusio berezia egiten zidan objektu bidaiari horiek jaio diren tokitik ehun metrora egoteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.