Desagertu, ikusarazteko

Greba egingo dute gaur eta bihar ehunka kulturgilek, beren egoera bistaratu, neurriak eskatu eta kulturaren balioaz gogoeta eginarazteko. Berrogeialdian, digitala izango da greba ezinbestean. Isildu egingo dira, entzun ditzaten.

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

Isildu egin dira. Aktore, musikari, idazle, artista, ipuin kontalari, zinemagile, bertsolari eta kultur ekosistema osatzen duten askotariko ehunka kidek greba egingo dute gaur eta bihar. Berrogeialdian egonik, digitala izango da haien protesta ezinbestean, eta egunotan ez dute sareetan lanik partekatuko. Pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dela bistaratu nahi dute, baita erakundeei sektorearentzako neurri zehatzak eskatu ere. Kulturaren balioaz gogoeta eta eztabaida sustatzea da haien asmoa.kulturgintzan.eus atarian zabaldu dute beren gogoeta, eta atzo, edizio hau ixteko orduan, bederatziehun kulturgile ingururen atxikimendua zuen ekimenak —baita LAB sindikatuarena ere—. Haietariko zenbaiten gogoetak dira honakoak, hiru galderari erantzunez plazaratuak:

1. Sortzaile gisa, nola eragin dizu berrogeialdiak?
2. Zergatik egingo duzu greba?
3. Zer iruditzen zaizkizu instituzioak kulturgintzari begira proposatzen ari diren neurriak?

MAITE LARBURUMusikaria
«Kulturgileekiko mentalitatea aldatu behar da Euskal Herrian»

1. «Langabezian utzi nau, soldata gabezian. Nire Europa aldeko zein Euskal Herriko kontzertu guztiak bertan behera geratu dira».

2. «Berrogeialdia hasi denetik, Euskal Herrian (atzerrian ez!) era guztietako eskaerak egin dizkidatelako: gomendioak, bideo musikalak, kantuak... eta abar. Guztia 'sortzaileak oraindik ere lanean ari direla erakusteko' aitzakiarekin, baina doan».

3. «Minimoak. Baina bada zerbait. Halere, horrez gain, kulturgileekiko mentalitatea da Euskal Herrian aldatu behar dena. Dohainezko eskaera horiek lotsa eman beharko lukete, ezinegona sortu eskatzen duenarengan: ultramarinoan patata kiloa dirurik gabe eskatuko bagenu bezalaxe. Guk ere gizarteari geure produktua saltzen baitiogu».

NEREA IBARZABALBertsolaria eta Txakur Gorria sormen kolektiboko kidea
«Uneotan, ziurgabetasun orokor bat da gure bizitza»

1. «Ba, kolpea ekonomikoa eta animikoa ari da izaten. Udaberrirako lotutako hainbat lan erori zaizkio Txakur Gorria sormen kolektiboari, eta, bestalde, bertso saiorik ere ez dago, eta ezin jakin noiz arte jarraituko duen horrela. Galdutako saio asko ez dira berreskuratuko, hori argi dago. Hau urtebetez luza daitekeela pentsatze hutsa beldurgarria da guretzat; ari gara Durangoko Azokara begirako zenbait lan aurreratzen, baina Landako ere bete ezingo balitz... Ez dakit, oso larria litzateke euskal kulturgile askorentzat. Momentuz, jaso dugu negozioen itxieragatik autonomoei Espainiako Gobernutik ematen ari diren diru laguntza. Ez dut ezkorregia izan nahi, baina ziurgabetasun orokor bat da gure bizitza une honetan».

2. «Itxialdia hasi eta segituan bete ziren sareak kultur emanaldiz, sorkuntza saio birtualez... eta ederra da, hori delako kulturaren indargunea, elkarrengana gerturatzen gaituena, hunkitzen gaituena, pentsarazten diguna. Baina irudipena dut sortzaile denok sentitzen genuela egonezin bat, esan behar bat 'ei, baina gogoratu gu orain zulora joango garela'. Egonezin horrek erakusten du zein hauskorra zen gure jarduna honen aurretik ere. Egin beharko ditugu ekimen eraginkorragoak aurrerago, batez ere inork ez dakielako honek nola aldatuko dituen jendaurreko emanaldiak, aretoak, aforoak... Baina une honetan gutxienez gure aldarriak mahai gainean jartzeko eta kulturzalea kontzientziatzeko aukera eman dezake grebak».

3. «Kulturarentzako plangintza estrategikorik ez egoteak, kultur munduko langileen baldintzez orain arte kezkatu ez izanak... hauxe du ondorio; orain datorren guztia adabaki bat izango dela zulo handiegi baten gainean. Krisi egoera betean ezin da asmatu formula egoki bat, lehendik aurreikusi behar ziren gauza hauek. Guk autonomo orokorrentzako laguntza hori jaso dugu, eta arnasa apur bat emango digu, baina ez dakigu Eusko Jaurlaritzak kulturgileentzat proposatutakoarekin bateragarri izango den, zer baldintzatan... Hemen bakoitza egoera desberdinean dago, epigrafeak, soldatapeko kontratuak, bizimodua... Ez dakit instituzioek sakonki aztertu duten benetan kulturgintzaren izaera, eta ukitzen dituen pertsona guztiak. Laguntzak ez dira denentzat iritsiko, eta eskaerak egiteko ere denek ez dute erraztasun bera. Hala ere, ezereza baino hobea da etor litekeen laguntza oro».

OIER GUILLANAntzerkilaria eta idazlea
«Eten handia da, eta kezkagarria ekonomikoki eta animikoki»

1. «Guztiok bizi dugun jendarte kezkaz gain, emanaldien galera handia, antolatutako kultur jardunaldiak atzeratzea edo bertan behera geratzea, hilabeteetako itzaleko antolakuntza eta produkzio lanetan inbertitutako orduak galtzear... Gure lanean minimoki bizirauteko hamaika proiektutan ibili behar dugu batera, eta gehienetan publikoki aurkeztu eta gero jasotzen duzu emaitza ekonomikoa, ez lehenago. Zentzu horretan, eten handia eta kezkagarria, ekonomikoki eta animikoki. Bestetik, orain arte horrelatsu bizitzeak umorean eta elkartasunean trebatu izan gaitu, eta horri eskerrak».

2. «Kulturgintzaren prekariotasuna lehen planora ekartzeko, ez dadin izan krisialdian erreskatatua izaten azkena, edo beste aldi batzuetan bezala erreskatatua izan ez den bakarretakoa. Egoeraren larritasunari aurre egiteko, baina, neurri koiunturalez harago, grebarekin kulturaren funtzio sozialaren inguruko eztabaida eta balio aldaketa sakon baten beharra ekartzen ari gara mahai gainera. Nire ustez, koronabirusarena osasungintzaren, zaintzaren, elkartasun sareen eta kulturgintzaren aldarrien krisialdia izaten ari da. Ezin zaie, orain arte bezala, azpiegitura handien izenean ez ikusiarena egin. Greba honekin nire harea aletxoa jarri nahi nuke etorkizun berri horri begira».

3. «Azalekoak eta anekdotikoak, titular bat irabazteari begira egindakoak neurri handi batean. Eusko Jaurlaritzarenak ezagutzen ditut gehien. Gabeziak dituen sektore bati eragingo dio, ondo dago hori, baina segur aski kulturgintzako zatirik handiena kanpoan utzita: plan estrategikorik gabe, kulturaren geruza guztiei erreparatu gabe, euskarazko produkzioaren egoera aintzat hartu gabe. Ikuspegi ekonomiko batetik etorri den titular bat da, eta agian hori ere egin beharrekoa da, baina industria kulturgintzaren icerbergaren punta baino ez da. Horretan, hala ere, euskara hutsez lan egiten dugunontzat Jaurlaritza interlokutore bat gehiago dela gogorarazi behar dugu».

IKER LAUROBAMusikaria
«Gizartea bidelagun izan nahi dugu»

1. «Bi alde bereiziko nituzke. Alde batetik, sormena lantzeko ezinbestekoa da denbora izatea, eta konfinamenduak hori eman digu. Bestalde, ez dakit noiz arte izango den jasangarria egoera hau. Fabrika batean egiten dut lanaldi erdia, eta horrekin etxeko alokairua ordaintzen dut behintzat. Honek luzerako joko badu, gitarren sokak jaten hasi beharko dut».

2. «Goiburuak ezin hobeki dioen bezala, ikus gaitzaten desagertuko gara. Prekaritatea berezkoa duen sektore bat are egoera ankerragoan aterako da krisialdi honetatik. Gizartea bidelagun izan nahi dugu. Uste dut orain arteko gizarte eredua iraultzeko une ezin hobea dela, ez gure sektorean bakarrik. Partaidetza eta elkartasuna oinarri dituen gizarte bat eraikitzeko aukera paregabea dugu. Guztion artean erabaki behar dugu euskal kulturak zein rol izango duen bertan».

3. «Partxeak. Baliagarriak izan daitezke kasu bakan batzuetan, baina ez dut uste oinarrizko kulturan eragina izango dutenik. Prekaritatea kuantifikatzea utopia bat iruditzen zait. Demagun antzerki talde batek hiru hilabete igarotzen dituela entseguak egiten egunero, lan bat prestatzeko. Antzerki horrekin hiru emanaldi egitea lortzen badu, partaide bakoitzak hiru egun izango ditu kotizatuak. Hiru lanegun bere jubilaziorako».

LANDER GARROBideogilea, argazkilaria eta idazlea
«Jarrera defentsiboa utzi eta ofentsibara pasatzeko une oso aproposa da»

1. «Erabat eragin dit. Dokumental bat estreinatu behar genuen hil honetan, eta atzeratu egin da. Hiru urteko lana dago atzean, jende askoren konpromisoa, eta jendaurrean erakutsi ahal izango den ere ez dakigu. Pena handia daukat. Horrez gain, beste dokumental baten grabaketa fasean geunden, eta hura ere eten behar izan dugu. Hemen ere epe batzuk genituen finkatuta, eta ezin izango ditugu bete. Desastrea da. Gainontzean, etxean egoteak eman digu patxada bat idazteko, eta tira, ez da makala, niretzat behintzat, hainbat urte eta gero literaturari berriz ekitea. Ez neukan asmorik, eta parean tokatu zait».

2. «Kultura beti da espekulazio esparru bat, oso kolokan jartzen dena behin eta berriz: zer gara? Zerbitzu publikoa, zerbitzu soziala, ondarea, industria? Pittin bat sailkaezina da gure jarduna, eta, hala denez, geure gremioa albo batera uzteko joera dago. Geure ahalmen kritikoa ez aipatzearren, gobernuek hain gutxi maite dutena, baina hori beste kontu bat da akaso. Behin eta berriz entzuten dituzu kultur eragileak industria garela aldarrikatzen, eta egia da, baina oso posizio defentsiboan ari gara beti. Paradoxikoki, orain oso ondo ikusten ari gara zinez kultura zer den, nola zipriztintzen duen geure bizitza etengabe. Telesailak direla, liburuak, musika... Ai, geure bizitza kulturarik gabe! Beraz, oso une aproposa da jarrera defentsiboa utzi eta ofentsibara pasatzeko. Greba bat ez da gauza handia, baina bada zerbait».

3. «Jaurlaritzak kulturarekin tranpa egiten du sistematikoki, urteroko aurrekontuaren zati ia erabatekoa EITBk eramaten duelako. Hainbat milioi inbertitzen dituztela esaten dizute, baina ia dena da horretarako. Hartzen badituzu musika, antzerkia, literatura edo zinema bezalako esparruak, Jaurlaritzak egiten duen inbertsioa eskandalu bat da; beste inolako herrialdeetan pentsaezinak liratekeen zifrez ari gara. Nire esperientzia pertsonala kontatuko dut: ez idazle, ez argazkilari eta ez bideogile bezala, sekula ez dut diru publikotik zentimo bat hartu; sekula. Autonomo gisa, ordea, 200 faktura baino gehiago emititu ditut; beraz, sos batzuk sortu ditu nire enpresak. Hartu bai, baina eman, ez. Hori da gobernuaren jarrera. Orduan, testuinguru horretan, esatea sos txiki batzuk emango dizkigutela, ba, zera, adar jotzea da».

LARA IZAGIRREZinemagilea
«Gogoeta kolektiboa egiteko aukera da greba»

1. «Barrura begiratzeko leihoak ireki dizkit berrogeialdiak eta nire ahultasun eta indarrarekin bat egin ahal izan dut sortzaile bezala. Nire sustraietara begiratu dut eta bertan aurkitu ditut sortzeko beharra eta honetarako ditudan oinarrizko erremintak. Adarretara begiratu dudanean, ordea, ez dut ezer interesgarria aurkitu; mozketa lanetan nabil orain, kimu soilen bila».

2. «Arduratuta nagoelako egingo dut greba. Euskal sortzaileon egoerak arduratzen nau, eta euskarak berak krisi garai honetan duen espazio faltak ere bai. Atzerapauso bat eman behar dugula iruditzen zait, egoera aztertu eta inork espero ez zuen krisialdi honi erantzun berri eta eraikitzaileak eman. Gogoeta kolektiboa egiteko aukera da greba, batera dugun indarraz ohartzeko momentua».

3. «Neurri berezituak hartzen hasi dira sektorerako, eta lehen urratsa hori dela iruditzen zait. Kulturgintzan lan egiten dugunon egoera oso desberdina da eta instituzioei eskatuko nieke sortzaileon proposamenak eta ardurak entzuteko, zenbat eta gehiago hobeto, eta horiek izatea hartuko diren neurrien funtsa. Bide luzea dugu aurretik, eta elkarrekin egin behar dugula iruditzen zait».

OLATZ BEOBIDEAntzerkilaria
«'Entretenimendu' hitzak estaltzen ditu maiz gure lanak eta langabeziak»

1. «Bete-betean. Martxoaren 13an Zaldi urdina-ren emanaldia genuen Elgoibarren, eta hortik aurrera itxi dira antzokiak, itxuraz, udazkena arte. Beste hainbat proiektu ere, oraingoz, bertan behera geratu dira: Aulestin [Bizkaia] eman behar nuen ikastaroa, Alfonso Sastreren Zutoi Beltza antzezlana zuzentzeko proposamena… Zorionez, Artedrama, Axut eta Dejabu konpainien produkzioarekin kontratatua nengoenez, aldi baterako erregulazioan nago orain, eta noizbait laguntza hori jaso ahal izango dut».

2. «Kulturgintzan ari garenon arazoak plazaren erdi-erdian jartzeko. Asko dira gure lan baldintzen berezitasunak kezkatzen dituenak, baina oraindik ere entretenimendu hitzak estaltzen ditu maizegi artisten lanak eta langabeziak. Globalizazio honek ere erakutsi digu itxialdian euskarazko produktuek sustapen beharra dutela. Bestela, hainbeste eduki digital kontsumitzen ari garen garaiotan, euskarazkoak gutxi dira hautatuak».

3. «Proposamena bera ongietorria da, baina muturreraino eramango nituzke RESETek mahai gainean jarritakoak. Laguntzak ezin dira soilik autonomoentzat izan, artistek gure erregimen propioa baitugu. Egoera zail honetan, argi geratu da, gurean ere kulturgileek bizirauteko artisten estatutua behar dugula».

IRANTZU LEKUEArtista
«Txikitik handira eraikitzeko unea da»

1. «Gelditzeko, pausa bat egiteko egunak dira hauek niretzat. Hausnarketarako erabili ditut maila pertsonalean, baita lan esparruan ere. 2019a oso urte emankorra izan zen, baina... oso gogorra. Nazioartean eta Euskal Herrian lan eta lan aritu gara, eta eskerrak. Konfinamendua dela medio,lotuta genituen sei lanetatik bost erori edo atzeratu zaizkigu. Lanik gabe, diru sarrerarik ez daukagu, baina alokairuak, zergak, hornitzaileak.. Denei ordaindu behar zaie. Krisi sakon baten erdian gaude».

2. «Euskal kulturak iparrorratza markatu behar du. Birpentsatu eta birdefinitu. Hausnarketarako baliatu behar dugu greba: sortzaileon baldintzen inguruan, kultur ekosistemaren lehentasun eta ereduen inguruan... Nolako ereduen alde egin nahi dugu aurrerantzean? Makro ereduak sustatzen jarraituko dugu? Badirudi, koronabirusa lagun, eredu horrek etorkizun beltza izango duela datozen hilabete edo urteetan. Egin dezagun behingoagatik mikrotik apustua; txikitik handira eraikitzeko unea da. Kultura kontsumitzeko moduan ere hausnarketa behar dugu egin, hor publikoekin bat egin. Horietara iristeko tresna aproposa da greba».

3. «Erroetara, sustraietara jotzeko unea da. Zer-nolako kultura mota nahi dugu? Proposatutako neurrien letra txikia ezagutzea falta zaigu, besteak beste. Sektorea hain prekarizatua egonik eta hain zabala izanik, neurriak proposatzea eta horiekin asmatzea erronka da. Horregatik, ereduaren inguruko hausnarketa behar dugula deritzot».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.