Literatura

Derek Jarman: 'Et in Arcadia ego'

Hiesaren diagnostikoa jasotzean hasi zen Derek Jarman zinemagile eta LGTBIQ aktibista bere lorategia sortzen. Prozesu horretan, eguneroko bat idatzi zuen, eta 'Modern Nature' liburuan bildu.

Derek Jarmanen lorategiaren irudi bat. CC0
Derek Jarmanen lorategiaren irudi bat. CC0
2024ko martxoaren 24a
05:10
Entzun

Maria Negroni poeta argentinarrak, bere azken saiakeran (La idea natural, Acantilado, 2024), Derek Jarmanek maiz erabilitako Virgilioren aipua aukeratzen du izenburutzat Jarmanen lorategiari buruzko atalean. Harribitxi den liburu ttipi horrek, 49 ataletan, zientzialari, idazle eta artistek naturari buruz idatzitako tesela eskaintzen du, Navokoven tximeleten bilduma eta taxidermisten animalia disekatuak barne. Negroniren liburuxkan, natura ez da naturala, idatzia baizik. Poetak Umberto Ecoren ideia erabiltzen du: haren ustez, zerrendak egiten ditugu heriotza saihesteko; zerrendak pizgarriak dira, etengabe gehitu dakieke zerbait, zeinetan oinarritutako bildumek artefaktu horiek edonoren memorian betirako gordetzen dituzten.

Derek Jarman (1942-1994) zinemagile eta LGTBIQ aktibista ingelesaren lorategiaren abiapuntua gaixotasuna izan zen. Jarmanek hiesaren diagnostikoa jaso zuenean sortu zuen lorategia Kenteko kostaldeko Dungenessen, paisaia gogorrean kokatua, itsaslabarraren ertzean eta planta nuklear baten ondoan. Lorategia sortzen doan heinean, prozesuari buruz idazten du, eta horren emaitza den Modern Nature liburuak (1991) mamitzen du 1989. eta 1990. urteetako egunerokoa.

Queer-punk estiloko zinemagilearen hitzetan, berak zinema egiten zuen, eta ez filmak. Irudi poetiko indartsuak ageri dira haren filmetan, hala nola Sebastiene (1976) nahiz Jubilee (1978) gogoangarrietan. Zinemagintzari buruz ere badihardu egunerokoan, garai bateko komunitate artistikoa islatuz. Eta egunerokoa idazten ari zela, lorategiari buruzko filma, The Garden (1990) ondu zuen. Lorategiaren prozesuaz gain, egunerokoan Prousten madalenaren modukoa da haurtzaroko lorategia, etengabe itzuliko da iraganeko landareetara; horrela, botanikari buruzko bildumatxoa osatzen du, eta, horren osagarri, landareen historia kulturala tartekatzen du —esate baterako, trobadoreen, Goetheren edota Napoleonen lore kuttunak bere testuinguruan azaltzen ditu—.

Erabilgarriak eta ederrak diren objektuak

Lorategiek badute medikuntzarekin zerikusirik. Esate baterako, Frank Gehry arkitektoak adiskide min zuen Margaret Keswick Jencksek minbizi terminala zuela jakin zuenean, Maggie's Centre osasun gunea diseinatzea erabaki zuen. Bizitzaren bukaera kudeatu behar duten pazienteentzat dago pentsatua.

Dundeeko Ninewells Ospital erraldoi eta jendetsuaren ondoan eraiki zuen Maggie's Centerreko eraikin ttipi eta lasaia. Bilboko Guggenheim Museoa ez bezala, etxafuegorik gabeko arkitektura da, oso eskala koskorrekoa. Atzealdean, Arabella Lenox-Boydek diseinatutako lorategi bat dago, eta bertan, Anthony Gormleyren eskultura bat. Eraikina eta lorategia arnasgune dira gaixoentzat eta euren familientzat. William Morris artistak zioen etxean erabilgarriak edota ederrak ziren objektuak soilik eduki behar zirela, eta Maggie's Centre guneak erabilgarritasuna eta edertasuna, biak uztartzen ditu.

Jarmanen lorategian ere badira eskulturak, hala nola itsasoak ekarritako egurrak eta harrixkak; eskultura gisa antolatu zituen aurkitutako objektuak. Ian Hamilton Finlay poeta eta eskultorearen lorategia du aurrekari, eta John Bergerren pentsamendua bidelagun. Prospect Cottage deritzon etxolan beharrezkoa dena bakarrik dauka, eta lorategian ederra dena soilik, William Morrisen aholkua jarraituz. Lorategian lanean bere eskuak berreskuratu zituen, baita haurtzaroko asperdura ere, ezinbestezkoa dena irudimena elikatzeko.

Irudimenaren lana denboraren kontra

Oteiza, haurtzaro garaian, aitonarekin Orioko hondartzara joaten zen. Oteiza txikiari hondartzako zuloetan sartzea gustatzen zitzaion eta, berak azaltzen zuen bezala, zuloaren babesetik zerua kontenplatzea maite zuen. Anekdota gutxik azaltzen dute hain modu borobilean irudimenaren egiteko modua: ezagunetik, etxezulotik, edota babesetik ezezagunera, artefaktu berrira, edota egurats zabalera. Prospect Cottageren mugak dira bere zerumuga, hala dio Jarmanek. Eta Charles Baudelairek zioen nahikoa dela itsas milia bat zerumuga zer den azaltzeko. Osagai finituekin, irudimena dela medio, ikus ez dezakeguna irudika dezakegu.

Et in arcadia ego leloa interpretatu ohi da heriotza (niari dagokion subjektua) paradisuan ere badela. Lorategian heriotza ere presente dago. Lizar Begoñak bere azkenengo zutabean antzeko ideia bat hausnartzen zuen: «Hori idatzi zuen Leopardik XIX. mendearen hasieran Zibaldone izeneko liburuan, beste ohar, gogoeta eta aforismoak biltzen dituen eguneroko mardul batean. Eta zera dio: Landare, belar edo lore jardin batean sartzen garenean, begirada edozein lekutan paratuta ere, eta urteko urtarorik leunena izan arren, sufrimendua soilik aurkituko omen dugula lorategi batean».

Lorategiek denbora ere markatzen dute; sasoien arabera loratzen eta zimeltzen dira loreak. Naturaren kontra, oso paisaia latzean eraikitzen du lorategia Jarmanek, eta egunerokoa denboraren kontra idazten du. Bi artefaktuak dira memento mori-ak. 1990eko uztailean, Jarmanek hamabost egunen berri ematen du, eta, gainbeherara hurbildu ahala, egunak gutxitzen doaz; abuztuak hamabi egun ditu egunerokoan, eta, tupustean, irailak sarrera bakarra du, zeina egunerokoaren azkenengo atala den.

Kurt Weillen September Song kantan bezala, irailera iristean, egunak laburtzen hasten dira. Bukaeraren hasiera da udazkena eta, bukaeraren hasiera horretan, Modern Nature liburuaren azken sarrera bakan hori bihurtuko da irakurleen zerumuga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.