Denon literatura bizi

Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azokaren hirugarren edizioak sektoreko profesionalei zabaldutako espazioa izango du berritasuna

Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azokaren aurkezpena, Sarako herriko etxean. IKUSI MIKUSI.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Urriaren 20an eta 21ean iraganen da Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azoka, Saran (Lapurdi). Lehen egunean, ostiralez, eskolek eta sektore horretako profesionalek hartuko dute protagonismoa. Urriaren 21a, berriz, familia eguna izanen da. Azoka ez ezik, festibala ere bada, 60 ekintza baino gehiago eskainiko baitira liburuen altzoan; tartean, tailerrak, topaketak, mintzaldiak, ikuskariak eta erakustaldiak.

Sarako Mari Gorri elkarteak antolatzen du Ikusi Mikusi. Zuzendari nagusi Amaia Hennebuttek azaldu duenez, liburu elebidunik ez da izanen, «eta hor ez da estremismorik, euskarari egiazko tokia eman nahia baizik».

Eskolen ordua

3-14 urte bitarteko 1.400 haur helduko dira Euskal Herri osoko eskoletatik, egun-pasa egitera. Bestalde, «aztarna bat» utzi nahi zaie ikasleei, eta 15 euroko bonu bana emango zaie, «azokan ikusitako zernahi hauta dezaten».

Eskolen arteko harremana ere bultzatuko da. Adibide bat aipatzearren, Mariasun Landarekin telebista kameren aurrean egingo den saioan, «galdeketa prestatuko dute ikasleek, eta ados jarri beharko dute, batzuek eta besteek galderak errepika ez ditzaten». Haur txikienek ere izango dute zerekin gozatua, bereziki larunbatean, familien egunean.

Sortzaileekin buruz buru

Sektoreko profesionalei eskainiko zaien espazioa komunikabideek, argitaletxeek, liburuzainek, Euskal Ikasketetako laugarren mailako ikasleek, irakasle taldeek eta idazleek beteko dute nagusiki, baina «denei irekia» dela nabarmen du Hennebuttek. EKE, EHU eta Galtzagorri elkartearekin batera ondu dute programazioa. Besteak beste, profesionalen arteko trukea Ikas eta Libreplume elkarteen eskutik, sortzaileen eta mediateken arteko topaketa, eta euskalkien gaiari heltzeko argibideak emango lituzkeen mahai ingurua dira aipagarri. Amaiera gisa, sortzaileen eta argitaldarien arteko buruz burukoa aurreikusi dute. Proiektuak erakusteko abagunea eskainiko luke foro horrek, argitaratzeko prozesua erraztearren.

Euskal Herrian sortzen den haur eta gazte literatura «gutxietsia izanagatik ere, garatua eta aberatsa» dela nabarmentzeko sortu zen Ikusi Mikusi azoka, antolatzaileen arabera: «haur eta gazte literatura esaten diogu. Alta, literatura deitu beharko genioke, denendako literatura baita», dio Hennebuttek; izenondoa jartzekotan, «helduen literaturari jarri beharko litzaioke».

Literaturarekiko lehen lotura «albumen bidez» egiten dela ere gogoratu du, bere horretan duen garrantziaren seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.