Chill Mafiako kidea

Julen Goldarazena 'Flako Fonki': «Denok genuen argi Chill Mafiak ez zuela iraungo eta ez zuela iraun behar»

Azken kontzertua emanen du gaur Chill Mafiak, BEC erakustazokako Cubec aretoan. Taldeko musikari Julen Goldarazenaren esanetan, eginikoekin pozik eta «damurako beldurrik gabe» diote adio. Eszena «berpiztu» izanaren sentipenarekin ere bai.

Chill Mafiako kide Julen Goldarazena 'Flako Fonki', herenegun, Iruñeko Mendillorrin. IÑIGO URIZ / FOKU
Chill Mafiako Julen Goldarazena 'Flako Fonki', herenegun, Iruñeko Mendillorrin. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko martxoaren 28a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken entseguaren ondotik, ordu txikietan egin zuen Bilbotik Iruñerako buelta Julen Goldarazena Flako Fonki-k (Iruñea, 1999). «Ongi aterako da», aitortu du pozik biharamunean, Chill Mafiaren kontzerturako bi egun falta direlarik. Iruñerriko taldea gaur oholtzaratuko da azkenekoz, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokako Cubec aretoan, eta, kontzertua ez ezik, 20:30etik 06:00etara iraunen duen festa bat ere antolatu dute, hamaika lagun taularatuko baitira haien aurretik eta ondoren. «Nire intentzioa da bai guk eta bai jendeak ongi pasatzea, beste askorik ez», aurreratu du Flakok, eta gozamenerako deia egin, hala. Agur esateko erabakiarekin bakean dela erakutsiz mintzo da musikaria. Maite baitu proiektua, baina ohartarazpena ere egin du: «Maite dut, baina haren heriotza ere barne hartuta». 7.000 lagun ingururen berotasunarekin esanen du adio Chill Mafiak BECen, baina etxetik ere ikusten ahalko da haien kontzertua: Primeran eta Guau plataformetan emanen dute, 23:00etatik aurrera.

Irailean iragarri zenuten ibilbidearen akabera, Agur eta ohore X Allá va la despedida kaleratzearekin batera. Zer moduz ordutik hona?

Irailean agur esan genuenean baino gehiago, maiatz inguruan jarriko nuke abiapuntua: erabakia hartu genuen bileran. Baina bai, ordutik, pixkanaka esan dugu agur. Kontzertu bakoitzean joan gara ohartuz gutxiago falta zitzaigula. Nik, adibidez, sanferminetan Iruñean egin genuen kontzertua dut bereziki buruan; oso polita izan zen. Bueno, orokorrean, denak izan dira politak. Pozik nago.

Beldur zarete damua iritsiko ote den?

Damuari ez diogu beldurrik. Batez ere, guztiok geundelako ados erabakiarekin: argi genuen honek ez zuela iraungo eta ez zuela iraun behar. Gero, nork daki, igual hemendik bi astera ikusiko dugu ez dugula deusetarako balio, eta tabernara joan beharko dugula lanera... Baina Chill Mafiak ez zuen etorkizunik, per se. Gehienez ere, taldekoren batek izan dezake beldurra bakarka ez izateko indar hain handirik, Chill Mafiaren izenean arituta dugunarekin konparatuta. Eta segur aski hori gertatuko da.

«Familia disfuntzional» batekin alderatu duzue Chill Mafia. Horrek zer esan nahi du zehazki?

Esan nahi du taldean inor ez dagoela bere senean. Guztiok dauzkagu bertuteak —handiak, esango nuke—, baina gabezia izugarriak ditugu. Nik, adibidez, uste dut sormen aldetik badudala ahalmen handia, baina, aldi berean, egiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan burua galtzen dut… eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioi. Adibidez, Tuli [Martin Cervantes] bikaina da gitarrarekin eta oro har musikalki, baina, ordu erdi berandu iristen denean, kasik eskerrak ere eman ditzakezu.

Talde handia zarete; norberaren gustu musikalek nola elikatu dute Chill Mafiaren obra?

Uste dut emaitza oso ona izan dela. Taldea musikarekiko zaletasunak batzen du batez ere, eta badauzkagu gustu komun asko, baina, horietaz aparte, bakoitzak bereak ditu, eta hori jakinda uler daiteke, adibidez, nik Gazte arruntaren koplak egin izana, eta Kiliki-k [Beñat Rodrigok] 31014 egitea. Kilikik reggae musika pila bat aditu du, batez ere nerabezaroan; nik, ia inoiz ez. Gaitasuna izan dugu musika estilo anitz batzeko.

«Halako 'Eskorbutada' bat egin genuen, 'pikutara Euskal Herria' bat, nolabait. Baina orduko eferbeszentziak eragin zuen hori, eta gero erlaxatu egin ginen, eta uste dut lortu dugula oreka bat, Euskal Herrian maitatuak izateraino»

2021ean hasi zen zuen izena Euskal Herrian bolo-bolo zabaltzen, Ezorregatik X Berpizkundea izeneko mixtape-aren aurrerapen kantuak kaleratu zenituztenean. Dena dela, pandemiaren aurrerako hasiak zineten musika egiten. Esaterako, jakina da Arrotxapeari eskainitako 31014 abestiak, sareratua izan aurretik ere, egina zuela bidea auzoko gazteen sakelakoetan barrena. Uste duzu Chill Mafiak aurkitu duela oreka tokikoari loturik segitzearen eta kanpora hedatzearen artean? Are, bilatu du halakorik?

Esango nuke hasi ginela %100 auzoko musika egiten. Auzoko tipo arrunt batzuk ginen; bueno, eta bagara oraindik. Baina, une batetik aurrera, nolabaiteko fama lortu genuenean, kanpaina moduko bat egin genuen, hau esan nahiko bagenu bezala: «Pikutara denak». Halako Eskorbutada bat, «pikutara Euskal Herria» bat, nolabait. Baina orduko eferbeszentziak eragin zuen hori, eta gero erlaxatu egin ginen, eta uste dut lortu dugula oreka bat, Euskal Herrian maitatuak izateraino. Hasieran maitatuak bezain gorrotatuak izan baikinen. Orain, iruditzen zait gehiago dela kariñoa. Eta chill gaude.

Gazte arruntaren koplak kantuarekin ezagutu zintuzteten askok. Asko hasi ziren builaka, «aita hiltzera» zentoztela-eta, baina pozik ziruditen, orobat. Eta aitortua duzue: ez omen zen hori zuen intentzioa.

Musika atera baino lehen, gure intentzioa zen merkatuko musika zirkuituari halako oposizioa egitea, baina uste genuen lau katuk entzungo zutela eta baten bat amorraraziko zela, ikusita tipo bat ilea tindatuta eta txandalean, lauzpabost ergelkeria esaten eta autotunearekin. Baina, ostia, ez: onespena jaso genuen.

Xabier Leteren kantu baten bertsioa da hori. Disko berean jaso zenuten Atzerrian —Erramun Martikorenaren ahotsa dakar horrek—. Eta azken diskoan Gontzal Mendibilen Merezi otekantuaren bertsioa dago. Badira hainbat keinu euskal kantagintza tradizionalari eginak.

Besterik gabe, lehenbiziko diskoa atera baino lehen Kiliki eta biok asko-asko ari ginen entzuten euskal musika folklorikoa. Pasatu da denbora, eta berari nik uste pasatu zaiola obsesio hori, baina nik eutsi diot. Eta bertsioak egiteak grazia egiten dit. Batez ere, gustatzen zait bertsioak egitea kantu bat guapo dagoenean eta iruditzen zaidanean ez daukala merezi duen bezainbesteko errekonozimendurik. 

Kantuoi aitortza egiteko da, hortaz?

Batetik, hori. Nik igual ez nioke bertsio bat egingo Txoria txori-ri, ze ja bada ereserki bat. Baina, partez, hori egiten dut nik ere izugarri gozatuko dudalako. Horretaz gainera ekar badezake omenalditxo bat, bada, hobeki.

Horrelakoekin jendea hunkitu izanak hunkitu zaituzte zuek?

Segun.

Zer ba? 

Pixka bat arraroa egiten zait jendea emozionatua bezala etortzea gugana.

Lotsa da?

Bai, edo pixka bat biolentoa egiten zaidala. Lagun baten loreak jasota, ni pozarren. Ezezagun bat denean, ba, ederki, eta pozik, baina, aizu, ez zaitut ezagutzen; besterik gabe.

Probokazioa, umorea, lotsagabekeria eta gozatu nahia azaleratu dituzue taularatu zaretenetan. Zer jaso duzue bueltan?

%90 izan dira gauza positiboak, eta %10 negatiboak. Baina, azken finean, badira gauza batzuk ulertzen ditudanak. Niri gustatzen zait probokatzea, eta ezin dut espero mundu guztiak ongi hartzea. Ez dut gogoko ni izorratzera etor daitezen, baina batzuetan zera pentsatzen dut: ez badut nahi ni gogaitzera etor daitezen, igual nik ere ez ditut gogaitu behar haiek aurrena.

Bada bereziki mindu zaituen kritikarik?

Ez dut uste. Bereziki pertsonalak izan diren batzuk, gehienez ere. 

«Lehen, gaztetxe batean jartzen bazuten reggaetona-edo, igual kendu egiten zuten. Orain, norbaitek reggaetona kentzen badu, pertsona hori seinalatzen dute. Mugekin, baina izan dira aldaketak»

Lehenbiziko diskoan iragarri zenutena bete egin da? Berpiztu zenuten euskal eszena?

Nik uste dut baietz. 

Zertan sumatu duzu?

Batetik, propio musikari dagozkion gauzetan: gure ondoren sortu dira talde asko gu hasi baino lehenago igual ez zutenak ausardiarik, edo aurretik ez zutenak lekurik musika genero batzuetan aritzeko, edo autotunea erabiltzeko, edo bat edo beste.

Beste alde batetik, uste dut Euskal Herrira ekarri genuela musika modernoei buruzko eztabaida. Eta, lehen, gaztetxe batean jartzen bazuten reggaetona-edo, igual kendu egiten zuten. Orain, norbaitek reggaetona kentzen badu, pertsona hori seinalatzen dute. Mugekin, baina izan dira aldaketak.

Adibidez, elektronikaren eta genero urbanoaren egonkortzea nabarmena izan da urteotan, eta euskara gaztelaniarekin diluituta ematea ere ohiko bihurtu da askorentzat. Partez, Chill Mafiak gertarazi du hori?

Partez bai. 

Etorkizun ona aurreikusten diozu eszenari?

Bai, eta uste dut Chill Mafia existitu ez balitz ere euskal eszena berez loratu izango zela, gu gabe ere.

«Nik ere ez dakit BECen fenomenoak zer onura ekartzen ahal dion, adibidez, Ibil Bedi-ri edo Tatxersi. Eta ulertzen ditut kritikak, eta etengabe nabil gogoeta egiten ea ongi dagoen edo ez. Halere, eroso sentitzen gara Chill Mafiako guztiok»

«Kontzertu erraldoien» fenomenoa dago guztien ahotan. Orain, zuek eginen diozue ekarpena hari. Pozik, BECen ariko zaretelako? Eroso?

%100 pozik gaude. Alde egoista batetik, oso pozik. Lehenbizi, ikusi dugulako gaitasuna dugula 7.000 pertsona inguru biltzeko toki batean. Beste alde batetik, gure azken kontzertua delako eta ongi etorriko zaigulako diru pixka bat lortzea. Eta ez naiz hipokrita sentitzen, eta ez dut sentitzen halako kalterik egiten ari garenik. Gero, ulertzen dut BEC bete dezaketenak ez garela asko; eta bueno, egia esan, guk beste batzuek baino gutxiago bete dezakegu.

Halere, nik ere ez dakit BECen fenomenoak zer onura ekartzen ahal dion Ibil Bedi-ri edo Tatxersi, adibidez. Eta ulertzen ditut kritikak, eta etengabe nabil lagunekin halakoak eztabaidatzen, eta gogoeta egiten ea ongi dagoen edo ez. Halere, eroso sentitzen gara Chill Mafiako guztiok. 

Chill Mafiaz gain, Nerve Agent, HOFE x 4:40, Bengo, Euskoprincess, La Txama, Mirua, Arepas eta «lagunak» ere igoko dira oholtzara, besteak beste. Nola osatu duzue kartela? 

Batetik, egindako kolaborazioen arabera osatu dugu. Gero, nik adibidez Olaia [Inziarte] eta Amets [Aranguren] sartu ditut. Ez dugu kolaboraziorik, baina ilusioa egiten zidan haiek hor egoteak. Eta, horrelaxe. Musika egiten duten lagunak egongo gara han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.