Epigrafian aditua eta Latindar Filologian katedraduna

Javier Velaza: «Denok bat gatoz eskua baskoieraz dagoela, baina besterik da hizkuntza horrek zer harreman duen euskararekin»

Eskuko idazkiak baskoierazkoak direla dio Velazak, eta uste du inskripzio gehiago agertuko direla.

Javier Velaza hizkuntzalaria Irulegiko Eskuaren aurkikuntza aurkezten
Javier Velaza hizkuntzalaria, Irulegiko eskuaren irudi batekin IÑIGO URIZ/FOKU
Inigo Astiz
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Irulegiko Eskua aurkeztu zutenean esandakoa errepikatu du orain ere Javier Velaza epigrafian aditu eta Latindar Filologiako katedradunak. «Baskoien hizkuntzaren lekukotza bat da hau». Adostasuna ikusten du hor Velazak, baina baskoien hizkuntza horrek ondorengo euskararekin zer harreman duen zehazteko orduan hasten da debatea. Inskripzio gehiago agertzeak lagundu egingo lukeela dio. Uste du «neurrian baikor» izateko motiboak daudela.

Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, aditu talde batek ez du ziurtzat jo Irulegiko Eskuko testua euskararen ahaide batean idatzita dagoenik. Baina Joaquin Gorrotxategik eta zuk sinatutako artikuluan, testua baskoieraz dagoela diozue. Nola bizi duzu debate hori?

Artikulu zientifikoak dira, oso lan espezifikoak, eta posizio akademiko teoriko ezberdinen emaitza dira. Irulegikoa, guretzat, baskoiek zerabilten hizkuntzaren lekukotza da. Guk baskoiera esaten diogu horri, zehaztasuna emateko. Kasu honetan, baskoien lurretan azaldu da pieza, eta baskoien lurraldean alfabetatze maila bat izan zela berresten du aurkikuntzak. Denok bat gatoz Irulegiko Eskua baskoien hizkuntzaren lekukotza bat dela, baina besterik da hizkuntza horrek antzinako beste hizkuntzekin eta euskara historikoarekin zer harreman duen zehaztea. Joan Ferrer i Jane hizkuntzalari eta espezialistak, esaterako, inskripzioa baskoia dela esaten du bere artikuluan, baina oso konbentziturik dago euskal hizkuntzaren eta iberiar hizkuntzaren arteko harreman genetikoaz, eta ikuspegi horretatik proposatzen du bere konparazio linguistikoa. Beste aditu batzuek, Irulegiko Eskua agertu baino lehenagotik ere, ezinezkotzat daukate baskoien hizkuntza euskararekin lotzea. Izan ere, haien ustez, baskoiera desagertu egin zen, eta VI. mende inguruan izandako migrazio batzuen emaitza da euskara historikoa. Horregatik, adibidez, Mikel Martinez-Areta doktoreak testua baskoieraz idatzita dagoela uste du, baina ez euskararekin lotuta dagoenik.

Zubi lanak egitean hasten da debatea, beraz?

Konturatu behar dugu Irulegiko Eskuko testua Kristo aurreko I. mendekoa dela, eta, gero, XV. mendekoa dela euskara historikoaren lehen dokumentua. Hamasei mendeko decalage bat daukagu hor. Tradizionalki, antzinako euskara edo protoeuskara deitutakoaren berreraikuntza linguistikoarekin aurre egin diogu horri, baina kontuan hartu behar da berreraikuntza bat dela. Eztabaida da ea zeri ematen diogun garrantzi handiagoa, berreraikuntza linguistiko horri edo antzinatetik datorren idatzizko dokumentuari. Oso debate zaila da hori, eta are zailagoa testu bakar batekin.

Halako eztabaidek kalte egin al diezaiokete piezaren balioari?

Inolaz ere ez. Nik 2009an jadanik idatzi nuen baskoiek idazketa ezagutu zutela. Andeloko mosaikoa (Mendigorria, Nafarroa), txanpon batzuk eta bi edo hiru gauza gehiago nituen eskura orduan hori planteatu ahal izateko. Baina Irulegiko Eskuak baieztatu du hori orain.«T» zeinua agertzen da hartan, gainera. Baskoien beste bi txanponetan ere agertzen da zeinu hori, baina ez dago halakorik iberierazko testuetan, nahiz eta iberieraz askoz ere inskripzio gehiago dauzkagun. Horrek esan nahi du baskoiek bazutela zeinuteria berezi bat, iberieratik egokitua bai, baina hizkuntza horretan idatzi ahal izateko moldatua. Eta hizkuntza horretan idazteko azpisistema bat sortu zela ikusita, pentsatzekoa da inskripzio gehiago agertuko direla.

Eta agertuko dira?

Bai, baina loteriaren parekoa da hori. Irulegiko Eskuarekin batera, idazketa tresna batzuk ere agertu dira, esaterako, eta horrek erakusten du inskripzioak bertan egin ahal izan zituztela. Bazitekeelako eskua beste inondik ekarri izana ere, baina ez. Tresnak hor daude, eta, beraz, idatzi gehiago espero daitezke horregatik ere. Zenbat? Hori da jakin ezin duguna, idazketa gehiago edo gutxiago erabili dutelako kultura batzuek eta besteek. Feniziarren kasua, adibidez, bitxia da. Sekulako indarra izan zuen kultura horrek, baina testu gehienak euskarri bigunetan egin zituzten, eta, ondorioz, oso inskripzio gutxi heldu zaizkigu. Hemen, esanguratsua da baskoien bi inskripzio mota ditugula: inskripzio publikoak, txanponetakoak bezalakoak, eta inskripzio pribatuak, Irulegiko Eskukoa bezalakoa. Eta optimismo neurritsu bat ematen digu horrek.

Zerk ebatzi ahalko lituzke adituen arteko debateak?

Pieza gehiago agertzeak lagunduko luke. Baina ebidentzia mota hauek pausa handia eskatzen dute. Irulegiko Eskuak eragin duen bozkarioak zenbaitetan azkarregi hitz egitera eraman ditu adituak, eta, berez, denbora behar izaten dute gai hauek mamituz joateko. Nik, esaterako, 90eko hamarkadan proposatu nuen Andeloko mosaikoan ageri ziren inskripzioak baskoieraz idatzita egon zitezkeela. Erabat heterodoxoa zirudien horrek orduan, sorpresazkoa, baina, denborarekin, onartuz joan da hipotesi hori, eta hemen ere hori gerta daiteke. Zuhur jokatzen saiatu gara gu beti Irulegiko Eskuarekin. Izan ere, pieza oso konplexua eta konplikatua da. Eta halako asko daude, baita  latinezko ez gutxi ere, nahiz eta hizkuntza hori hain ondo ezagutu.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.