Pintzelez goraino betetako potoak, pigmentuak, olio pinturak sortzeko osagai gehiago, margo okreak ontzi batean, zilar kolorea ere prest aldamenekoan, paleta gisa erabilitako zartaginak, pintzel gehiago, kolore gehiago... Lanerako beharrezkoak dituen tresnez beteta du estudioa Juan Luis Goenaga margolariak (Donostia, 1950). Eta artelanez ere bai. Horma batetik zintzilik daude batzuk, lurrean zabalduta beste batzuk. Eta inguruan pilatuz joan zaizkio beste asko eta asko. Koadro txiki batetik hasi, eta hainbat metro luze den oihal bateraino. Bere ibilbide luzean osatu dituen askotariko obretako batzuk baino ez dira. Eskulanak deitutakoak daude tartean. Paper gainean olioz sortutako irudiak dira, eta egunotan Madrilgo Luis Burgos galerian ikusgai zituen horietako 24; itxita dago galeria orain, baina online bisitatu daiteke. Udazkenean, berriz, Donostian irekitzekoa den erakusketa zabal baterako prestaketa lanetan ere bazebilen artista, koronabirusaren auziak egunerokoa aldatu aurreko egunetan. Eta horretan jarraitzen du, baita egunero pintatzen ere.
Pintoreak XV. mendeko baserri batean du estudioa. Alkizan (Gipuzkoa) topatu zuen sorkuntzarako bere txokoa, duela bost hamarkada jada. 1969an kokatu zen han, eta bertan sortu ditu bere lan gehienak. Egunero margotzen du normalean; koadroak ez badira, marrazkiak egiten ditu. Kanpoan pintatzea gogoko du, eguraldiak uzten dionean. «Kanpokoak datu asko ematen dizkizu, eta argitasuna ere beste bat da». Estudio barruan aritzen da beste askotan, egurrezko habe handien artetik sartzen den argiaren laguntzaz. Kanpoan pintatzen hasi, eta beste batzuetan barruan bukatzen ditu obrak. Non pintatu horrek, halere, ez duela bere lanetan eraginik dio. Lan bakoitza mundu bat delako, eta sortzeko prozesua ere bai, horregatik. Beti. «Egun bakoitza ezberdina da; behin ere ez dakizu nondik joango den. Sorpresa izan behar du niretzat; ni aspertzen banaiz... Malo».
Eskulanak bildumako lanetan, adibidez, osagaiak prestatzetik hasten da prozesu hori. Paper berezi bat baliatzen du. «Paper lodi zuri bat da, eta olio pinturari eusteko prestatzen dut». Pinturak ere berak egiten ditu, pigmentuak eta linazi olioak nahasiz. 1990eko urteetakoak dira bildumako zenbait pieza, eta 2000ko hamarkadakoak serie bereko beste asko. Tarteka sortu ditu halakoak; «ziklikoa da», dio artistak. Madrilgo galeriak eskulanez soilik osatu nahi izan zuen erakusketa.
Udazkenean Donostiako Kubo Kutxa aretoan ikusgai jarriko duten erakusketan, berriz, zabalagoa izango da bilduma. Mikel Lertxundi Galiana arte ikerlari eta komisarioa ari da berori prestatzen, pintorearen laguntzaz; adituak ongi ezagutzen du Goenagaren lana —haren bizitza eta obra aztertzen dituen Goenaga liburu mardula osatu zuen 2018an—, eta haren eskuetan jarri da artista lanen hautaketa egiteko. «Bera dabil obrak lokalizatzen, neurriak ikusten... uste dut nahiko argi duela zer eramango dugun. Hor ditudan marrazkiz betetako kutxak ere mila aldiz begiratu ditu».
Lineala ez, zirkularra
Bere ibilbide luzean osatu dituen obrek Goenagaren garai ezberdinak erakusten dituzte, Lertxundik bere liburuan kronologikoki azaltzen dituenak. Hastapenetan Erroma, Madril, Bartzelona eta beste hainbat lekutara egindako bidaiek harengan izan zuten eraginetik hasi eta azken urteotako lan koloretsuetarainoko ibilbidea aurkezten du. Eta bi horien artean, azalduz doa nola 1969. urtetik aurrera «murgiltze hamarkada» bat bizi izan zuen, naturarekin harremanetan —Belarrak, Itzalak, Sustraiak, Marroiak eta beste serie batzuk ekarri zituena—; nola 1980ko urteetan mundu urbanoan ere murgildu zen, espresionismo alemaniarrarekin sintonian agertuz; nola hamarkada beraren erdialdera familia eszenak nagusituko ziren bere pinturetan; nola 1990eko urteetan, Arkeologiak bezalako serieekin, milaka urte atzera begira jarri zen berriro ere, leizeetako orduko margolariekin identifikatuz; eta nola ondorengo hamarkadetan hastapenetatik landu izan dituen gaietara itzuli izan den etengabe beste serie askotan, hala nola figurak, biluziak eta paisaiak irudikatuz.
Zaila da hain bide luzea laburbiltzea. Artistari ere kosta egiten zaio bere jarduna hitzez azaltzea. «Niretzat, pinturan ez dago denborarik». Horregatik, udazkeneko erakusketa atzera begirakoa izango den galdetuta, zalantza du. «Nire ibilbidea ez da lineala, atzera eta aurrera ibiltzen naiz. Ez da eboluzio bat; zirkularra da, nire ustez. Lauzpabost gai ditut, beti gauza berdinekin nabil; lau gauza dira, eta horiekin, mundu bat».
Hitzez azaldu ezin diren gauzen artean dago pinturarekiko bere maitasuna. «Pintura da pasio bat, bizitzeko era bat... Ez dakit, hitzez esplikatzea oso zaila da, hitz guztiak geratzen dira... ». Gauza bat argi du, eta, agian, horregatik iruditzen zaio hain zaila hitzez azaltzea. «Pintura zerbait fisikoa da, ez da intelektuala. Ulertu edo ez ulertu, sentitu egin behar duzu». Oso txikitan hasi zen margotzen. Olioz. Oriamendi (1958) koadro txikia hartu du eskuetan; 8 urte zituela ondu zuen. «Horrelako pila bat egiten nituen». Nolatan ez daki, baina gogoan du oso txikia zela erabaki zuela pintore izan nahi zuela. «Oso argi neukan».
Autodidakta izan zen, eta bere ikasketa plan partikularrean museoek eta galeriek funtsezko lekua izan zuten. «Museoetan pintura asko ikusi nuen, baina neure kasa». Louvre, Prado, eta, gertuago, Donostiako San Telmo eta Bilboko Arte Ederren Museoa aipatu ditu, baina beste asko bisitatu zituen. Pintura ikusteko bidaien artean, Paris du bereziki gogoan—«zentroa zen garai hartan»—, baita Venezia ere. Haietan ikusi zituen aurrez aurre liburuetatik ezagutzen zituen Tiziano, Tintoretto, Velazquez, Rembrandt, Van Gogh eta beste askoren lanak. Haiei begiratuz ikasi zuen, eta gozatu ere bai. «Pintura ikusten asko disfrutatu dut, eta iritsi naiz konklusio batera: pintura on guztia modernoa dela. Grekoa hartzen duzu, zein kolore erabiltzen zituen, eta modernoa da; Rembrandt, Velazquez, Tintoretto, manieristak... pintura ona beti da modernoa; ni ez naiz aspertzen ikusten».
Ikusitakoa bidelagun, bere lengoaia propioa garatuz joan zen. Ez da bere obrari etiketak jarri zalea, baina adituek espresionismo alemaniarrarekin lotu izan dute. «Bueno, bai. Kontua da italiarrak ere beti gustatu izan zaizkidala, baina alemanei ere italiarrak beti gustatu izan zaizkie... Baina bai, espresionismo alemaniarrarena izan daiteke, eta izpiritu nordikoa ere bai». Hitz bat besterik ez dela dio, dena dela, inpresionismoa bezala. «Gero, inpresionistak era guztietakoak dituzu. Van Goghek ahal du inpresionista izan batzuetan, beste batzuetan espresionista da; Manet, Renoir...». Harentzat, «pintura ona edo txarra» dago; horretara laburbiltzen du kontua.
Bere belaunaldiko euskal artistekin ere izan du harremana, eta lagun izan ditu asko, baina ez da inoiz talde edo mugimendu bateko kide izan; bere kasa ibili izan da. «Nik neure bidea egin nuen. Eta uste dut margolari guztien bidea ere horrelakoa dela, oso bakartia». Artista bakoitzaren interesak ere ezberdinak direla dio. Eta bereen artean natura izan da, eta da, nagusietako bat. Betidanik. «Behar dut; klabe asko hor daude niretzat». Paisaia ugari irudikatu ditu, asko ingurukoak; Zelatun lanean, adibidez. Baina beretzat paisaiak beti dira «aitzakia bat», beste edozein gai bezala, barne mundua adierazteko. «Azkenean, barrukoa da; hori Zelatun da, baina Zelatun aitzakia bat da azkenean. Ezagutzen baduzu, identifikatuko duzu, baina zuk Zelatun ez duzu behin ere horrela ikusi, ezta? Orduan, bai, izan daiteke espresionista; nola beste hitzik ez dagoen, ba, bueno, espresionista esango dugu. Bai, ez da pintura figuratibo normal bat».
Hastapenetatik izugarri erakarri duen beste gaietako bat historiaurrea da. Arkeologia, antropologia, labar artea, arrastoak... Hori izan zuen ikerketarako lehen bideetako bat, eta sarri bueltatzen da horretara. Baserriko apalategiak ere beteak ditu arteari eta arkeologiari buruzko liburuz. Ez daki zergatik izan duen betidanik interesa arlo horretan, baina «bereziak» egiten zaizkio inguruko hainbat leku, hain zuzen, «arkeologiarekin zerikusia dutenak, arrastoak dituztenak... Historia bat dutenak. Hemen halako asko daude, eta leize-zuloak ere bertan ditugu: Ekain, Altxerri... eta aurkitu gabe egongo direnak!».
Kaosa ordenatzea
Gai horiek guztiak izaten ditu buruan mihise zuriaren aurrean jartzean. Baina margolan bati ekitean ez du uste abian jartzen den prozesua intelektuala denik. «Ez da mentala, pinturak berak eramaten zaitu... Ezin da esplikatu, niretzat misterio bat da. Abstrakzioa da». Izan ere, uste du ideia jakin batekin hasten bada pintatzen lan hori normalean ez dela ongi aterako. «Nahiago dut kaosetik hasi. Hasieratik mugak jartzen badituzu... Ez, kaosa ordenatuz joaten da, bera bakarrik». Sarri ez da lan bakar batean aritzen, baizik eta bat baino gehiagotan aldi berean; hain zuzen, batean trabatuz gero, beste bati ekin, eta horretan topatzen du agian aurreko lan horri aterabidea emateko modua. Lan bat amaitutzat ematea ere ez zaio erraza askotan; horra iristeko, asteak pasatu daitezke batzuetan.
Bere jardunean olioa izan du lanabes kutunena, nahiz eta akuarela, tinta, grabatua eta beste ere baliatu izan dituen. Abstrakzioan topatu zuen bere lengoaia, eta haren barruan figurak beti izan du bere lekua. Eta hastapenetako lanak monokromoagoak baziren ere, kolorea beti egon da presente bere obran, bizitasun handiagoz azken urteetan. Gaiak, berriz, ez ditu bilatzen. «Aitzakiak dira, ez duzu inora joan beharrik bilatzera; aurrean dituzu beti. Abstrakzioetatik askotan paisaia azaltzen da, eta figura... Figura beti dago hor, eta biluzia ere bai askotan».
Tarteka, lan batean trabatzean adibidez, sufritu egiten duela aitortzen du. Baina gozatzen du pinturarekin; urteen poderioz, gero eta gehiago. Eta berdin ikusten ere. Aspertu gabe pintatzen jarraitzen du. Inoiz baino askeago, gainera. «Margolari askorengan ikusi dut hori; gaztetan lotuago zaude, eta urte askotan margotu eta gero, hartzen duzu askatasun hori». Bere bidean aurrera jarraitzen du. Zeren bila, ordea, ez daki: «Pinturak esango du. Etorri egiten da».
Denboratik at dagoen ibilbide bat
Juan Luis Goenagak Madrilen izan ditu ikusgai egunotan bere hainbat obra. Udazkenean Donostian irekiko duten erakusketa zabal baterako prestaketa lanetan ere badabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu