Denborari denbora

Alex Mendizabal, Xabier Erkizia, Gianmarco Serra eta Peito Castelo artistek emanaldi bereziak egingo dituzte gaur eta bihar Arantzazun

Alex Mendizabal, atzo, Gandiaga Topagunean. XABIER ERKIZIA.
gorka erostarbe leunda
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Urte eta erdi darama Xabier Erkizia Audiolab elkarteko kideak Arantzazuko santutegiko soinuak jasotzen. Astebeterako lana behar zuenak luzaroagorako bidea eman dio, «uste baino aberasgarriagoa izaten ari baita esperientzia». Santutegian bizi diren fraideen eguneroko bizitza jaso, bertako eta inguruetako soinuak grabatu, «eta denbora eta abiadurak atzeman».

Abiadura gailendu den garaiotan denborari bere denbora emateko leku ezin aproposagoa dela iritzita, soinuaren eta denboraren arteko elkar hartzearen inguruan emanaldi bereziak antolatu ditu Audiolab soinu laborategiak, Denbora galduz /Tempoa jasoz izenburupean. Atzo egin zuten lehen saioa Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati, Gipuzkoa). Gaur ere han izango dira Xabier Erkizia bera, Alex Mendizabal, Peito Castelo eta Gianmarco Serra sortzaileak. 15:00etan hasita, 20:00 bitarte iraungo du ekitaldiak, eta nahi duen edonork parte hartu ahal izango du, entzun eta ikusteaz gain. Bihar ere leku eta ordu berean egingo da.

Ez da debaldeko kontua Bitoriano Gandiaga poeta frantziskotar zenaren izena daraman aretoa hautatu izana hiru egunotako soinu esperientziarako. «Arantzazu inguruko eta, oro har, naturako soinuek presentzia nabarmena dute Gandiagaren poesian», Erkiziak nabarmendu duenez. Gainera, denboraren inguruko kezka ere bazuen poetak, batez ere gaixotu zenez geroztik. «Psikiatrak esan omen zion denbora galtzen ikasi behar zuela». Handik abiatuta idatzi zuen Denbora galdu arte liburua 1985ean, idazlearen barne-pentsamenduak, testuak eta ipuintxoak bilduz. 2006ean jada «omenalditxo» bat egin zioten Audiolabekoek Gandiagari,Arantzazutik Urbiarako bidean, haren Adio liburutik abiatuta. «Guk maitasunez Audio deitzen diogu liburuari, soinu erreferentzia asko azaltzen baitira».

Modu librean, denbora gai

Denborarekin, abiadurarekin, tempoarekin eta abiadurarekin esperimentatuko dute gaur eta bihar ere parte hartzaileek. Alex Mendizabal musikari donostiarrak bost orduko kontzertua emango du, geldialdirik gabe. «Azken urteotan globoekin lan egiten ari da Alex. Globoei tronpeta moduko batzuk itsasten dizkie, eta globoan sartzen den airea giltza batzuen bitarteaz neurtzen du; batzuetan intentsoagoa, bestetan leunago igarotzeko, eta, horren arabera, tronpetek tonu bat edo beste egiten dute».

Xabier Erkiziak berak hiru soinu pieza labur atondu ditu Gandiagaren poemetatik abiatuta, poema horiek «partitura bilakatuta», zehazkiago esanda. «Piezetakoren bat performatiboagoa izango da, eta besteak entzutekoak soilik».

Gianmarco Serra artista italiarrak piano kontzertua eskainiko du, pieza klasikoetan oinarrituta: «Pieza horien tempoarekin jolastuko du; batzuk azkarrago joz, besteak motelduz». Hiru emanaldi horien osagarri Peito Castelo Lazkaoko (Gipuzkoa) artistak sortutako lau eskultura pieza ikusi ahal izango dira, Impasse izenburuarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.