Zinemak, modu batera edo bestera, zientziaren laguntza behar izan du aurrera egiteko. Eta zientziari ere, historian oro har, ondo etorri zaio zinemaren ekarpena; besteak beste, hura dibulgatzen lagundu baitu. Sinbiosi horren aberastasunaz jabetuta, duela zortzi urte hasi ziren Zinema eta Zientzia zikloa antolatzen Euskadiko Filmategia, Donostia International Physics Center eta Donostiako Zinemaldia. Gaur aurkeztu dute zortzigarren aldia, Donostiako Tabakaleran.
Bihar emango diote hasiera zikloari, eta apirilaren 1ean amaituko da. Aurten, denboraren kontzeptuaren inguruan hausnartzeko aukera eman nahi izan dute antolatzaileek, eta, horretarako, hamabi film proiektatuko dituzte. Gainera, bi hitzaldi ere antolatu dituzte. Tabakaleran bertan, Gasteizko Artium museoan, Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen Bizkaia aretoan, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zineman izango dira saioak.
«Artearen eta jakintzaren ospakizuna da; filmei kalitatea eskatzen diegu, beti bezala, baina baita begirada zientifiko estimulatzailea pizteko gai izatea ere», adierazi du Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak. Halaber, zikloak askotariko begiradak biltzea lortu dutela ere gehitu du; hainbat herrialdetako lanak emango dituzte, 1931 eta 2023 artean sortutakoak.
Berrikuntzak
The Theory of Everything filmak irekiko du zikloa. Artium museoan izango da saioa, bihar, 19:00etan. Stephen Hawking astrofisikariaren eta haren lehen emaztearen arteko harremana du ardatz pelikulak. Tabakaleran (hilaren 10ean), Bilbon (11n) eta Iruñean (14an) ere proiektatuko dute. Pedro Miguel Etxenike —Donostian eta Bilbon— eta Arantzazu Garcia Lekue —Gasteizen eta Iruñean— izango dira filma aurkezteko arduradunak. Donostia International Physics Centerreko zuzendari Ricardo Diez Muiñorentzat, zikloari hasiera emateko «modu paregabea» da bi zientzialari horien saioak izatea.
Zinema saio bikoitz bat berriro antolatzea erabaki dute aurten —pandemia garaian egin zuten azken aldiz—. Frankenstein (1931) eta The Bride of Frankenstein (1935) filmak ikusi ahal izango dira. Horrelako emanaldietan sortzen den «giro desberdin eta polita» izan du gogoan Fernandezek, eta horregatik animatu dira antolatzaileak aurtengo programazioan sartzera. Otsailean izango dira film horien proiekzioak.
«Artearen eta jakintzaren ospakizuna da; filmei kalitatea eskatzen diegu, beti bezala, baina baita begirada zientifiko estimulatzailea pizteko gai izatea ere»
JOXEAN FERNANDEZEuskadiko Filmategiko zuzendaria
Bestalde, aurten lehenengoz, gizarte zientziei lekua egin diete zikloan. Hasteko, Vincere (Marco Bellocchio, 2009) lana emango dute pantaila handian. Benito Mussolini boterera heldu zenekoaz hitz egiten du filmak, haren emazte izan zen Ida Dasleren bitartez. Gainera, bi historialarik izango dute filma aurkezteko ardura: Julian Casanovak eta Antonio Riverak. Vincere-ren nondik norakoak azaltzeaz gain, beste herrialde batzuetako faxismoaren sorrera azaltzeaz ere arduratuko dira.
Zikloaren aldi honetan protagonismo handiagoa emango diete proiekzioak aurkezten arituko diren zientzialariei. Fisikariak, kimikariak, ingeniariak, biologoak, geologoak... Diez Muiñoren esanetan, inoiz baino aurkezle gehiago izango dira aurten: 30 inguru. «Zientziaren askotariko begiradak ikusteko aukera izango dugu».
Lan zahar eta berriak
Programazioan egongo diren film klasikoen artean daude The Time Machine (George Pal, 1960) eta The Thing (John Carpenter, 1982). 1899ko zientzialari bat du protagonista lehenak, eta hark sortutako denbora makina batekin egiten dituen bidaiak kontatzen ditu —urtarrilean izango dira proiekzioak—. Antartikan dagoen ikerlari talde baten ingurukoa da bigarren pelikula —martxoan emango dute—. Biek ala biek euskarazko azpidatziak izango dituzte.
Lan berriagoen tartean dago Everything Everywhere All at Once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022). Multibertsoan gertatzen da istorioa, eta 2022ko Oscar sarietan jatorrizko gidoi onenaren eta film onenaren sariak erdietsi zituen, besteak beste.
Ikastetxeentzat sei saio prestatu dituzte zikloaren antolatzaileek, eta horietatik hiru euskaraz izango dira. Gravity filma ikusi ahal izango dute ikasleek, eta Leire Larizgoitia, Francesc Monrabal, Lurdes Ondaro eta Sara Ortega zientzialari gazteen azalpenak jasoko dituzte. 1.000 ikasle inguruk parte hartzea aurreikusten dute.
Saioetarako sarrerak Tabakaleran, Aritumen, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta Le Select eta Golem Baiona zinema aretoetako leihatiletan erosi ahal izango dira, bai eta Euskadiko Filmategiko webgunean ere —azken horretan dago eskuragarri film guztien inguruko informazio osatua—.