Kritika. Dantza

Denboraren haria tolestuz

2025eko otsailaren 2a
04:00
Entzun

'TIME IS A MUSCLE'

Koreografia: Olatz de Andres. Dantzaria: Oihana Vesga. Tokia: Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoa. Eguna: Urtarrilaren 29a.

Olatz de Andres koreografoak kontzeptu abstraktua, existentziala, metafisikoa eta aldi berean, lurtarra, egunerokoa edo gertukoa izan du ikerketa objektu. Ezaguna da, eta zorionez edo zoritxarrez, beti hartu behar dugu kontuan. Hark zeharkatzen gaitu, edo gure gainetik pasatzen da. Batzuek sentituko dute ezin diotela irabazi, beti aurrea hartzen duela…Denboraz ari naiz. Dantza ibilgailu izan du De Andresek gorputzean gertatzen den denbora (sentitzen, hautematen duguna) esploratzeko. Nork ez du izan denborak hegan egin duen sentsazioa? Eta, alderantziz: zenbatetan zin egingo genuke minutuak harri pisutsu bat lez pasatzen direla?

«Izan ere, dantza horixe da: denbora eta espazioa. Ezinbestean, toki eta denbora jakin batean gertatzen den fenomeno bat da», azpimarratu du sortzaileak. Urteak daramatza gai horri bueltaka, eta agian horregatik, lan honek badu dantzaren iheskortasuna saihesteko ahalegin bat. Beste diziplina artistiko batzuk baliatu dituzte horretarako; marrazkia eta bideoa, batik bat. Gorputzek espazioan uzten duten aztarna marraztea izan da Ixiar Garcia artistaren egitekoa. Era berean, marrazkiek dantza egiteko moduan eragina izan dutela aipatu du Oihana Vesga dantzariak, elkarreraginak proiektua bere osotasunean aberastu duelarik. Gaurkoa entsegu irekia izanik, Vesgak eta De Andresek azalpenak eman dizkigute sorkuntza prozesuaren inguruan, baita erakustaldi txiki bat egin ere: hari edo soka fin batez zeharkatu dute espazioa, alderik alde, sokak egin duen ibilbidea haiek ere ibiliaz. Ondoren, dantzaria soken artean aritu da, bukle moduan mugimendu batzuk errepikatuz. Aldaketa txikiak eta momentuko inprobisazioak ditu koreografiak, eta horrek bizirik iraunarazten du. Mugimendua zirkularra den zikloan sartzen da, eta denboraren kontzientzia finagoa hartzen du batek; eguzkiaren eguneroko ibilbidea ikusiko bagenu bezala.

Halako batean Vesgak (bi sokak osatutako bide, errepide baten erdian dagoela dirudiena) sokak ukitzen, tolesten, tira egiten edo haietan pisua sostengatzen hasten da, eta hor argi iritsi zait irudia: «soka edo korden teoria» zientifikoa! Denbora ez da lineala, denbora tolestu egin daiteke. Espazioa eta denbora loturik daude eta dimentsio askoren portalea dira. Mugimenduaren bitartez (mugimendu geldo, azkar, errepikakor…) denbora bera transformatu dezakegu. Olatzen gomendioa? Orainera bueltatzea, eta etorkizuna gure begi bistatik une batez borratzea. Orainean poliki-poliki sartuz gero, denbora bera tolestu, luzatu, zabaltzen baita. Time Is a Muscle emanaldiak lau ordu irauten du, baina behin bakarrik bizi ahal izan dute. Ez dago oso modan gelditzearen hori. Agian, geldituz gero denbora transformatu dezakegula jakingo bagenu, lasaiago ibiliko ginateke. Bitartean, Olatz de Andresek bere obraren inguruan antolatuko duen erakusketaz eta liburuaz gozatu ahal izango dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.