PHILIPPE JAROUSSKY
Pianoa: Jerome Ducros. Egitaraua: J. Haydn, W. A. Mozart, L. V. Beethoven, F. Schubert, G. Faure, C. Chaminade eta R. Hahnen obrak.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroaren 13a.
Kursaal Eszenak azken urteotan aurkeztu dituen programazioei errepasoa eginez, esan daiteke Philippe Jaroussky kontratenorra Donostiako publikoaren aspaldiko ezaguna dela; gainera, publikoak goxo hartu izan du errezital guztietan. Duela hiru urte eskaini zuen kontzertuan, errepertorio barrokoaren harribitxi ezezagunak aurkeztu zituen, bere ibilbide profesional oparoa definitu eta goratu duen eremuan. Denborak aurrera egin ahala, badirudi errepertorioari dagokionez ere denboran aurrera egin duela Jarousskyk, eta barrokoaren ondorengo ahots-errepertorio bikainari errepasoa egiten dion programa aurkeztu du oraingoan, musikaren epizentro izan ziren Viena eta Paris hiriak ardatz hartuta.
Joseph Haydn maisu klasikoaren Das Leben ist ein Traum (Bizitza amets bat da) eskaini zen lehenik, historian zehar topiko literario bihurtu den gaian orekaz murgiltzen dena. Jaroussky oraindik zertxobait hotz, baina izoztu gabe; Ducros, aldiz, kontzertuan hasieratik bukaeraraino zabaldu zuen sen ona agerian utziz. Klasizismoaren eta erromantizismoaren artean giltzarria den Beethovenen Sehnsucht (irrikari eta desirari egiten dio erreferentzia termino aleman honek, barnean mugimendua sortzen duena) ederra Jarousskyren tinbre nahasezina berotzen hasia zela esan daiteke. Baina, nonbait, tesitura pixka bat tenkatzen zitzaionean norabide zentzua mantentzeko zituen zailtasunak azaleratu egiten ziren une oro, goiko zein beheko erregistroetan soilik kolpeka garatzeko aukera balu bezala. Sentsazio hori gainontzeko obra guztietara hedatu zen, beti modu nabarian ez bazen ere, bai lerroa baldintzatzen zion hondo gisa. Izan ziren, hala ere, une hunkigarriak: Franz Schuberten Litanei auf das Fest Allerseelen (Arima guztien egunerako letania) lerro samurra, Jacobiren olerki zirraragarriaren gainean eraikia, edo Reynaldo Hahnen À Chloris ahaztezinaren dotorezia.
Badirudi denborak zurruntasun apur bat gehitu diela malgu eta saltariak ziren ahots-kordei; baina ofizioa denean, bada arterako aukerarik.