Denboran atzera bidaiatzeko modua eman zuen San Joan bezperarako Donostia Arenako kontzertuak. Rock gogor eta melodikoa uztartzen duten Def Leppard, Whitesnake eta Europe elkarrekin, egun eta leku berean, kontzertu bakarrean. 1980ko urteetan goia jo zuten hiru rock talde handi, onenak emanda, baina emateko zer badutela erakusteko asmoz. Denboraren bidaia bete-betekoa izan zedin, agertokia ere berezia: Anoeta. Donostiako belodromoa urte luzez izan zen igandekoaren gisako emanaldien kokaleku, eta Illunbeko akustikak belarriak gozatzen laguntzen ez badu ere, Anoeta inguruko kaleak ikustea 80ko urteetara bidaiatzeko modua izan zen.
Europe suediarrak izan ziren oholtzara igotzen aurrenak, arratsaldeko zazpietan, egun argiz. Ordurako Illunbeko behealdea eta harmailak itxura hartuta zeuden. Adin guztietako jendea. Asko eta asko urtetan sartuak; beste hainbat seme-alaba edo iloba txikiak eskuan hartuta.
The Final Countdown kantak eta izen bereko diskoak egin zuen ezagun mundu osoan Europe 1986an, baina taldea garai hartako ekarpenaren itzalean bizi dela uste duena oker dagoela erakutsi zuten igandean. Suediarrak ez daude denboran iltzatuta. 2004an elkartu eta ibilbideari berrekin ziotenetik, atzean utzi dute 80ko urteetan ezagun egin zituen doinu gozo eta likatsua, eta rock gogor eta ilunagoaren bidetik ari dira. Bilakaera horren lekuko da Bag of Bones azken lana, eta haize berri horien erakusleiho izan zen igandeko emanaldiaren hasiera ere: Riches to Rags eta Firebox.
Ordubeteko emanaldian ia disko guztiei egin zieten leku. Joey Tempest abeslariak eta John Norum gitarra jotzaileak eraman zuten emanaldiaren pisua, eta publikoaren erantzunak Carrie eta Rock the Night klasikoekin jo zuen goia. Emanaldi dotorea bukatzeko, Last Look at Eden eta Illunbe hankaz gora jarri zuen The Final Countdown.
Aurkezpenik ez du behar David Coverdalek. Deep Purple mitikoan sartu-irtena egin ondoren sortu zuen Whitesnake, 1978an. 60 urteak gaindituak ditu, eta adinak ez du barkatzen: ahotsa galdu du Coverdalek. Sufritu egiten du kanta askotan, eta ahots urratuz kantatzen ditu behinola garbitasunez abestutako melodiak. Taldekideen laguntzarekin, instrumentuen bolumena igoz eta publikoarekin jolastuz estaltzen ditu gabeziak Coverdalek. Hori bai, oholtza gaineko karisma ez du galdu; maisua da horretan.
Whitesnaken emanaldiak apenas izan zuen ezusterik. Forevermore azken laneko bi kanta salbu, klasikoak bata bestearen atzetik: Give Me all Your Love, Ready and Willing, Is this Love, Fool for You Loving, eta azken zatian Here I Go Again eta Still of the Night. Soinua nahasia izan zen une askotan, baina jendeak gogotik gozatu zuen. Hiru taldeen artean erantzun handiena Whitesnaken emanaldiak izan zuen. Horrek, ordea, ez du emanaldiak argi-ilunak izan zituela ezkutatzen.
Hamazazpi urteren ondoren Donostian zeuden ostera Def Leppard —1996an izan ziren azkenekoz, belodromo zaharrean—. Denbora tarte luzeegia etorri gabe, Joe Elliot abeslariak gogorarazi zuenez. Emanaldi zuzena izan zen, balekoa. Agertoki soila, aparteko ikusgarritasunik gabea; irudiak eman eta eman aritu zen pantaila handia baino ez atzealdean —taldeari lotutako irudi hunkigarri eta historikoak, batez ere—. Soinua garbia izan zen oso, eta ororen gainetik musika izan zuen oinarrian emanaldiak.
'Hysteria' osorik
Hasteko, klasiko sorta: Let's Get Rocked, Action, Foolin' eta Switch625. Azken hori bukatuta, Hysteria diskoa osorik jo zuten, kantak diskoan dauden orden berean emanez. Taldearen lanik esanguratsuena da Hysteria, kanta dotorez josia dago, baina hasieratik bukaerara disko bat jotzeak arriskua ere badu. Women, Rocket eta Animal kantekin indartsu hasi zena pixkanaka indarra galduz joan zen —ikusleen erantzunean antzeman zen hori—. Hunkigarria pantailako irudien bidez Steve Clark taldekide ohiari egin zioten omenaldi xumea —1991n hil zen—, eta nabarmentzekoa Rick Allenek beso bakarrarekin bateria jotzeko duen trebezia.
Def Leppardek ez du garaikideak dituzten beste talde batzuen sona eta erakarmena gure artean. Haien musika erdibidean geratzen delako izan liteke akaso; bigunegia doinu gogorrak gustuko dituztenentzat, gogorregia pop zaleentzat. Baina zuzenean talde sendoa da. Emanaldia Rock of Ages eta Photograph klasikoekin biribildu zuten. Denboran atzera berriz bidaiatzeko ez daitezela beste hamazazpi urte pasa.
Denboran atzera bidaia
Def Leppard, Whitesnake eta Europe taldeen emanaldiak 80ko hamarkadako irudi eta soinuen oihartzunak ekarri ditu Donostiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu