Pozik mintzatu zen Alegria ere: «Hamar urte betetzea deus ez dela erraten digute batzuek. Baina,guretzat, izan dugun bide gorabeheratsua izan eta gero, hamarkada bat asko da. Urrezko ezteiak balira bezala hartzen dugu». Zuzendari artistikoak gertutik ezagutu ditu zinemaldiaren eskasiak, UPNren azken legealdian izandako murrizketek sortutako egoera kritikoaren ondotik, batik bat. Jaialdiak, ordea, burua altxatzen jakin izan du, eta garai goxoan ekingo dio hamargarren aldiari. Astelehenean hasiko da, eta astebete iraungo du. Tartean, ehundik gora film dokumental emango dira, eta bestelako ikastaro, hitzaldi eta saio bereziak ere izango dira. Bigarren urtez, Baluartek hartuko ditu ekitaldi guztiak.
Egun, zinema dokumentalaren «erreferente nagusia» da Ikuspuntu jaialdia Espainiako Estatuan, Perezen ustez, eta «esajeratu gabe», munduan gehien errespetaturiko dokumental jaialdien «Top 10ean» dago. «Eliteko posizioan», alegia. Kultur zuzendariaren arabera, «programazioan arriskua eta koherentzia uztartuz» lortu du Iruñeko jaialdiak gainerakoetatik bereiztea, eta hura bilakatu du bere zeinu nabarmenena: «Jaialdi inkonformista da, ez dena existitzen denarekin konformatzen, eta beti harago joan nahi duena, limoia ahalik eta gehien zukutuz».
Kudeaketa eredua ere goraipatu zuen Perezek, arrakastaren faktore gisa. Nafarroako Gobernuaren Kultur Departamentua, Baluarte fundazioa eta jaialdiaren zuzendaritza artistikoaren artean partekatua da Ikuspunturen kudeaketa. Eta horrek, Perezen ustez, «irekiera» ematen dio jaialdiari.
Talde lanaren garrantzia
Oskar Alegriaren zuzendaritza artistikoa da, zalantzarik gabe, jaialdiaren berpizte eta egonkortzearen beste arrazoi nabarmenetako bat. Atzoko aurkezpenean, ordea, Ikuspunturen atzean dagoen talde osoari luzatu nahi izan zion zuzendariak lorpenaren aitortza: «Haiek eseri beharko lukete nire lekuan, prentsaurrekoa eman, eta kontatu nola arraio lortzen den segundo bateko pelikula bat ekartzea. Zenbat ordaintzen den horren truke, nola konbentzitu artistaren alarguna, utz dezan, hiru aldiz proiektatzearen truke. Edo nolaekartzen den 90 urteko pianista bat Roterdammetik, gurekin jaialdia pasatzera. Edo nola laguntzen zaion Japoniatik Michael Snowen filma ikustera etorri nahi duen kazetari bati, zerbait historikoa izango dela diolako. Karanbola horiek guztiak dira taldeak egiten dituenak».
Talde lan horrek ekinaz lortu du Ikuspuntuk aurrera egitea, zailtasunei aurre eginez, edo, are, zailtasunak bere eginez: «Ez egonkortasunak, izaera oker eta aldakorrak markatu gaitu, eta ekosistema horretara, oihanera, ohitu gara. Sastrakak kenduz egin dugu aurrera. Orain etapa berri bat dator, eta ikusi beharko dugu nola ibiltzen garen. Aiztoarekin fin ibili gara orain arte».
Astelehenean abiatuko den jaialdia izango da etapa berriaren abiapuntu. Hamargarren urteurrenari keinu eginez, denbora izango da jaialdiaren leitmotiva. Kontzeptu hori ardatz hartuta antolatu dute aurtengo egitaraua.