Kritika. Literatura

Denborak dena aldatzen du

'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' liburuaren azala. BERRIA
'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' liburuaren azala. BERRIA
2025eko otsailaren 9a
04:10
Entzun

'EZER EZ DAGO UTZI NUEN LEKUAN'

Ezer ez dago utzi nuen lekuan du izena Itziar Otegik helduen literaturan argitaratu duen lehen obrak. Elkar argitaletxeak argitara emandako ipuin liburuak sei kontakizun biltzen ditu, guztiak ere tonu eta perspektiba pertsonal berberak loturikoak. Izan ere, irakurleak euren espazioaren bila dabiltzan pertsonaiak aurkituko ditu ipuin guztietan, espazio fisiko nahiz mental propioaren peskizan dabiltzanak. Hala, beste norbaitek habitatutako etxeetan antzeratuko zaizkigu, ezlekuetan, horietako bakoitzetik pasatutako pertsonek utzitako markaz eta objektuz beteta eta inguratuta. Bereak ez diren txapinak jantziko ditu batek, berea ez den albornoza, bereak ez diren liburuak irakurriko ditu, eta bereak ez diren diskoak entzungo. Nolabait, gizarteko normaren eta gure norma propioen arteko espazio lauso horretan agertuko zaizkigu pertsonaiak, egin behar ditugunen eta egiazki egin nahi ditugunen arteko ataka horretan disidente.

Hari narratibo eta tonu horrek liburua hasi eta buka zeharkatzen badu ere, nabari da autoreak narratzaileekin jolas egin nahi izan duela, modu askotara materializatu baititu espazio (eta diskurtso) heterotopiko horiek. Bada lehen pertsonako narratzaile autodiegetikoa baliatuz mintzo zaigunik; arau tipografikoak eraman ditu mugara beste batean, stream of consciousness deritzotena antzeratzeko; eta bada, ipuin berean, pertsonaia nor den, diskurtso narratibo oso bestelakoak baliatu dituenik ere. Hala ere, esango nuke ipuinetan aurkitu dudan konplexutasun narratologikoa konta-teknika horiei lotu zaiela huts-hutsean; obra euskara akasgabean idatzita badago ere, ez dakit gainontzeko alderdi narratiboak ez ote diren lauegiak izan.

Niri erronka egiten didaten lan literarioak gustatzen zaizkit gehien, eta alde horretatik, Itsaso geldiak, Mugak edo Mudantza kontakizunak iruditu zaizkit biribilenak. Lehenengoak, sinbolikoki, gainontzekoek lortu ez duten zentzu ez-figuratiboago bat hartu du. Beste biek, narratzaileari dagokionez, konplikazio apur bat erantsi diote diskurtsoari, baita tentsio apur bat gehiago ere tramari. Niri ez zait gertatuko, edo Ez nazazu konta inori eta haren parea den Tabernetako transzendentzia, aldiz, entretenigarriak izan arren, eta testuartekotasunari begira interesgarriak, azalekoegiak iruditu zaizkit teknikoki; aktiboki parte hartzeko zailagoak.

Egunotan neure buruari galdetu diot ea literatura bitalistarik, komikorik, umoretsurik idatzi ote den azkenaldi honetan euskal esparruan; esku artera iritsi zaizkidan obrek, behintzat, kontrakoa erakutsi didate, ainguratzen gaituen gizartearen isla baten gisako bat-edo. Eta ezin esan dezakegu Otegiren ipuin liburuak garaiko tematikan eta estetika horretan lekurik ez duenik: ondu dituen kontakizun guztiek ere, grisetik beltzera doan tonu ilunetan bildurik, bizitzan bakarrik dauden pertsonez, gizarteko hutsuneez, denboraren iragatearen pisuaz, giza harremanen dekadentziaz, eta alienazioaz hitz egin nahi izan digute, besteak beste. Alderdi horri dagokionez, Otegik jakin du gizarte honen (beste) soslai errealista bat eraikitzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.