Saturnoren gainean artista, beste planeta batzuei so. Eta esaldi bat haren azpian: «Batzuetan, askotan, gauzak ez dira nik nahi dudan lekuan bukatzen...». Gogoetarako eta jolaserako gonbidapen horrekin abiatzen da Esther Ferrer eta denbora album ilustratua. Denbora ardatz garrantzitsua izan da beti Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistaren ibilbidean, eta hari horretatik tiraka ondu dute liburua Aintzane Usandizaga eta Aran Santamaria sortzaileek, hitzez eta irudiz, hurrenez hurren. Pamiela argitaletxeak plazaratu du lana, eta, harekin, Bagara bilduma berriari hasiera eman dio.
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute liburua egileek, museoko zuzendari Susana Sotok eta Pamielako ordezkari Carmen Elvirak lagunduta. Izan ere, Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa ikusgai da museoan, zeinetan Ferrerren hiru obra ere badiren. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa izan dira erakusketaren komisarioak, eta Bagara sailaren zuzendariak ere badira. Bi proiektuek dute helburu bera: emakume artisten lanak ezagutaraztea. Osasun arrazoiak tarteko, pantailaren bestaldetik azaldu dutenez, erakusketa lantzen ari zirela bururatu zitzaien bildumaren ideia. Barcenilla: «Erakusketa egiteaz gain, konturatu ginen beharrezkoa zela iraunkorragoak izango ziren beste euskarri batzuk ere bilatzea, eta oso inportantea zela batez ere haurren munduan emakume artisten lana normalizatzea eta natural bizitzea. Horretarako, halako sail bat beharrezkoa zela pentsatu genuen». Elvirak gehitu du «belaunaldi desberdinetako emakume sortzaileak lotzea» ere baduela xede bildumak, lehenagoko artisten lanen gainean sortuko dituztelako egungoek albumak, eta umeentzat ez ezik, helduentzat ere gozagarriak direla.
Emakumezko artistei buruzko liburu biografikoak egitea baino gehiago, protagonisten obrak eta landutako kontzeptuak oinarri dituzten albumak plazaratzea da bildumaren arduradunen asmoa, eta horixe egiteko eskatu zieten Usandizagari zein Santamariari, Ferrerren lana «berrinterpretatzeko» oso aproposak zirela iritzita. Hala egin dute biek ala biek, nork bere esparrutik. Usandizagak adierazi duenez, «artistaren lanetik, bere unibertso kontzeptualetik abiatuta fikzio bat, ipuin bat sortzea» izan da bere asmoa. Haren lanean murgiltzean, errepikatzen ziren zenbait elementu antzeman zituen, tartean, denborarena, eta horixe aukeratu zuen. «Gai zaila da, baina mamitsua ere bai». Haren esanetan, haurrentzat ez ezik, helduentzat ere ez da erraza denbora zer den ulertzea; horregatik sortzen dute «bertigoa» infinitua zer den bezalako galderek, Ferrerrek proposatu izan dituenak. «Iruditu zitzaidan horri tiraka, jolasetik, egin zitekeela istorio bat». Hain zuzen ere, jolasa, bere zentzurik zabalenean, ezinbesteko beste gako bat dela uste du Usandizagak, bai Ferrerren lanaz hitz egiteko, bai bizitza bera ulertzeko, haurrentzat zein helduentzat. «Sorkuntzan ari garenontzat ere ezinbestekoa dela uste dut».
Jolas bat da sortu duen istorioa bera ere. «Fikziozko Esther Ferrer bat dago, denbora harrapatu nahi duena nahieran moldatzeko, eta plan bat sortzen duena horretarako. Hortik abiatzen da istorioa; ikusiko dugu lortzen duen edo ez». Idazleak zehaztu du berak istorioaren «hezurdura» jarri zuela, eta gero, Santamariarekin hitz eginez, haren irudiekin narrazio hori osatuz joan zela.
Moztu eta itsatsi
Abiapuntuko esaldiaren ondotik, jolasa eta gogoeta tartekatuz segitzen du aurrera kontakizunak. «...guraizeak hartzen ditut halakoetan: kris-kraus! Erraza da nondik moztu argi badaukazu. Beste batzuetan, gehiegitan, gauzak ez dira nahiko nukeen lekuetan hasten. Orduan, ebakitakoa hartu eta toki berri batean eransten dut». Ez alferrik, liburuaren izenburuak beste lerroburu bat ere badarama erantsita: (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Eta hala sortu ditu Santamariak albumeko ilustrazioak. Usandizagaren istorioari eta Ferrerren lanari tiraka, askotariko collageak sortu ditu. «Asko gustatzen zaizkit maketekin egiten dituen gauzak, nola hartzen duen hari bat eta espazioa betetzen duen, nola erabiltzen duen gorputza neurtzeko ere bai, performanceak... Asko dago gorputzetik bere lanean, eta hari horretatik abiatu nintzen».
Liburua eskuetan hartuta azaldu ditu artistak osatu dituen irudiak. Burmuin itxurako soineko batez jantzita ageri da Ferrer batean, maketetarako erabili izan duen hari gorri bat eskuetan, bere ideien mundua irudikatzeko nolabait. Gorputz atal gehiagoren irudiak ere badira, anatomiako liburuetatik hartuak. Galdera edo ideia filosofikoei tiraka, planetak, oiloak eta arrautzak —zein da lehenago?— eta askotariko erlojuak ageri dira. Eta objektu gehiago ere bai, Ferrerren nahiz Santamariaren munduekin harremana dutenak. «Pixkanaka, elementuak hartzen eta jolasten joan naiz».
Egileen arabera, Ferrerren lana ezagutzen dutenek hainbat keinu topatuko dituzte albumean, eta ezagun ez dutenek bere mundura hurbiltzeko aukera izango dute.
Bildumako hurrengo liburuak Mari Paz Jimenez artistaren lana izango duela oinarri iragarri dute arduradunek. Elena Olabek jarriko dizkio hitzak, eta Irrimarra bikoteak —Irene Irureta eta Karmele Gorroño—, berriz, irudiak.
Denbora zatikatzea eta jostea
'Esther Ferrer eta denbora' album ilustratua ondu dute Aintzane Usandizagak eta Aran Santamariak, Ferrerren lana berrinterpretatuz. Emakume artistei eskainitako Bagara bildumako lehen liburua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu