Denbora kiribil hibrido bat Loraldirako

Iban Zalduaren testu bat izango du oinarri 'Bihar, Atzo, Gaur, Bihar' emanaldiak gaur Loraldian. Idazlea ez ezik, Ibil bedi, eta Alaia Martin eta Miren Artetxe bertsolariak ere izango dira oholtzan.

Iban Zaldua, Ibil Bedi taldea, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Amaia Agirre.
Iban Zaldua, Ibil Bedi taldea, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Amaia Agirre.
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 17a
05:40
Entzun

Etorkizunari buruzko testu bat idazteko enkargua jaso, eta denbora kiribil bat sortu du Iban Zaldua idazle eta BERRIA egunkariko artikulugileak Loraldia jaialdirako. Eta horregatik titulua: Bihar, Atzo, Gaur, Bihar. Testu hori izango da gaur Bilboko Guggenheim museoan estreinatuko duten emanaldiaren oinarria, baina Zalduaren kontakizunak ez ezik, Ibil Bedi taldearen musikak, eta Alaia Martin eta Miren Artetxe bertsolariek ere osatuko dute saioa. Amaia Agirrek jarriko dizkie bertsotarako gaiak, baina Zalduaren testua oinarri hartuta arituko da hura ere. 12:30ean izango da, zehazki. Ez lehenago, ez geroago.

Bilbon kokatu du kontakizuna Zalduak. Eta hiru atal izango ditu testuak, sasoika banatutakoak. «Iruditzen zaidanez etorkizunak beti daukala lotura oso handia oinarri duen iraganarekin, bururatu zitzaidan biharraz eta orain hiperazeleratu honetaz gain, iraganaz ere hitz egitea». XIX. mende hasierako Zamakoladaren matxinadan kokatuta egongo da lehen atala; orainaldi moduko batean gertatuko da bigarrena; eta etorkizuna izango du ardatz azkenak. «Baina itzulera eternal bat proposatzen du, funtsean».

«Iruditzen zaidanez etorkizunak beti daukala lotura oso handia oinarri duen iraganarekin, bururatu zitzaidan biharraz eta orain hiperazaleratu honetaz gain, iraganaz ere hitz egitea».

IBAN ZALDUAIdazlea

Hiru egile izan ditu inspirazio iturri horretarako. Jane Austen idazlea, eta, bereziki Northanger Abbey nobela. Benito Perez Galdos kazetari eta idazlea eta Henrich Heine poeta. Eta, azkenik, Zalduak berak onartu duenez, «ia-ia autoplagiora joz», berak idatzitako Si Sabino viviría.

Ibil Bedi osoa

Ibil Bedi taldeak aurrez ere egin izan ditu halako saio hibridoak inoiz. Areta Senosiain kideak gogoratu duenez, esaterako, BERRIAren 20. urteurrenean Tabakaleran egindako emanaldian ere hizlariekin eta beste diziplina batzuetako sortzaileekin konpartitu zuten eszenarioa. «Abesti batzuk egin genituen orduan, talde osoarekin baina instrumentazio murriztuarekin, eta a cappella ere kantatu genituen beste batzuk hiru ahotsekin. Eszenan pertsona bat ari bada, adibidez, bertsotan, eta beste bat testu bat irakurtzen, bortitzegi geratzen da musika taldea osorik eta bere tresna guztiekin sartzea».

«Zalduaren testuaren arabera moldatu ditugu joko ditugun abestiak, eta garrantzi handiagoa eman diegu parte instrumentalei».

ARETA SENOSIAINIbil Bedi taldeko kidea

Gaur ere, horregatik, saioa bi taldekiderekin egitea pentsatu zuten hasieran, baina Guggenheim museoko entzungela handia dela kontuan harturik, talde osoa igoko da azkenean oholtzara. Instrumentazioa pixka bat sinpletuko dutela aurreratu du Senosiainek, halere. «Testuaren arabera moldatu ditugu joko ditugun abestiak, eta garrantzi handiagoa eman diegu parte instrumentalei. Testuarekin bat zetozen kantak aukeratu ditugu horretarako, bai sonoritateari dagokionez, bai eta hitzei dagokienez ere».

Senosiainek zehaztu duenez, Goldea eta Beltxarga beltza diskoetako abestiak ez ezik, Katakrak-ek kaleratutako kantu bildumarako sortutako Anelidoak ere interpretatuko dute.

Ibil Bedi taldearen 'Anelidoak' kanta.

Taldeari buruzko ohar bat ere txertatu du Zalduak testuan. Idazleak azaldu duenez, denbora kiribilaz gogoeta egiteko zantzuak ikusten baititu haien musikan. «Iruditzen zait haien musikan badagoela, batetik, pultsio folklorista hori, ni iraganera eramaten nauena; eta, gero, bestetik, egiten duten elektronikarekin-eta, badute, niretzat, etorkizunera begiratzen duen zerbait ere».

«Saioari trinkotasuna ematea eta elementuak harilkatzea da beste parte hartzaileen lana, eta momentuak elkarlan horri eransten diona erakustea da guk egin dezakegun ekarpena».

ALAIA MARTINBertsolaria

Oraina eranstea

Tradiziozko bilakatu da emanaldi mota hibrido hau Loraldia jaialdian. Eta luzea da bertan parte hartu duten idazleen, bertsolari zein musikarien zerrenda.

Alaia Martin, esaterako, 2017an ere izan zen Loraldiaren etorkizunari buruzko saio hibridoan bertsotan. Kirmen Uriberen testua izan zuen emanaldiak oinarri ordukoan, eta Oihana Bartra bertsolariarekin eta Angel Unzu musikariarekin batera izan zen oholtzan. Eta bigarrenez izango da gaur, beraz, etorkizunari kantuan. Dioenez, «irekita» eta «aurreikuspen gutxirekin» joatea izaten da halako emanaldietarako gakoa bertsolarientzat. «Osagai asko ditu emanaldiak, eta egun horretan hor egoten jakitea da gakoa, momentuan gertatzen ari dena bizitzea. Batzuetan ezberdina izaten da aurreikusten duzun atmosfera eta sortzen dena. Saioari trinkotasuna ematea eta elementuak harilkatzea da beste parte hartzaileen lana, eta momentuak elkarlan horri eransten diona erakustea da guk egin dezakegun ekarpena. Geroaz arituko gara, neurri batean, eta orainaren osagaitxo hori eranstea da guk egin dezakegun onena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.