Martin Ugalderen omenez Urmugan irakurritako poema («Egunkari batean iraun genezake enbaxadarik ez dugun bitartean»); Jon Gurutz Maiza Artola presoari eskainitako testua («Leiho hegi bat dira gure begiak bisita batean:/ euria sumatu dezakegu aurpegian»); Nafarroako Sakana eskualdeko Guaixe astekariaren 25. urtemugan irakurritakoa («Lekukoak gara denbora eta tokia gurutzatzen diren bakoitzean»); Otsoportilloko leizean irakurritako olerkia, 1981eko estatu kolpearen 80. urteurrenean («Memoriak, ordea,/ gure hildakoen gaineko lurra zapaltzen ari garela oroitarazten digu,/izenik gabeko gorpuen mapa bukatu gabe dugula»); eta, hala, hamalau ale bildu arte, oroitzearen eta omentzearen artetik idatziak. Azken hamabost bat urteetan ekitaldi ugaritarako eskatu dizkioten gisako testuekin osatu du Castillo Suarez idazleak Elurra elurraren gainean liburua. Autoekoizpen modura ondu du, eta Txakur Gorria sormen kolektiboko kideen irudiekin eta Fernando Reyren gaztelaniazko itzulpenekin borobildu.
p>«Honekin hasi nintzenean, nire intentzioa lagunei oparitzeko zerbait egitea zen», kokatu du Suarezek. «Banituen testuak azken urteetan zenbait ekitaldi eta omenalditarako enkargatu izan dizkidatenak, testu bereziak, pertsona adierazgarrientzat idatziak izan direlako, une garrantzitsuetan irakurri direlako». Horietako zenbait, gainera, gaztelaniara eramanak zituen Fernando Rey itzultzaileak, «ekitaldien ezaugarriengatik», eta, idazlearen arabera, bien artean maiz zuten hitz egina mereziko lukeela zerbait egitea aleka pilatuz zihoazen olerki horiekin. Egitekotan, baina, «zerbait berezia» behar zuen izan, Suarezen hitzetan: «Eta hala etorri da autoedizioa; ilustrazioak, tapa gogorra, paper berezia... argitaletxe batek ez luke bere gain hartuko halako zerbait».Abenduaren hondarrean publikatu zuen, eta orain arte idazlea bera aritu da liburua mugitzen. Aurrerantzean, baina, liburu dendetan ere egongo da salgai, Elkarrek banaketa lanak egitea eskaini baitio. «Hala ere: oso gauza pertsonala izan da, eta, liburu guztiak salduta ere, dirua galduko nuke», esan du.
Hein batean, testu «solteak» batu eta horiei forma bat bilatzeko modua ere izan da argitalpena idazlearentzat, eta horretan Txakur Gorria kolektiboko kideen lanak esangura handia izan duela nabarmendu du. «Enkargu zaila zen haientzat, ze testuen artean, azkenean, ez baitago lotura gehiago guztiak nik eta enkargu bidez idatziak izan direla baino». Berak jarri zien abiapuntua, elurraren aipamena eramanez izenburura, eta hortik jo dute ilustratzaileek ere, besteak beste poemei atze-oihal zuri-gris bat jarriz. Suarez: «Atmosfera bera eman die hain desberdinak diren testuei; ez nuen nahi, gainera, testuek esaten zuten hori bera marrazterik; libre aritu dira, eta uste dut hala utzi behar zaiola beti sortzaile bati». Azalera eramandako zomorroa jarri du adibidetzat: «Ez dakizu zergatik dagoen hor, baina hori da polita: horrek ugaritzen ditu irakurketak».
Memoria da liburuko poemetan gailentzen diren gaietako bat, eta horri ere egiten dio keinu izenburuak; nola elur egin berriak estal dezakeen aurretik zegoena, edo alderantziz, zegoena azalera ekarri. «Elurrak dena estaltzen du, paisaia berdintzen du, dena egiten du geldoago, eta garrantzitsuak diren gauzak orduan ikusten ditugu», adierazi du idazleak.
«Gehienetan, ezta hori ere»
«Beti pentsatu dut ingurua ez dela aldatzen. (...) Gu garela aldatu egiten garenak, eta, gehienetan, ezta hori ere». Gu batetik idatzita datoz poemetako asko, eta horrek ere ezaugarritu du liburua. Testuen enkargu izaerak azaltzen du hori, idazlearen esanetan. «Honen eta nire beste poema liburuen arteko aldeetako bat ere hori da». Hizkuntzaz, memoriaz, gatazka politikoak utzitakoaz, herrigintzan jardundako izenez... «oso minberak diren egoerei buruz idaztea» eskatu izan diotela dio Suarezek. «Ez da erraza edertasunik ez dagoen toki batean edertasuna bilatzea. Kartzelari buruzko poema txar bat idaztea, hori da erraza, eta kezkatu izan nau».
Liburuan apailatutakoen artetik, Jon Barberena Ibarrari Izpegin (Nafarroa Beherea) lur eman ziotenean irakurritakoa du kuttun. Azpimarra jarri dio Martin Ugalderen omenez idatzitakoari ere. «Andoaingo ordezkari politikoek ez zuten testua banatu nahi izan, politikoegia zelako. Horregatik ere nahi izan dut sartu. Ez zait okurritzen egunkari nazional bat sortzea baino gauza politikoagorik».
Irakurle «fidelak» dituela ohartzeko ere balio izan dio lanak Suarezi, eta gaztelaniazko itzulpenek «aurkezpen txartel gisa» balioko diotela ere aipatu du. «Kanpoan lingua franca batek beti laguntzen du». Edonola ere, bidean da Irautera (Elkar, 2019) aurreko lanaren gaztelaniazko itzulpena; frantsesera, galizierara eta katalanera ere itzulia izan da.