Denbora da poligrafo bakarra

XX. mendeko idazle argentinar garrantzitsuenetakoa da Silvina Ocampo. Haren eragina gaur egungo egileetara iritsi da.

Silvina Ocampo
Silvina Ocampo idazlea. BERRIA
2024ko otsailaren 11
05:30
Entzun

Silvina Ocamporen (1903-1993) familiari buruz beti aipatzen den anekdota xelebre xamarra da: familia itsasontziz Buenos Airestik Parisera denboraldi luze baterako joaten zenean, behi bat eramaten zuten eurekin, sei alabek han esne frexkoa izan zezaten. Hain ziren aberatsak ocampotarrak, non luxuzko bizimodua zeramaten. Argentinako idazle ezagunetarikoak familia kreoleen ondorengoak ziren. Oso bestelakoa zen haien egunerokoa: goi mailakoek ez zuten gaztelera erabiltzen kultur hizkuntza gisa. Ocampotarrek etxean ingelesez eta frantsesez hitz egiten zuten, Borgesenean amaren aldetik ingelesa; txikitan Jorge Luis Borges Georgie zen. Goi mailako bizimodu horretan, nabaria zen klase langilearekiko beldurra. Hain zuzen ere, Beatriz Sarlo kritikariaren iritziz, Borgesen ordenaren bilaketa obsesiboan —esate baterako, liburutegiaren figuraren bidez— populismoarekiko izua dago.    

Klase desirak eta klase fobiak maiz literaturak subertitzen ditu. Pierre Macherey eta Roland Barthes pentsalari frantsesek literatur testua deseraiki zutenean, irakurleari eman zioten azken hitza. Silvina Ocamporen ipuin fantastikoetan, emakumezko eremuetan, klase subertsio fina dago. Idazleak bi mundu kontrajarriak barrutik ezagutzen zituen; familian seigarrena izanik, haurtzaroan denbora gehiago eman zuen zerbitzariekin sukaldean, gurasoekin baino. Besteak beste, El vestido de terciopelo ipuina ezagutza horren isla da: bi ekosistema talkan, zerbitzariena eta nagusiena. Ocampok belarri fina zuen Buenos Airesko soziolektoak literaturan erabiltzeko, oso mundu sinesgarriak eraikiz. Ipuin labur horretan, jostunak luxuzko soinekoa ekarri ostean, emakume aberatsak galtzen du kontrola, ordena soziala subertituz. Beste hainbat ipuinetan bezala, haurraren begietatik ikusten dira gertakizunak. Ez da haurtzaroaren ikuspegi moñoñoa, baizik eta guztiz krudela, umore beltzez josia. Haurtzaroaren errepresentazioan Ocampok Saki ipuingile ingelesarekin partekatzen du begirada.

Literatura fantastikoaren barrena: Buenos Airestik Bilbora

1980ko hamarkadan, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuak munduko leihoak ireki zizkion euskal irakurleari. Bertako Jean Cocteauren Merkatari aberatsaren morroia mikroipuina Adolfo Bioy Casares, Jorge Luis Borges eta Silvina Ocamporen Antología de la literatura fantástica bilduman ere aurkitu zuen garai hartako irakurleak. Hirurak kolaboratzaile eta konplize izan ziren hainbat literatur abenturatan. Ocamporen ahizpa zen Victoria Ocampo, eta hark sortu zuen Sur aldizkaria. Bilbon sortutako Pott aldizkariak badu argentinarrarekin afinitaterik: zehazki, nondik norako koordenatuak aldatuz, mundu osoko literatura etxean izateko aukera eskaini zuten, bertakoa eta atzerrikoaren arteko mugak ezabatuz. Badirudi bi aldizkariek diotela literaturak modu nazionalean antolatzen badira ere irakurlearen lurraldea dela mundua bere osotasunean. Joaquin Torres-Garcia uruguaitarraren América invertida artelanaren gisara, mundua eta kartografia ulertzeko beste modu bat aldarrikatzen dute, bai Buenos Airestik eta bai Bilbotik.

Ocampok belarri fina zuen Buenos Airesko soziolektoak literaturan erabiltzeko, oso mundu sinesgarriak eraikiz.

Victoria Ocampo ahizpa plazandre ezaguna zen garai hartako kulturgintzan. Silvina Ocampo, aldiz, kontrakoa; Bioy Casares senarrak ere, plaza gizona izan arren, ikusgaitasuna gorroto zuen. Bioy Casares eta Ocamporen harremanak eman zuen zeresana, playboy ezaguna eta lotsati bakartia elkarrekin. Oraindik haien artekoa argitzeko ahaleginak egiten dira. Lucrecia Marteleren Las dependencias dokumentala (1999) eta Mariana Enriquezeren La hermana pequeña biografia (2014) harremanaren korapiloa askatzen ahalegintzen dira. Ahaleginak ahalegin, erantzunik bada, Sivina Ocampok idatzitakoan aurkituko dugu.

Memoriaren urak

2023an, Lumen argitaletxeak La promesa argitaratu zuen, Silvina Ocamporen eleberri galdua. Idazlea hil ondoren argitaratu zen, 2011n, eta, agortu ondoren, irakurtzeko bide bakarra Buenos Airesko Liburutegi Nazionalean eskuratzea zen. Literatur historian liburu bakana da: Ocampo 1960ko hamarkada erdialdean hasi zen nobela idazten, eta 1988-1989 bitartean bukatu zuen, jada alzheimerrak jota. Gaitza literatur garaikidean gai garrantzitsua bihurtu da; esate baterako, gurean, Anjel Lertxundiren Horma nobelan (2017), amak memoria galdu izanak duen eragina kontatzen da. Alzheimerrari buruzko liburuak eta filmak, oro har, zaintzaren ikuspegitik pentsatu dira. Gaixoa gure begiradaren objektua da, eta ez subjektua, identitatearen giltzarri den memoria galdu baitu. Ez da hain ohikoa memoriari buruz idazten ari den idazleak bidean bere memoria galtzea, eta, hori hala izanik, idazten jarraitzea.

La promesa nobelaren jatorrizko izenburua Los epicenos zen. Virginia Woolfen Orlando kontakizunean bezala, pertsonaiak generoa aldatzen du (Gabriel/Gabriela). Shakespearek zioen memoria uraren modukoa zela. Halaxekoa da: iheskorra eta aldakorra. Nobelan itsasontzitik uretara erortzen den protagonista-narratzaileak zin egiten du bizirik irauten badu bere bizitza idatziko duela. Itsasoan bere bizitza gogoratuko du, hiztegi biografiko moduko bat osatuz. Bere bizitza prosa poetikoz jositako atalen bidez helarazten du, testu hibrido eta likido bat sortuz. Xeherezadek bezala, gogoratzen eta kontatzen ari den bitartean, bizirik dirau. Azkenean, hitzik gabeko itsasoa da heriotza.

Mariana Enriquez eta Samanta Scheweblinen ekoizpenak ezin dira ulertu Ocamporen ekarpenik gabe.

Ocampo familiaren barruan, plazandre ez zen ahizpak lortu du belaunaldi berri baten miresmena, denboraren poderioz. Gaur egun, Argentinako letretan halako garrantzia duten Mariana Enriquez eta Samanta Scheweblinen ekoizpenak ezin dira ulertu Ocamporen ekarpenik gabe, haren alabak dira biak. Azken finean, idazleak ez du bere lanaren harrera kontrolatzen, irakurleak baizik. Pierre Machereyk eta Roland Barthesek testuaren jabetza irakurleari eman zioten, irakurleak josten du testu jakin baten esanahia. Literatura epe luzera erakusleiho eta zaratatik kanpo dagoen lurralde librea da. Bere garaiko irakurleak ez badu idazle jakin baten lana ulertzen edota estimatzen, ondorengoak bereganatu dezake. Denborak du azken hitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.