Denak hil, denak berpizteko

Plazan da Ken Zazpi pop-rock taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Fernando Velazquezek zuzenduta grabatutako diskoaAbenduaren hasieran bost kontzertu emango dituzte lana zuzenean aurkezteko

Eñaut Elorrieta, eserita, atzo, EOSen egoitzan, diskoaren aurkezpenean. Atzean, ezkerretik eskuinera: Izartza Zorrrozua (Euskaltel),  Iñigo Alberdi (EOS), Fernando Velazquez musika zuzendaria, Jon Mikel Arronategi eta Jon Fresko (Ken Zazpi) eta Anjel Valdes (Elkar). JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Bi urteko prozesu baten ostean, Ken Zazpi pop-rock taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bat egin dute elkarlanean grabatutako diskoan, eta hurrengo pausoa entzuleak ere batasun horretan biltzea izango da, Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko kantariak azaldu duenez: «Orkestrak bere sentitzen du diskoa eta guk geure sentitzen dugu. Hemendik aurrerako gure erronka nagusia izango da jendeak ere bere sentitu dezala». Taldearen 11 kantu grabatu dituzte Ken Zazpik eta EOSek, Fernando Velazquezek zuzenduta, eta Elkar diskoetxeak kaleratu du grabazioaren CDa. Zuzeneko bost emanaldirekin aurkeztuko dute diskoa, abenduaren hasieran, EOSen KlasikAT crossover zikloan.

Diskoa osatzen duten 11 kantuetako zortzi lehendik zituen grabatuak Ken Zazpik beste disko batzuetan: Hegoak astindu, Gernikan, Noizbait, Hel nazazu eskutik, Itsasoa gara, Ilargia, Haizea eta Zapalduen olerkia. Gainerako hirurak berriak dira: Bihotz, Oinutsik eta Gereziondoa. Easo abesbatzaren lankidetza izan dute musikariek Oinutsik kantuan. Easoren laguntzaz grabatu dute diskotik kanpo geratu den beste kantu bat ere, Bala bat lurpean.

Bi urteko lana eta uste baino zeregin gogorragoa izan da Ken Zazpi taldeko kideentzat EOSekin diskoa grabatzearena, baina oso pozik geratu dira emaitzarekin. «Momentu batzuk ez dira errazak izan, baina jakin dugu aurrera egiten», azaldu du Elorrietak. «Uste dut gauzarik zoragarrienak, bizitza honetan, une txarretatik pasa ostean etortzen direla. Kantu batean aipatzen dugun bezala, hil egin behar da geroberriro indarrez birjaiotzeko».

Proiektu honetan funtsezkoa izan da, Elorrietaren ustez, parte hartu duten guztiek proiektuaren alde jokatu izana, horretarako nork beretik pixka bat bazterrean utzi behar izan badu ere: «Parte hartu dugun guztiok jakin dugu gauzak bidean uzten eta eskuzabalak izaten proiektuaren alde. Bai musikalki bai pertsonalki denok izan ditugu prozesu honetan sentsazio onak eta txarrak, eta gai izan gara, denok, bai maila kolektiboan eta bai maila indibidualean, horiei aurre egiteko, eta emaitza hemen dago».

Ken Zazpi «diskotik diskora arriskatu egiten duen taldea» dela iruditzen zaio Elorrietari, «bide berrietan aritzeko erronkan guztiz motibatzen dena». Zein erronka berriri ekin pentsatzen ari zirela heldu zitzaien taldeko kideei, 2011n, EOSekin aritzeko eskaintza. «Ikusi genuen askotan urrutira joan gabe erronka handienak gertu daudela. Eta benetan erronka handia izan da grabazioa, eta orain erronka handia izango dira zuzeneko emanaldiak».

Erreferentzia zehatzik gabe

Gisa honetako lanen erreferentzia zehatzik ez izateak zaildu egin zuen taldeko kideen lana hasieran. Horren ondorioz batzuetan «musikalki galduta» sentitu ziren. «Baina aldi berean erreferentzia zehatzik ez izateak behartu gintuen une oro zerbait propio eta berria sortzera, eta uste dut azkenean onerako izan dela hori».

Grabatzeko orduan, «orkestraren eta taldearen artean oreka ezinbesteko bat bilatzeari baino garrantzi handiagoa» eman diote kantuari berari. «Kantu batzuetan taldeak protagonismo gehiago izan dezake orkestrak baino, eta beste batzuetan alderantziz gerta daiteke. Beharbada zailenak izan dira denok batera jotzen aritu garenekoak, orkestrako musikari guztiak eta taldeko kide guztiak».

Fernando Velazquez musika zuzendari getxoztarra —Lo imposible eta Zipi, Zape eta Kaniken Kluba filmetako musiken egilea, besteak beste—, pop-rock taldearen eta orkestra sinfonikoaren elkarlanaren zuzendaria, «bi munduakuztartu dituen alkimistaezin hobea» izan da, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiaren hitzetan. Eskolan ikasitako matematiketara joz, zuzendari lanetan «multzoen elkarguneak» bilatu dituela adierazi du Velazquezek. «Denontzako esanahia izango zuen zerbaiten bilaketa lanean elkartu gara azken batean». Elorrietarekin ados dago Velazquez: «Gogorra izan da, denok utzi behar izan dugulako geuretik zerbait. Adibidez, bi kantu bateriarik gabe grabatu ditugu. Bi kantu horietan Jon Freskok galdu egin du, baina diskoan denok irabazi egin dugulakoan. Denok hil behar izan dugu pixka bana, denok berpiztu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.