Dena zalantzan jarriz sortzea

'#badon' proiektuak irabazi du AEK-Korrikaren kultur sorkuntzarako beka. Euskal kulturaren genealogiaz hausnartu, eta diziplinarteko emanaldi bat sortuko dute 2023ko Korrika Kulturalerako

Olatz Salvador eta Ines Osinaga musikariak, #badon proiektuaren sustatzaileak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Kolektiboa, ahotsak, gorputzak, bazterrekoak, hausnarketa, prozesua, transmisioa, zalantza... #badon proiektuak oraindik ez du azaltzen erraza den itxurarik, baina haren mamia ulertzeko balio dezakete sustatzaileek asmo sendoz errepikatu dituzten hitzek. Ines Osinaga eta Olatz Salvador musikariek aurkeztu zuten proiektua, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, talde zabal baten ordezkari gisa. «Proiektu kolektiboa da: korala izango da, baina, gainera, kolektiboa». Haiek irabazi dute AEK-k eta Korrikak antolatu duten kultur sorkuntzarako beka; lanaren emaitza Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute, 2023ko azarotik 2024ko apirilera.

Denera, hamahiru lan aurkeztu dituzte bekara, «maila oso onekoak», Asier Amondo Korrikako bozeramailearen hitzetan, eta #badon saritzea erabaki dute epaimahaiko kideek: Aguxtin Alkhatek, Irantzu Lekuek, Amaia Merinok, Maria Riverok eta Yurre Ugartek. Proiektuak 23.000 euroko saria jasoko du.

Epaimahaiak bere erabakia arrazoitzeko nabarmendu dituen gai nagusiak dira, hain zuzen, Osinagak eta Salvadorrek aurkezpenean behin eta berriro azaldu dituztenak: prozesuari garrantzi berezia emango diote, eta ikuskizun batez haragoko zerbait sortuko dute.

Euskal kulturaren transmisioa etenda dagoela esan izan denean, horri buruzko kexa nagusitu da, Osinagaren ustez, baina beste ikuspuntu batetik heldu nahi lioke egoerari: «Eta hori aukera bat balitz?». Genealogia aztertu nahi dute, ikusteko nor dagoen hor eta nor ez, eta «zentralitaterik ez duten ahots eta gorputzak» aldarrikatzeko, horiei leku bat egiteko. «Oinordetza kulturala zalantzan jarri nahi dugu».

Bidea helburu

Proiektuak bi ildo nagusi ditu: batetik, diziplinarteko hausnarketa kolektibo bat martxan dago, eta bidelagun askorekin ari dira sormen laborategi bat itxuratzen; bestetik, prozesu horretatik aterako den emanaldia bera. Orain arte osatu duten sarean literaturan, musikan, arte plastikoetan, antzerkian, dantzan eta bestelako adierazpideetan aritzen diren sortzaileak batu dituzte, baina oraindik ez dakite zer-nolakoa izango den azken emaitza: «Ez dakigu, eta ez dugu jakin nahi. Askotariko diziplinak eta parte hartzeko erak izango ditu», esan du Osinagak.

«Emaitza bera garrantzitsua izango da, baina are garrantzi handiagoa hartuko du dagoeneko hasia dugun bideak», Salvadorren arabera. Bide hori neurri batean ikusgai egitea ere bada haien asmoa, Osinagak kontatu duenez: «Normalean, emaitza ikusten da, eta prozesua itzalpean egiten da. Alde batetik, hori ondo dago, eztabaidatzeko espazio seguruak behar direlako eta plaza publikoa ez delako beti segurua denontzat, baina saiatuko gara prototipoak aurkezten».

Oraingoz, Badon.eus webgunea sortu dute, aurkezpen testu batzuekin eta galdetegi batekin. Ahalik eta «konplize» gehien elkartu nahi dituzte horren bidez.

Aurkezpenean, konplize sare horren erakusgarri, badon hitza errepikatzen duten dozenaka lagunen bideo bat erakutsi dute. Emakumez osatutako talde bat egingo duten galdetuta, zera erantzun du Osinagak: «Ez dira gizonak izango. Ez dira gizon zuri, adindun, kontsakratu, zis, hetero, burgesak izango. Ongi etorriak dira zentralitate hegemonikotik kanpora jartzen diren gorputz guztiak, euskal kulturaren kanona gorpuzten ez dutenak».

Hala ere, Osinagak berak esan du leku batzuetan «ertzekoa» denak besteetan «hegemonia gorpuzten» duela: «Azkenean, gu gipuzkoar blanquita batzuk gara». Taldea plurala izan dadin, beren buruaz ere pentsatu nahi dute, gogoeta kolektiboaren barruan: «Tipi kooperatibak dinamizatuko du prozesua, eta diseinu espekulatiboarekin lan egingo dugu: aukerak planteatuko ditugu distopia katastrofikoetatik utopia amestuetara joateko. Orain artekoa kontuan hartuta, zer egin behar dugu gaur biharko argazkia aldatzeko?».

Lana da saria

Gazteak dira bideoan ageri diren lagun asko, eta haiei gauzak beren ikuspegiaren arabera egiteko aukera ematea ere garrantzitsua da proiektuaren sustatzaileentzat: «Gu biok gure ibilbideak ematen digun ikusgaitasunetik ari gara, eta hori ere zalantzan jarri nahi dugu. Badirudi kultur transmisioa adin batetik aurrerakoek pasatzen dizuten lekuko bat dela», azaldu du Osinagak.

Osoko zuzenketa horren parte da proiektuaren izena bera ere, Ez Dok Amairu mugimenduarenetik sortu dena. Osinaga: «Badugu herentzia kultural markatu bat, Ez Dok Amairurekin oso lotuta dagoena, eta izenak berak badu dena zalantzan jartzeko gogo hori. Nola zen? Hil ezazu aita? Ba, antzeko zerbait».

Osinaga eta Salvador esker oneko agertu dira AEK-ren eta Korrikaren beka jasotzeagatik, hain justu sorkuntzarako beka bat delako, eta ez «produkzio» beka bat: «Hori iraultzailea da». Eskerrak eman dizkie proiektatutako bidea taxutzeko «lanerako espazioak eta baldintzak» emateagatik. Osinagaren hitzetan: «Kultur sorkuntza ez da atomoen fusioz sortzen. Lana da, lanerako denbora behar da, eta denbora, gure gizartean, dirua da. Gaur goizean, etxekoei esan diegu: 'Sari bat emango digute'. 'A, bai? Zer sari?'. 'Lan egiteko aukera'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.