Bertsolaritza

Dena prest Bertso Egunerako

Larunbatean egingo dute Bertso Eguna, Gernika-Lumon. Egun osoko egitaraua prestatu dute Bertsozale Elkarteak eta Lilibertso bertso eskolak.

BERTSO EGUNA - POTEOA
Joan den urtean Azpeitian egin zuten Bertso Eguna. GOTZON ARANBURU / FOKU
mikel lizarralde
2024ko urtarrilaren 25a
05:10
Entzun

Bertsozale Elkartearen «oinarrizko helburua» da Euskal Herri osoan eragitea, eta, asmo horri erantzuteko nahiarekin, 2018tik izaera ibiltaria du Bertso Egunak ere. Urte luzez, Donostian egin zen bertsolarien festa egun handia, baina orain dela sei urtetik hona herrialdez aldatzen da urtetik urtera. Aurten, hain zuzen ere, Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo da Bertso Eguna. Larunbatean izango da, eta Bertsozale Elkarteak eta Lillibertso bertso eskolak egun osoko egitaraua prestatu dute.

Goizeko hamarrak eta erdietan izango dute lehenengo saioa bertsolari eta bertsozaleek, Muxikan, Ariatzan hain zuzen. Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean (Gernika) elkartuko dira zaleak, eta lurralde ezberdinetako bertso eskoletako kideek lagunduta, tabernaz taberna ibiliko dira bertsotan.

15:00etan bazkaria izango da Astran bertan, eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia. Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaizak kantatuko dute. 35 euroren truke eskura daitezke bazkarirako eta jaialdirako, bietarako balio duten sarrerak,bertsosarrerak.eushelbidean. «Ondoren, gauean ere izango da festan jarraitzeko aukerarik», aurreratu dute elkartekoek.

Bertsolari Egunetik Bertso Egunera

1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria. Hasieran, Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garai hartako hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an, baina, Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. Hain zuzen ere,1995ean, omenaldi kutsua alde batera utzi, eta bestelako itxura hartu zuen egunak; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna bilakatu zen.

Donostian egin zen urte luzez, eta, 2017ko etenaren ondotik eta 2018tik aurrera, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da egun. Pandemiaren eraginez 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan zituzten. Hain zuzen ere, orain dela hiru urte, plaza indartzeko helburuz, hiru Bertso Egun antolatu zituen elkarteak, baina bi gauzatu ahal izan ziren azkenean, Iruñean eta Getarian (Gipuzkoa); Hazparnen (Lapurdi) egitekoa zena bertan behera geratu baitzen.

2022an Izpuran (Nafarroa Beherea) egin zuten Bertso Eguna, bertso saio formatuarekin, eta iaz, azkenik, egun osoko planari eta urtarrileko ohiko topaketari heldu ahal izan zioten berriro ere Azpeitian (Gipuzkoa) egindako Bertso Egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.