Musika. Izaki Gardenak
'Dena oskol'
Diskoetxea: Erraia.
Ibilbide sendoa osatu du Gasteizko taldeak 2012an Itsasargiak argitaratu zuenetik. Diskografia nahikoa luzea du, talde gaztea izaki, baina AEBetako americana estiloan edo country-folk-rockean gehiegi errotua. Halere, bide horretan nortasun propioa erakutsi du. Izaera hori, baina, nabarmen hazi da lan berri honetan, taldeak sekulako jauzia egin baitu, zortzi kantuak bestelako eremuetara eramanez: rock gordinagoa, soula eta psikodelia. Hartara, ausardia erakutsi dute, hala esparru berrietara murgiltzeko, nola kantu sakonagoak egiteko. Horri guztiari hirugarren faktore bat gehitu zaio, Raul Perez (Pony Bravo, Maika Makovski, Guadalupe Plata) ekoizlearen lana. Eta emaitza, klasikoa da, baina ñabardura garaikideez apaindua, aurtengo euskal disko interesgarrienetarikoa bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu