'Zipotz'
Astiberri argitaletxeak iaz Txangoan txiripaz komikia argitaratu zuenean, txundituta geratu ginen Josephine Markekin. Badu berritik, badu freskotik... desberdina da. Eta, hala ere, gidoia zein pertsonaiak oso ezagunak egiten dira. Finean ez du ezer asmatu, lehendik zegoena bere erara eskaini digu, besterik gabe.
Eta urtebete eskas pasatu denean berriz ere Marken lan bat iritsi da: Zipotz.
Antza denez, ez ei da lan originala, Alemanian aurretik argitaratu omen zen Der Bärbeiss izeneko bildumaren moldaketa baizik. Euskaraz ez dagoenez, guri ardura gutxi.
Istorioa animalien herrixka batean gertatzen da, erdigunea egiten duen zuhaitz handi baten bueltan dauden zortzi etxeetako biztanleekin. Pinguinoa ez gainerako biztanleak figurante gisa agertzen dira, bik baino ez baitute inporta: Pinpirinek eta Zipotzek.
Istorioa ezagunegia da, handi zatarra eta txiki maitekorra zoriz elkartzen dira, eta bien nortasunek oreka aurkitzen dute elkarren eraginaren ondorioz. Hala ere, ongi funtzionatzen du, gag eraginkorrak ditu, ilustrazio erakargarria eta atal banaketa egokia.