Ez da izaten ohikoena; kosta egiten da sortzailea bere borrokez eta zailtasun ekonomikoez hitz egiten entzutea jendaurrean; zailtasun ekonomiko neurgarriez, esan nahi baita. Zehaztasunez aleturiko zailtasunez. «Jendeak uste du luxuzko bizimodua daramala sortzaileak; ez da hala».
Harkaitz Canorena da esana. Fermin Etxegoien idazle eta telebista aurkezleak gidaturik eta Lara Izagirre zinemagilea solaskide izanik aritu da azokako areto nagusian, Gogoetaren Plaza gunean. Canok azaldu du, ohikoa ez den zehaztasunez, aurtengo urtea aurrera ateratzeko egindako lan jarduera aletzen duen datua: «Diru sarreretan 104 kontzeptu desberdin agertzen zaizkit aurtengo jardueran. Txikiena 17 eurokoa da; handiena, berriz, 1.000 eurokoa izan liteke urteren batean, eta kasu oso bereziren batean, 3.000 eurokoa». Canoren blogean sartzea besterik ez dago duen sorkuntza aktibitateaz jabetzeko: liburu propioak, itzulpenak, emanaldiak, kantu hitzak, komikiak eta abar. SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteko kidea da Cano: «Martxan jartzen denean EKKI Euskal Kulturgileen Kidegokoa izan nahi nuke, baina bitartean... ez dut batere lotsarik SGAEn nagoela aitortzeko; SGAEtik urtero atera dezakedanak hilabete erdia salbatzeko eman diezadake». SGAEko kide da, halaber, Lara Izagirre zinemagilea ere. Un otoño sin Berlin (2015) estreinako filmak oihartzun ona izan zuen ikus-entzule nahiz kritikaren aldetik, baina... «Baina ekonomikoki ez da izan arrakastatsua inondik ere; iazko udazkenean estreinatu zen zinema komertzialetan, eta garai berean 8 apellidos catalanes aurkeztu zuten. Horrelako produktu batek suntsitu egiten zaitu».
Horrelako produktuak Eurovision fenomenoarekin lotzen ditu Canok: «Herri baten irudi kitsch-a ematen duten ekoizpenak dira. Literaturan ere nazioartean arrakasta izan nahi baduzu halako zerbait egin behar duzu, etaeuskal literaturan ere egiten da. Izan ere, guk ere ez al ditugu maite kanpoko herrialdeen irudi kitsch-a ematen duten liburuak?». Hala ere, eta bi sortzaileak batu dituen Istorio bat... nola asmatu izenburuko hitzaldiari hertsiki erreparatuz, Cano saiatzen da elementu kitsch hori ez duten istorioak sortzen, hain zuzen ere. «Askotan obsesio bihurtzen da kanpoan onartua izatea, baina sarri, ez beti, istorio erakargarrienak gertukoak dira, hurbilenak. Uste dut, halaber, itzulpenak oso garrantzizkoak direla, baina hor ere obsesionatu gabe. Ez da hil ala bizikoa ere itzul gaitzaten edo ez gaitzaten».
Oraintsu itzuli dute Canoren Twist bulgarierara. «Bulgariarrak oso serioak dira, arma trafikoan eta kulturan», esan du umore lakonikoz. «Poza ematen du bulgarierara itzultzeak, baina oso kontu txiki eta anekdotikoak dira halakoak. Azoka batean ezagutzen duzu pertsona konkretu bat eta haren ekimenez bada... Bulgarierara itzulia izateak balio izan dit Gabriel Garcia Marquez bulgarierara eraman zuen itzultzailea ezagutzeko, eta urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetanzabalik dagoen liburu denda ezagutzeko».
Koherentziaren bi aldeak
Bigarren filma prestatzen ari da Izagirre. Lehena espainieraz egin zuen; «bigarrena, buruan dudana ateratzen bada, euskaraz izango da». Hasieran buruan duen horrekiko «koherente» izatea da Izagirrek istorio bat sortzerakoan gehien estimatzen duena. «Zinemaren prozesua tranpati samarra da. Jende askok parte hartzen du, eta intromisioek eragin dezakete hasieran buruan zenuen hori erabat antzaldatzea. Batzuetan onerako ere izan daiteke, baina niretzat ezinbestekoa da lehen ideiarekiko koherentzia mantentzea».
Tartean sartze horiek «normalean onerako» dira, Canoren ustean, «baina jakin behar da nor den zure lanean sartzen den hori ere; idazleon kasuan, editorea da figura hori. Pertsona bakar bat normalean. Komeni da editorea ondo ezagutzea, eta bere gabeziak zein diren ere ezagutzea. Konfiantzazko editoreak izateko zortea izan dut. Senak esaten dit editoreak noiz egiten duen herren. Badakit kasu egin behar diodala hamarretik zortzitan, baina gai izan behar naiz kasu egin behar ez diodan beste biak identifikatzeko». Eta hori ofizioak ematen du, idazteak. «Ez dago beste sekreturik. Idazten ikasten da ofizioa. Eta niri laguntzen dit idatzi nahi dudan horretaz dena ez jakiteak. Dena jakingo banu ez nuke sortuko». Horrela sortu zuen, esaterako, Twist-eko lehen atala: «Bi gauetan idatzi nuen, sukar batean, amorruak bultzatuta. Hasieran ez nekien ipuina izango zen edo nobelaren parte edo zer...». Lehen filma egiteko «oso aske» sentitu zen Izagirre. «Ez nuen ia ezeren beldurrik, ez nuelako ezagutzarik. Orain badakit zer den film bat egitea, eta ezagutza horrek berak baldintza dezake bigarrenaren sorkuntza prozesua; ez zara hain aske...».
Durangoko 51. Azoka. Gogoetaren plaza
Dena ez jakitetik, sorkuntza
Harkaitz Cano idazlea eta Lara Izagirre zinemagilea sortzailearen jardueraz, arriskuez eta ezinez solastatu dira Gogoetaren Plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu