Hamaika ekintza kultural egingo direnez, 2014a urte «izugarria» izango da Umea (Laponia) eta Rigarentzat (Letonia), aurtengo Europako kultur hiriburuentzat, Androulla Vassiliou Europako Hezkuntza, Kultura, Eleaniztasun eta Gazteria Batzordeko komisarioaren esanetan. «Kultur hiriburutza aukera ezin hobea da hiri baten kultur baliabideak zukutzeko, eta horren epe luzerako garapena sustatzeko». Vassiliouren iritziz, kultur hiriburutza batek turismoa pizten du, lanpostuak sortzen ditu, eta berebiziko garrantzia dauka hiria bera onbideratzeko orduan.
Baina Europako kultur hiriburuak izanda ere, badira horietan distirarik egiten ez duten tokiak; fokuaren argitik kanpo geratzen direnak. Kosicen (Eslovakia) ikusi ahal izan da, esaterako. Iazko bi kultur hiriburuetako bat izan zen Marseillarekin (Frantzia) batera, baina prestatutako kultur programazioaren gainetik beste zerbaitek deitu zuen munduaren arreta. Izan ere, hiriko auzo batean harresi bat altxatu zuten joan den ekainean, ijitoez bereizteko. Herrialde hartan gisa horretako hamalau harresi daude; zortzi, azkeneko lau urteotan eraikitakoak. Vassiliouk gogor kritikatu zuen jarrera hura, eta Richard Rasi hiriko alkateak jakinarazi zion neurriak hartuko zituela.
Orain, ordea, hiriburutzaren fokuak ez du Eslovakiako hiririk handienetan bigarrena argitzen; Umea eta Riga baizik. Kulturaren indar eraldatzailea aldarrikatu dute bietako antolatzaileek, ekintzaz betetako programazioa abiarazi aurretik. Europako Batzordeak, behinik behin, Melina Mercouri saria eman zien bi hiriei joan den ekainean —1,5 milioi euro bakoitzarentzat—, «prestakuntza lanetan erakutsitako kalitateagatik».
Marseilla (Frantzia, 2013)
Zaharberrituta
Mediterraneo itsasoaren ateetako bat denak hamar milioi turista baino gehiago erakarri zituen iaz. Ulrich Fuchsek kudeatutako antolakuntzak 100 milioi euroko aurrekontua eduki du —%15 ekimen pribatutik lortutakoa—, eta 400 jardueratik gora eskaini ditu. Kultura gaiak arazo sozialekin uztartu dituzte ekintzetan, eta hainbat eraikuntza inauguratu; esaterako, Europako eta Mediterraneoko Zibilizazioen Museoa. Aurelie Filippetti Frantziako Kultura ministroak hiriburutzaren programazio «eklektikoa eta nazioartekoa» nabarmendu du balantzea egiteko orduan. «Gainera, ez da hirira mugatu, eta Proventza eskualde osoa hartu du».
Kosice (Eslovakia, 2013)
Aurrera begira
Hiriburutzaren antolatzaileak pozik daude lortu dutelako 300 ekintza baino gehiagorekin kulturzaleak eta turistak erakartzea. Amaiera ekitaldiaren ondoren —joan den abenduaren 14an—, ordea, nabarmendu zuten hiri garaikideari forma emateko prozesuak lehen urratsak besterik ez dituela egin. Datozen bost urtetarako estrategia diseinatuta daukate. Europako Batasunak 60 milioi euro eman zizkion proiektua finantzatu ahal izateko.
Murruaren eraikuntzak, ordea, eztabaida handia sortu zuen iragan abuztuan. Zapad barrutiko agintarien hitzetan, ijitoek egindako lapurretak eta sortutako iskanbilak saihesteko altxatu zuten. Horren berri eduki zuenean, Vassiliouk gutun bat bidali zion hiriko alkateari, atsekabetuta zegoela esanez eta murru horrek Europako Batasunaren balioen kontra egiten zuela nabarmenduz. Rasik erantzun zion legez kontrakoa zela harresia —30 metro luze eta bi metroko altuera zeukan—, baina ez zuela hori birrintzeko eskumenik. Albisteak zalaparta sortu zuen momentuan.
Riga (Letonia, 2014)
Sei arlotan banatuta
«Kultura indar positibo gisa aurkeztu nahi dugu», adierazi du Aiva Rozenberga programazioaren zuzendariak. «Bide batez, herrialdeak Europan daukan tokia sendotzea ere bada gure helburuetako bat». Horretarako, 200 ekintza baino gehiago prestatu dituzte sei arlotan banatuta: musika, zinema, antzerkia, literatura, artea eta ingurumena. Hilaren 17tik aurrera hasiko dira horiek garatzen, eta 18an, adibidez, Daugava ibaiaren gainean suzko eskulturak egingo dituzte hamabi herrialdetako artistak. Nabarmentzekoa da, aldi berean, Lehen Mundu Gerrak Europako kulturan izan zuen eraginari buruzko erakusketa, eta baita Richard Wagnerren Rienzi, der Letzte der Tribunen operaren interpretazioa. Izan ere, alemaniarra Rigako orkestraren zuzendaria izan zen 1837tik 1839ra.
Proiektuaren aurrekontua 24 bat milioi eurokoa da, eta, Letoniako hiriburuko agintarien aurreikuspenen arabera, turista kopurua %15 eta %20 artean igoko da datozen hamabi hilabeteotan.
Umea (Laponia, 2014)
Auzo sormena, natura lagun
Stockholmetik (Suedia) iparraldera jota, 600 kilometrora, dago Umea, sami indigenen hiria. Urtarrileko azkeneko egunean abiaraziko dute programazioa —45 milioi euroko aurrekontua daukate—, eta asteburu horretan hiriaren ingurunea eraldatuko dute, eta samien herrixka baten itxura emango diote. «Samien bizitzari buruz hitz egin nahi dugu», azaldu du Anne Wuolab aurreneko ekitaldi horren antolatzaileak. Eta naturaren elementuak baliatuko dituzte horretarako. 300 ekintza baino gehiago daude programatuta, eta 200.000 bat turista erakarri nahi dituzte arte eszenikoak, musika, literatura, zinema, artea, kirola eta beste uztartuz. Co-creation da leloa; auzo sormena, alegia. 117.000 biztanle ditu hiriak, eta hiru biztanletik bat ikaslea da.
Dena ez delako distira
Kulturaren indar eraldatzailea aldarrikatuko dute Rigak (Letonia) eta Umeak (Laponia), aurtengo Europako kultur hiriburuekKosice (Eslovakia) iazko hiriburuetako bat kritikatu dute, ijitoak diskriminatzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu