«Dena» biltzen duten sariak

Hiru Max sari jasotzea «brutala» dela nabarmendu du Jon Maia Kukairen zuzendariak. 'Amour'-ek haurrentzako ikuskizun onenaren saria eskuratuta, «urrats bat gorantz» egin du Marie de Jonghek

Kukai dantza konpainiako lagunak, astelehen iluntzean, Oskara-gatik dantza ikuskizun onenaren saria jaso berritan. MANUEL BRUQUE / EFE.
Maialen Unanue
2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Gaur, oraingoz, ez daukagu besterik esaterik: oso pozik gaude, hunkituta atzoko [herenegungo] egunarekin. Dena biltzen duten sariak direla uste dut: dantza ikuskizun onenaren saria da jaso genezakeen gauzarik handiena; jaso genuen, eta, horrez gain, dantza konpainia onenarena eta jantzi onenena eskuratu genituen. Brutala». Hiru Max sari irabazi osteko biharamunean pozarren mintzatu da Jon Maia Kukai dantza konpainiako zuzendaria. Antzerki eta dantza ikuskizun onenak saritzen ditu urtero SGAE fundazioak Max sariekin: zazpi izendapenetatik hiru eskuratu zituen Kukaik.

Lorik apenas egin zuten sari banaketaren ostean, Maiak barre artean aitortu duenez. Izan ere, asko zuten ospatzeko: «Hunkigarria izan da horrelako leku batera zazpi hautagaitzarekin iristea eta sari handienekin alde egitea». Izendapenen albistea bera «izugarrizko sorpresa» izan zela nabarmendu du dantzariak.

Azaldu duenez, sariren bat irabaziz gero, «mezu batzuk» bidaltzeko gogoa zuten, eta baita egin ere. Batetik, dantza talde onenaren saria jaso zutenean, «etxekoez» gogoratzeaz gain, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Gotzon Sanchez aktoreak gogoan izan zituzten. «Uste dut hain justu gure profesiotik egindako sari banaketa batean, nolabait, salatu behar zela azken hilabeteetan jasan dutena», nabarmendu du. Sari banaketan, hala mintzatu zen Eneko Gil dantzaria: «Adierazpen askatasunagatik: ez dugu boikot nazkagarri gehiagorik nahi, ez baitugu halakorik merezi».

Bestetik, Oskara-ri esker dantza ikuskizun onenaren saria jaso zutenean, Gernikako bonbardaketa izan zuen hizpide Maiak: «Gogora ekarri nahi izan nuen gaur garen hori nondik datorren: gure kultura eta gure hizkuntza transmititzeko eta gaur garen hori izan ahal izateko zutitu ziren belaunaldi horiei eskerrak eman nahi nizkien». Gaztelaniaz bai, baina euskaraz ere aritu zen Maia saria eskertzeko garaian, haiei buruz hitz egiterakoan: «Izan zinetelako gara, eta aurrerantzean ere izango dira, lanean jarraituko dugulako». Eta bukatu, dantzaren aldeko aldarri batekin bukatu zuen: «Egizue dantzan, dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko. Gora herria!».

Apustua, «goitik»

Aparretan da Jokin Oregi antzerkigilea ere, Marie de Jongh konpainiarentzat zuzendutako Amour emanaldiak haurrentzako ikuskizun onenaren Max saria jaso baitzuen. «Kukaikoekin gosaltzen egon naiz —hotel berean gaude—, eta denok bat egiten genuen, halakoetan, sartzen zarela zurrunbilo emozional batean. Oraindik ere ez dugu lurrik hartu, eta uste dut denbora beharko dugula hau dena asimilatzeko».

Saria «aitortza handi bat» izan da, Oregiren esanetan. «Esker onez jaso dugu. Batez ere, horrelakoekin gogoratzen zara zenbat lagun eta zenbat talde eduki ditugun inguruan eta bultzaka, gurekin batera aurrera egiten». Antzerkigilearen esanetan, lehendik igartzen zuten Marie de Jonghek bazuela «halako aitortza bat. «Amour-ekin nolabaiteko urrats bat gorantz egin dugu, arrisku handia hartu genuelako». Sari gehiago ere jasoak dituzte lan horrengatik. Oregik azaldu duenez, haurrentzako ikuskizunetan «formatu txikikoak nagusi» diren garaian, apustua «goitik» egitea erabaki zuten konpainiako kideek: «Geure buruarekin fidel izan nahi genuen: artistikoki hazi egin nahi genuen, horrela. Erronka handia zen, eta uste dut apustua ondo atera zaigula».

Kukaik eta Marie de Jonghek ez ezik, Euskal Herriko beste hiru artistak ere jaso zuten Max saria. Batetik, Alfredo Sanzol iruindarrak antzerki autoretza onenaren saria jaso zuen, La respiración lanagatik [Arnasketa]. Bestetik, Ainhoa Santamaria gasteiztarrak taldeko emakumezko onenaren saria jaso zuen, La estupidez-engatik [Ergelkeria]. Angel Ruiz iruindarrak, berriz, gizonezko aktore protagonista onenaren saria jaso zuen, Miguel de Molina al desnudo antzezlanean [Miguel Molina argitara] egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.