Donostiako 85. Musika Hamabostaldia

Demontre! Diantok badu 'duende'

Marta Garcia
2024ko abuztuaren 24a
05:05
Entzun

'DIANTO REED QUINTET'

 

Zuzendariak: Maria Gonzalez (oboea), Ovidi Marti (saxofoia), Maria Losada (fagota), Maria Luisa Olmos (klarinetea), Erik Steven Rojas (klarinete baxua).

Egitaraua: 'Identitateak: duendearen magia': P. Ish-Hurwitz, I. Albeniz, E. Granados, A. Vives, M. de Falla eta abarren obrak.

Lekua: San Telmo museoko klaustroa.

Eguna: abuztuaren 22a.

Federico Garcia Lorcak 1933an egin zuen Duendearen teoria eta jolasa izeneko hitzaldia. Bere ohiko hizkuntza maisutasunaz saiatzen da duende hori zer ote den arakatzen. Argi zeukan duende-a bilatzeko ez dagoela «mapa edota jarduterik; soilik dakigu odola erretzen duela beiren tropiko baten antzera». Hori zen Dianto Reed boskoteko kideek osteguneko programan eskaini nahi zutena: duende-a bilatu, eta, akaso, topatzeko gonbita, hitzekin ezin atzeman daitekeena, unean-unean bizi beharrekoa. Bilaketa horren emaitza norberak ebatzi beharko du, baina esango nuke boskoteak leiho zabala ireki zuela zirrararen hatsa sartu ahal izateko.

Egitarauan, duende horren atzetik aritu ziren konpositoreen lanak, izatez pianorako edo orkestrarako idatziak, baina haize boskoterako Arjan Linker, Hugo Bouma eta Max Knigge musikari herbeheretarrek egokituak. Aitortu behar dut kontzertuaren aurretik ezjakintasunak sortutako ezinegon puntu bat banuela; izan ere, zaila da irudikatzea nola egokitu litezkeen Isaac Albenizen Suite espainola edo Manuel de Fallaren La vida breve soilik kanaberadun haize instrumentuz osatutako talde batentzat, jatorrizkoek hainbesteko indarra eta ñabardurak izanik. Baina, tira, zerbaitegatik naiz musika kritikaria, eta ez konpositorea. Pieza guztietan hauteman zitekeen argiro jatorrizko obren esentzia, boskoteak garbitasun osoz eta dinamika zainduz jantzi zuena. Eta, gainera, errepertorioa buruz, taula gainean askatasunez mugituz. Izan ziren aukerak taldekide bakoitzaren tasunez gozatzeko: oboe bizi eta doia Vivesen Fandango arinean, klarinetearen arpegio ziurrek sostengatzen zuten Oriental dantza, saxofoiaren samurtasuna El cant dels ocells hunkigarrian, klarinete baxuaren euskarria Fallaren Dantza espainola ezagunean eta, noski, fagotaren kolore ederra norabidea erakusten, baita ahots beteaz Negra sombra abestuz ere.

Ongi zekien Lorcak: «Arte guztiek, eta baita herrialde guztiek ere, ahalmena dute duende-a, aingerua, musa lortzeko». San Telmon ere izan zen horretarako aukerarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.