Musika

Demokrazia musikala

1990eko indie-rockaren ikono, Sebadoh taldeak jakin izan du, gorabehera guztien gainetik, gaur egunera egokitzen. Bilboko Kafe Antzokian izango da asteazkenean.

mikel lizarralde
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Kanonak Sonic Youth, Pixies eta Dinosaur Jr kokatu ditu 1980ko hamarkadaren amaieran rockaren zimenduak kolokan jarri zituen leherketa alternatiboaren gailurrean. Oihartzunari dagokionez, hirukote haren azpitik egon zen Sebadoh, Lou Barlowk (Dayton, AEB, 1966), artean Dinosaur Jr-eko baxu jotzailea zela, sortu zuen taldea. Haren eragina ere ez zen hain agerikoa izan 90eko urteetan, nahiz eta taldeak kantu eder mordoxka ez ezik, nortasun zeinu nabarmenak ere erakutsi zituen.

«Tristea litzateke inspirazioa bukatuko balitzait. Urtebete ematen dudanean kanturik idatzi gabe, oso gaizki sentitzen naiz, eta pentsatzen dut amaiera dela. Baina uste dut nire konposiziorik onenak etortzear daudela». (Lou Barlow, 1996). Ez zitzaion bukatu inspirazioa Barlowri 90eko hamarkadaren bigarren erdialdean, baina, handik aurrera, dena ezberdina izan zen, 1999an multinazional batera salto egin, eta The Sebadoh diskoak ez baitzuen espero bezala funtzionatu. 2013ra arte itxaron behar izan zuten taldearen zaleek disko berri bat (Defend Yourself) entzuteko, eta sei urte igarota iritsi da, aurten, Act Surprised azken lana. Barlow ez da geldirik egon urte hauetan guztietan, Dinosaur Jr taldearekin aritu baita, berriro ere, eta inoiz ez baitio utzi bakarkako diskoak ere grabatzeari.

Sebadoh Barlowren egitasmo gisa sortu zen, eta lehenengo diskoetan hark markatu zuen bidea. Noise-rockaren, pasarte akustikoen eta esperimentazioaren artean mugitzen ziren hainbat disko grabatu zituen 90eko hamarkadaren hasieran, guztiak ere lo-fi etiketarekin definitu zituztenak, grabazioen soinu ez-estandarizatua medio. Lan haien zaratak ezkutatuta, baina, zenbait melodia eta kantu gogoangarri ezkutatzen ziren (Brand New Love, Soul and Fire), Barlowren talentuaren erakusgarri.

Bakesale (1994) eta Harmacy (1996) diskoekin iritsi zen Sebadoh arrakasta mailarik handiena lortzera. Nahiz eta taldearen izena Barlowri lotuta ageri izan den beti, Jason Lowenstein baxu jotzailearen parte hartzea ere ezinbestekoa zen, kantuak bien artean konposatzen baitzituzten ordurako. Gaur egunera arte iraun duen barne demokrazia baten zantzu nabarmena. «Hala izan da beti», aitortu berri du Barlowk: «Hasi ginenean, Eric Gaffney [bateria] eta biok ginen, eta horrela lan egiten genuen. Bakoitzak materialaren erdia idazten zuen. Gero, Jason sartu zen, eta berdin lan egiten segitu genuen. Beti pentsatu dugu hori dela proiektu honen gakoa. Horregatik, inoiz ez diogu galdetu geure buruari ea batek besteak baino protagonismo handia izan beharko lukeen».

Act Surprided lan berria ez da aldentzen lan egiteko modu demokratiko horretatik. Are, azken urteetan, hirukotea osatu duen Bob D'Amico bateria jotzaileak ere kantu baten ekarpena egin dio diskoari, eta gainerakoak Barlowren eta Lowensteinen artean banatu dituzte. Ohi bezala, Barlowren kantuek (Medicate, Belief, Sunshine...) melodiarako eta pasarte goxoetarako joera handiagoa dute, eta Lowensteinenek (Phantom, Raging River...) helduleku melodiko hauskorragoak dituzte, nahiz eta 90eko hamarkadako diskoetan baino orekatuagoa den bi egileen arteko lehia. Act Surprised ez da, finean, asko aldentzen Sebadohk duela 25 urte finkatu zuen proposamen hartatik, nahiz eta rock soinu estandarizatuagoa erakusten duen.

KONTZERTUA

Non: Bilboko Kafe Antzokian.

Noiz: Asteazkenean, 21:00etan. Lehendabizi, Dearly Beloved taldea ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.