Demode, Deabru Beltzak, Ansa eta Sanzol saritu dituzte Max sariek

'Kutsidazu bidea Ixabel'-ek jaso du musika ikuskizunik onenaren saria. 'Symfeuny'-k kaleko ikuskizun onenarena eskuratu du

Demode Produkzioak-eko Joli Pascualena eta Patxi Barco. LUIS TEJIDO / EFE.
Ane Eslava.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Demode Produkzioak taldearen Kutsidazu bidea Ixabel obrak musika ikuskizunik onenaren saria jaso du Espainiako Arte Eszenikoetako 24. Max sarietan. Joxean Sagastizabalen izen bereko nobela oinarri hartuta sortutako musikala da, eta duela urtebete estreinatu zuten, 2020ko urriaren 15ean, Arriaga antzokian. Han jaso zuten Max saria herenegun gauean Joli Pascualena eta Patxi Barco zuzendariek, eta desio bat adierazi zuten: 2022an kultura oinarrizko ondasun gisa aitortua izan dadila.

Ez da hori saritutako euskal konpainia bakarra. Deabru Beltzak taldearen Symfeuny obrak kaleko ikuskizunik onenaren saria jaso zuen, konpainiak 25 urte betetzen dituen urte berean. Ikuskizunak piroteknia, dantza eta musika uztartzen ditu. Saria jasotzeko orduan taldekideak hunkituta azaldu ziren halako sari bat beren hirian jasotzeagatik.

Iratxe Ansak emakume dantzaririk onenaren saria jaso zuen, Igor Bacovichekin osatzen duen Metamorphose Dance konpainiarekin sortutako Al desnudo ikuskizunagatik. Otsailean estreinatu zuten lana, Arriagan bertan.

Baina guztien artean nabarmendu zen lana Alfredo Sanzolen El bar que se tragó a todos los españoles izan zen: bost saritarako izendatua zegoen, eta hiru jaso zituen; espazio eszenikoaren diseinurik onenarena, antzerki ikuskizunik onenarena eta antzerki egiletzarik onenarena. Espainiako Zentro Dramatiko Nazionalak ekoitzitako lana da, eta 1963an apaizgoa utzi eta AEBetara bidaiatzea erabakitzen duen apaiz nafar baten bizitza kontatzen du. Sanzolen aitaren bizitzan oinarritua dago.

Ohorezkoa, Cuervorentzat

Calixto Bieitok zuzendu zuen gala, eta parte hartzaileen artean izan ziren, besteak beste, Bernardo Atxaga idazlea, Jon Maia bertsolaria, Miren Gaztañaga aktorea, Adriana Bilbao dantzaria eta Yogurinha Borova musikari eta performerra. Gemma Cuervo aktore katalanak ohorezko saria jaso zuen; alaba Cayetana Guillen Cuervok eman zion. Galaren aldarrikapen nagusia izan zen arte eszenikoek bizirik jarraitzen dutela krisia hasi zenetik urte eta erdi igaro ondoren, eta aitortza merezi dutela.

Aurten, 439 ikuskizun aurkeztu zituzten sarietarako; lehen fasean, 190 hautatu zituzten, eta 37 iritsi ziren finalera. Guztira, hogei sari banatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.