Bi mutilen ezaugarriak jasoak datoz, zehaztasun osoz, 1917ko maiatzaren 18an Calixto Gonzalez Lopez Lekeitioko Guardia Zibilaren kuarteleko komandanteak sinatu zuen agirian. Eugene Laenge Rose. Adina: 19 urte. Ezkongea. Garaiera: 1,68. Ilea: gaztaina kolorekoa. Begiak: urdinak. Aurpegia: luzea. Sudurra: ahurra. Bizarra: ez du. Azala: zuria. Kolorea: sanoa. Sorlekua: Oberlarg, Alsacia. Armand Koligrath Zimmermann. Adina: 17 urte. Ezkongea. Garaiera: 1,67. Ilea: beltza. Begiak: urdinak. Aurpegia: luzea. Sudurra: zuzena. Bizarra: ez du. Azala: beltzarana. Kolorea: sanoa. Argazkiak daude, agiriaren eskuinaldean. Eugeneren begibitartea onbera da, nabarmen labur geratzen zaion jantziaren barruan. Armanden keinua, ordea, arteza da, ziurra.
Lekeitioko Marianisten ikastetxera etorriak ziren, beste hainbat gazte frantsesekin batera, nonbait, Resurrección Maria Azkueren kudeaketei esker. Ordena Frantziatik egotzia izan baitzen mendearen hastapenean, eta hegoaldean idoro zien hizkuntzalariak babeslekua, bere jaioterrian bertan, 1909an. Guztira, berrehunetik gora ikasle egon ziren han, 1921ean ikastetxea itxi zuten arte. Maisu eskolastikoak, aldiz, hamasei izan ziren, bi aipatzearren, Basile Anai nagusia eta Pierre anaia, gaztea eta adeitsua.
Agirietan kontatzen ez dena da, besteak beste, nola harritu zen Eugene, Garraitz irlara joan ziren lehen aldian. Marea behera denean soilik agertzen den bidetik igaro baitziren, oinez. Alsaziako mendietan jaiotako nobizio hari sinetsezina egiten zitzaion nola ager zitekeen harrizko bidea, hutsetik bezala, itsasotik, urak jaisten zirenean.
«Erdi aroko fraide batzuek eraiki zuten, jakinik soilik ordu batzuez igaro ahal izango zirela irlara, ia egun osoz isolaturik izango zirela. Beharbada, bizitzaren sekretua ere horixe da, zain egoten jakitea, mareak behera egin dezan zeharbidea igarotzeko».
Pierrek gustuko zuen gazteekin egotea. Eskolako patioan futbolean jolasten zuen beraiekin, hori egiten zuen eskolastiko bakarra zelarik, ala han inguruko bazterrak aztertzera abiatzen zen beraiekin batera, bizikletaz. Zabala esaten zioten gizon batek alokatzen zituen bizikletak Lekeition, herriko alkateak hain zuzen. Arrantzale izanikoa, itsas-galera batean semea galdu eta itsasoa betiko utzi zuen. Amorruz edo, oroz gain, emazteak zuen nahigabea arintzen laguntzeko.
Zabala jakin-min handiko gizona zen, egunkaria letzen zuen, eta arratsaldero emazteari kontatzen zizkion berriak. Semea galdu zutenetik ez zioten ia elkarri hitzik egiten, dena esanda balego bezala. Frantziako kostako kosteretatik zekien frantses apurra egiten ahalegintzen zen marianistekin. Begiko zuen Eugene, zeinak, halako batean, argitu zion haien ama-hizkuntza ez zela frantsesa alsaziarra baino.
—Eta nola esaten duzue zuek egunon?— galdetu zion Zabalak.
—Salü.
—Bada, salü.
Udako egun batez, Zabalari «salü» esan eta, bizikletak hartuta, Santa Katalinako itsasargia zegoen parajera joan ziren Eugene, Armand eta gainontzeko ikasleak Pierre anaiarekin.Santa Katalinako alde horretan, bada leize bat itsaslabarrean bertan, itsasaldetik soilik ikusten dena, ezaguna beraz arrantzaleentzat, baina ez hainbeste lehortarrentzat. Txikota baten laguntzaz jaitsi ziren. Handik barrutik itsasoa bertan ikusten zen, ematen zuen ontzi baten brankan zeudela. «Hemen bizi ziren historia aurreko gizakiak», azaldu zien Pierrek. Hezurrekin arpoiak eta maskorrekin lepokoak egiten zituzten». Armandek galdetu zion Pierreri ea zergatik zituen hain gustuko zientzia eta historia, ez al zen hori kristautasunaren etsaia. «Egia ez da sekula izango Jainkoaren etsaia», atera zitzaion, eta bere ateraldiaz pozik geratu zen, nahiz eta ez erabat konbentzitua. Armandek silexezko aizto bat hartu zuen lurretik isil-gordean, nahiz eta, datu hau ere, ez den agertzen agirietan.
Ikasleen bizitzak antzeko jarraitu zuen, Lehen Mundu Gerrak dena aldaraziko zuen arte. Arrapaladan, maldan behera datorren bizikleta bat bezain fite, ailegatu ziren berri txarrak. Frantziako gobernua herrialdetik kanpo bizi ziren gazteak engaiatzen hasi zen eta horrela, hustuz joan zen marianisten eskola. Aleka, futbolean jolasteko jende nahikorik gabe geratzen joan zen Pierre anaia. Agurtu egin zituen gerrara zihoazen gaztetxo denak, alsaziar biak izan ezik. Eugene eta Armand, gudura joatekotan, Alemaniarekin joan beharko zuten, garai hartan Alsazia Kaiserraren mende baitzegoen. Alsaziaren historia halakoxea da, orain Frantzian, orain Alemanian. Halakoxea da beren hizkuntza ere, alsaziarra, nahiz eta jatorriz hizkuntza germanikoa izan, hitz frantsesez aletua dago.
Alta, ez zen denbora luzea igaro, Kaiserraren deia jaso zuten arte. Eugene eta Armand Alemaniarekin borrokatu behar ziren. Haiek ez zuten gerrara joan nahi, are gutxiago, ordura arte ikaskide izan zituzten horien aurka. «Gu ez gara alemanak», errepikatzen zion Armandek Basile anaidiko nagusiari. «Gu alsaziarrak gara eta ez dugu inperioaren alde borrokatu nahi”. Basile Nagusiak isilarazi egin zuen. Ez zegoen beste irtenbiderik. Legea bete egin behar zuten.
Abiatzeko eguna iritsi zenean, goiza urratzean, Pierrek ez zituen gazteak gelan aurkitu. Herria miatu zuen, Garraitz irlara ere joan zen, baina arrastorik ez. Euri eta txingor, eguraldiak ez zuen errazten bilaketa. Calixto Gonzalez Lopez komandantea ere jakinaren gain jarri zuen, baina alferrik.
Okerrena pentsatu zuen.
Zabala zaharrak, baina, bazekien non bilatu. Bizikleta hartu, urteak ziren horrelakorik egiten ez zuela, eta Santa Katalina aldera egin zuen, euritan. Itsaslabarretik jaitsi eta leizean aurkitu zituen, hotzak hilda, urru egiten zuen itsasoaren abarora. Besarkatu egin zituen bi gazteak, bere seme galdua besarkatu ezin izan zuen legez, eta esan zien: «salü».
Emazteari balentria kontatu zionean, andreak, orduan bai, hitz totelen batzuk esan zizkion. «Maite zenuen semea, ezta?». Eta elkarrekin egin zuten negar, estreinako.
Gainontzekoa nahikoa azkar gertatu zen. Zabala udaletxean sartu zen, gau eta egun, dena argitu zuen arte. Eugene, Armand, Pierre eta Basile Nagusia deitu zituen. Bazegoen, legearen arabera, zirrikitu bat: bi gazteak atzerritar gisa inskribatuz, ez ziren gerrara joango. Eta halaxe egin zuten, Guardia Zibilen kuartelean, 1917ko maiatzaren 18an: Eugene Laenge Rose. Adina: 19 urte... gainontzekoa ezaguna da.
Ez da hain ezaguna, aldiz, zabalatarrek semetzat hartu zutela Eugene, eta Armand itzuli egin zela Alsaziara, gerra amaitu eta gutxira. Ez zuten haren berri izan luzaroan, harik eta Eugenek gutun bat jaso zuen arte.
Armand nazien aurka borrokan hil zen.
Silexezko aizto bat omen zuen patrikan.
Uda batez Galeuscan
Demain morgen
Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) lehen poema liburuarekin lortu zuen sona Kirmen Uribe Urbietak (Ondarroa, Bizkaia, 1970). Beste poema bilduma bat ere badu —17 segundo (Susa, 2019)—, baina nobela da, batik bat, Uribe egungo euskal idazle ezagunenetako bat bilakatu duena. Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) eleberriak eman zion horretarako lehen bultzada —Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen harekin—. Mussche (Susa, 2012), Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) eta iazko Izurdeen aurreko bizitza (Susa, 2021) nobelak idatzi ditu ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu