Delirium Tremensek ‘...ta nora?’ diskoarekin esango du agur

1991tik isilik egon ostean, 2019an itzuli ziren. 2022an, ‘Hordago’ diskoa kaleratu zuten, eta, orain, berriz, ‘...ta nora?’ plazaratu dute. Gainera, izen bereko agur bira ere aurkeztu dute: 2025ean egingo dute.

Delirium Tremens taldea «...ta nora?» diskoaren eta agur biraren aurkezpenean, Bilboko Bira kulturgunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Delirium Tremens taldea «...ta nora?» diskoa eta agur bira aurkezten, Bilboko Bira kulturgunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Iragarri dute badoazela eszenatokietatik. Hortaz, ...ta nora? (2024) izango da taldearen album berria, bai eta azkena ere. «Disko batekin etorri ginen, eta beste batekin joango gara», esan du Andoni Basterretxeak. Taldearen ahotsa eta gitarra izan da hasieratik, eta ez da ari 1987an hasi zireneko garaiez, 2021ean egindako itzuleraz baizik. 

2019an, ia 30 urtez isilik egon ostean, taldekide izandako Iñigo Muguruza zena omentzeko kontzertu bat egin zuten beste zenbait talderekin batera, eta hura izan zen eszenatokietara itzultzeko behar zuten bultzada. 2022an, itzuleraren osteko lehen albuma kaleratu zuen Delirium Tremensek, Hordago, zortzi abesti berriz osatua. Orain, taldearen azken diskoa aurkezten ari dira, ...ta nora? izenekoa. 

Album bat izateaz gain, agur bira ere izango da ...ta nora?. 2025eko urtarrilean hasiko da, eta espero dute azaroan behin betiko agur esatea. «Amaierek pena sortzen dute», esan du Basterretxeak; hortaz, «epe bat hartzea» pentsatu zuten, amaiera bira bat egitea eta ikusleen aurpegiak beste behin ikustea, «gozagarria izaten baita jendea gustura ikustea jotzen duzun bitartean», aitortu du.

«Gozagarria izaten da jendea gustura ikustea jotzen duzun bitartean»

ANDONI BASTERRETXEADelirium Tremens taldeko ahotsa eta gitarra

Bira hasteko nahikoa behintzat badute. Urtarriletik martxora bitartean, jada sei kontzertu dauzkate programatuta: Azpeitian, Bilbon, Oñatin, Gasteizen, Donostian eta Atarrabian joko dute. «Bira amaitzen dugunean, ia lau urte izango dira eszenatoki gainean berriro ere disfrutatzen hasi ginela», esan du Juan Iurritak, bateria jotzaileak. «Ziklo ona izan dela uste dugu, eta merezi duen moduan amaitu nahi dugu», gehitu du. 

‘...ta nora?’ 

Duela hilabete, ...ta nora? diskoaren zati bat atera zuten argitara, lan osoaren erakusgarri. Hain zuzen ere, Kafe usain hura abestia aurkeztu zuten, Aiora Renteriarekin batera grabatutakoa. Abestia, gainera, bideoklip baten barruan sartu du Joseba Ponce zinemagileak, adimen artifizialaren laguntzaz. 

Abesti horrez gain, beste zazpi bildu dituzte diskoan. Horietatik sei berriak dira, eta beste bi, taldearen bi klasikoren bertsioak: Batzuetan eta Sua. Aitortu dute 1985ean Zarrapo taldearekin erdi bana grabatutako lehenengo diskoarekin ez zirela «batere gustura» geratu, eta oraingoan gogoa zutela bi abesti horiek «behar den bezala» grabatuta edukitzeko. 

Disko berria laukote gisa grabatu dute. Andoni Basterretxearen ahotsa eta gitarrak, Juan Iurritaren bateriak eta Mikel Kazalisen baxuak osatutako hirukoteari Haritz Harregiren gitarra batu zitzaion 2022an, Hordago albuma grabatzen ari zirela. Harregiren estudioan ekoizpen lanak egin bitartean, hura taldean integratzea erabaki zuten, eta diskoaren erdia harekin grabatu zuten. Orain, disko berrian, gitarra gisa kolaboratu du, bai eta Dalila abestia idatzi ere. 

Bi aro nagusi

Talde iheskorra izan da Delirium Tremens. Mutrikun sortu zuten, 1980ko hamarkadan, eta, aktibo izan ziren urteetan, hiru disko grabatu zituzten: Ikusi eta Ikasi (Oihuka, 1989), Hiru aeroplano (Oihuka, 1990), eta Bilbo zuzenean 91-5-24 (Esan Ozenki, 1991). Azken hori taldearen lehen aroa amaitzeko egindako azken kontzertuaren grabaketa da, 1991koa. Orduan esan zuten agur lehen aldiz, eta ia 30 urtez egon ziren isilik.

2019an, taldekide izandako bati, hau da, Iñigo Muguruza zenari omenaldia egiteko, harekin lan egindako taldeak Bilboko Kafe Antzokian bildu ziren, eta horrek piztu egin zuen Delirium Tremens. «Bagenekien bueltatzen baginen ez ginela abesti zaharrak jotzeko bakarrik bueltatuko», adierazi du Iurritak. Eta hitza bete dute. Azken etapa horrek, 2025ean bigarrenez agur esaten dutenean, lehenaren antzeko ondarea utziko du: zuzeneko musikaz betetako ia lau urte eta bi album, Hordago eta ...ta nora?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.