Delirium Tremens, orain

Hiru hamarkadaren ostean disko bat kaleratu du Delirium Tremens taldeak, zortzi kanta berrirekin: 'Hordago'. Hilaren 28an dute aurkezpen kontzertua, BECen

Andoni Basterretxeak, Juantxo Iurritak eta Patxi Irisarrik osatutako jatorrizko hirukoteari Haritz Harregi batu zaio orain. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ikusi eta ikasi 1989an, Hiru aeroplano 1990ean. Urte bakar bateko tartearekin kaleratu zituen Delirium Tremens taldeak bere estudioko lehen bi lan luzeak, eta 32 urteko etenaldiaren ostean heldu da orain hirugarrena: Hordago (Mauka). Berez, 1991n eman zuten amaitutzat ibilbidea, baina taldekide izan zuten Iñigo Muguruzaren heriotzaren harira Bilbon antolatutako omenaldi kontzertuan elkartu ziren berriz, duela bi urte, eta lokalean sartuta egon dira geroztik. Andoni Basterretxea abeslari eta gitarra jotzaileak azaldu duenez, itzultzekotan argi zuten material berriarekin itzuli nahi zutela: «Hasi ginen lanean, kantak konposatu, ordu pila bat sartu, ondo pasatu, gaizki pasatu, denetarik pasatu, eta emaitza hemen dago». Euskal Herriko rockaren klasiko baten zortzi abesti berri, guztira.

«Nik oso presentean ikusten ditut». Hasi du Delirium Tremens taldeari buruzko azalpena Haritz Harregi soinu teknikari eta gitarra jotzaileak, «aurrera tiratzeko gogo handiarekin daude». Eta ia esaldia bukatzerako heldu da Basterretxearen zuzenketa: «Gaude». Barre batzuk, eta baietz Harregik ere, arrazoi duela: «Gaude. Gogo handiarekin gaude».

Izan ere, Harregiren estudioan grabatu du taldeak diskoa, eta taldearen parte bihurturik amaitu ditu lanak. Hirukote modura grabatu zituzten lehen bi kantak Basterretxeak, Patxi Irisarrik eta Juantxo Iurritak, baina, teknikariarekin izandako harremanak eta haren ekarpenek bultzatuta, taldera batzeko proposamena egin zioten Delirium Tremensekoek Harregiri, eta hark berehala onartu zuen.

Taldearen nortasuna errespetatzea eta, aldi berean, egungo soinura ekartzea izan da Harregiren erronka estudioan. «Guk gaztetan pila bat entzun genuen Delirium Tremens, eta saiatu nintzen haien nortasuna mantentzen, geruza gutxi mantentzen, eta garai hartan zuten bat-batekotasunari eusten». Gitarra bakarra grabatzea zuen taldeak buruan hasieran, baina, Basterretxeak onartu duenez, trabatu egin zitzaien kantak sortzeko prozesua, eta orduan eskatu zioten laguntza Harregiri. Eta emaitzarekin pozik taldekoak. «Urte askoan jo gabe egon gara, eta Haritzen ekarpena eta laguntza oso potenteak izan dira», adierazi du Iurritak.

Taldearen nortasun ikurrak

Diskoko hiru single kaleratu dituzte orain arte, bakoitza bere bideokliparekin. Hordago izan zen lehena, diskoa zabaltzen duen Hola tio bigarrena, eta Aio! izan da orain azkena. Hiruretan igar daiteke Delirium Tremens taldearen betiko nortasun ikur diren gitarra, ahots eta oinarri erritmikoak, baina hiruretan sumatzen da, halaber, Harregiren eskua ere, hala soinuan, nola gitarraren konponketa batzuetan.

Basterretxeak azaldu du hitzetan diskoak bi ildo nagusi dituela. Alde batetik, badaude «errazak» diren batzuk, eta badaude beste batzuk «pilotari ematekoak». Esate baterako, abeslariak lehen multzoan sartu du Hola tio, zeinak aspaldi elkar ikusi gabeak diren bi lagunen arteko elkarrizketa kontatzen baitu. Eta bigarren multzoan sartu ditu migratzaile baten larrutik kantatutako Banoa, eta animo faltarekin igarotako aldiei idatzitako Urpean. Hitzak idaztean blokeo bat izan zuela ere aitortu du abeslariak, eta Jon Maia bertsolari eta letragilearekin elkarlanean moldatu dituela azkenean.

Sorpresazko kontzertuak

Maiatzaren 28an dute itzulera kontzertu handia, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), eta salduak dituzte sarrera guztien bi herenak. Des-kontrol eta McOnak taldeekin arituko dira han zuzenean, eta emanaldi hori bereziki zaintzeko asmoa dutela iragarri dute. Onartu dutenez, ordea, aurrez ere, «erdi ezkutuan», kontzertu txikiago batzuk ere emango dituzte, abisu handirik gabe, prestatuz joateko. Arantzan (Nafarroa) eman zuten lehena, adibidez, Aterpe ostatuan, aurreko asteburuan bertan, eta gustura aritu zirela diote. Eta, hain zuzen, emanaldi horretako irudiak jasotzen ditu taldearen azken bideoklipak: Aio!.

Ondarroan (Bizkaia) emango dute mota horretako hurrengo kontzertua, hilaren 14an. Baina ez dute sarrerarik salduko, eta gonbidapen bidez soilik sartu ahalko da jendea. Iragarri dutenez, ordea, bi lagunentzako ehun sarrera banatuko dituzte zozketa bidez, eta beren sare sozialetan egongo da izena emateko aukera. Beste hiru emanaldi ere badituzte jadanik lotuta, eta gehiago eskaintzeko atea irekia dute. Azkena Rock jaialdian arituko dira datorren ekainaren 17an, EHZ festibalean uztailaren lehenean, eta Hatortxu Rocken ere bai, uztailaren 30ean. Basterretxea: «Sekulako gogoa dugu martxan hasteko, horrenbeste entseguren ondoren».

Hasieran «bertigoa» sentitu zutela onartu dute taldekoek, baina, abeslariak dioenez, entseguz entsegu, hasiak dira hori gainditzen, eta pozik daude zuzenekoetarako lortzen ari diren soinuarekin. «Gutxienez, utzi genuenean bezala bueltatu nahi dugu; jendeak entzutea eta esatea: 'A ze soinu potentea'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.